Abokatua

Bakea eta bizikidetza nahierara

2024ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun

1964an, Manuel Fraga Informazio eta Turismoko ministroa zelarik, erregimen frankistak kanpaina handia sustatu zuen 25 años de Paz goiburuarekin. Xedea, Buruzagiak 1939az geroztik, gerra bukatuta, gauzatutako lan politiko eta sozial oparoa laudatzea. Bake horren barnean, pakete berean, denboraldi hartan gauzatutako errepresio frankista sartzen zen (fusilamenduak, desagertzeak, lan esklaboa, espetxeratzeak, torturak, erbesteratzeak, askatasunen ezabatzea, bizi baldintzen okerragotze basatia...), hura jotzen baitzuten beharrezko eta ezinbertzekotzat Espainia errepublikanoak utzitako tumoreak errotik ateratzeko.

Kanpaina aurretik, Asturiasko 1962ko greben errepresio bortitza eta, 1963an, Francisco Granado eta Joaquin Delgado anarkisten eta Julian Grimau komunistaren fusilamenduak gertatu ziren. Modu horretan, erregimenak jarraitzen zuen politika diktatorial eta kriminala berresten, harendako bakea ordena publikoaren sinonimo hutsa baitzen, hots, fabrikak, unibertsitateak eta karrikak geldirik egotea, eta kito. Giza eskubideak errespetatzeak eta askatasun demokratikoak gauzatzeak bere bakea, kanposantuetako eta nazionalkatolizismo  garratzaren bakea, asaldatzen zuten.

Begi bistakoa da gaurko egoera ez daitekeela alderatu frankismopean bizi izandakoarekin (bizitu genuenok badakigu hura zertan izan zen), baina, orobat, egia da, azken urteotan, eskubide eta askatasunei dagokienez, suertatutako bilakaera gero eta kezkagarriagoa dela: terrorismoaren aurkako legeria, zigor kodea gogortzea, espetxeetako politika, Sekretu Ofizialen legea, Mozal legea, Alderdien legea, krimen frankistendako inpunitatea, torturaren ohiko jarduna...

Berriro ere, gero eta gehiago, bakea ordena publikoaren sinonimoa izatera itzultzen ari da, segurtasun politikan eta kriminalizatze sozialaren politikan oinarrituta: Tubacexeko grebalarien aurkako errepresioa, Ernaiko 133 gazteri ezarritako isunak, Zaragozako seiendako espetxe zigorrak, Auzitegi Gorenaren epaiak, non eskubide demokratiko bat erabiltzea, proces katalanean gauzatutako erreferendumean botoa ematea kasurako, sediziotzat eta estatu kolpetzat jo zuten... Eta, bitartean, 1960tik 2014ra, Euskal Herrian, Poliziak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak gauzatutako 5.000tik goiti tortura kasuk, egiaztaturik daudenek, segitzen dute epaileen arreta sorrarazi gabe.

Espainiako Errege-Akademiaren (RAE) hiztegiak honela definitzen du elkarrekin bizi aditza: norbaitekin edo norbaitzuekin bizitzea. Horrela, bizikidetza forma pasibo eta objektiboan ulertzen da (bizikide izan = norbaitekin bizi), zehaztasun handirik egin gabe horri dagokionez. Bertze aldetik, aditz horren antonimo ofizialak honakoak dira: elkarrengandik aldendu, ados ez egon, bat ez etorri. Hau da, irudi du elkarrengandik aldentzea, ados ez egotea eta bat ez etortzea bizikidetzaren beraren aurkako elementuak direla, eta bizikidetzak pentsamendu bakar baten berrestearekin zerikusia duela. RAEk bakarrik al du ikusmolde hori edo geure gobernuek ere partekatzen al dute?

Bertze alde batetik, bizikidetza integrala ez denean eta, are, ezarria denean eta ez adostua, balio positiboa izateari uzten dio, aurkari bihurtzeko. Gauzak horrela, duela aste gutxi, Gasteizko Udalak (EAJ, PSE eta PP) hiriko urrezko domina Terrorismoaren Biktimen Memorialari ematea erabaki zuenean, Memoria Osoa ekimenak (memoriaren aldeko hamabost euskal elkartek osatua, haien artean Martxoak 3 elkarteak) adierazi zuen bazterketa saritzeak ez duela deusetan bizikidetza laguntzen.

Horrekin aipatzen zuten Memorialaren izaera baztertzailea, hark, zehaztasun osoz, biltzen baititu terrorismo abertzalea, eskuin muturreko terrorismoa, ezker muturrekoa, islamiko fundamentalista... baina ez du inolako aipurik egiten estatu terrorismoaz, hura existitu izan ez balitz bezala. Hala, GAL, martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia, Poliziak Euskal Herrian Amnistiaren aldeko II. astean eragindako zazpi hildako, 1978ko sanferminetan eraildakoak, eta arestian aipatutako 5.000tik goiti tortura kasuak eskuin muturrekoaren estremismoari egotzitako errealitateak dira, edo, herritarren segurtasunaren defentsa zilegiaren testuinguruan, poliziaren ustekabeko akats edo gehiegikeriei leporatutako errealitateak, ez badira ETAk atxilotzeetarako egindako argibide liburutik sorrarazitako gezur kirasdunak.

Ezarritako bizikidetza alderdi aunitzeko poliedroa da, maila konstituzionalean adierazten dena (burujabetza bakarra, Espainiako batasun bereizezin eta hautsezina, Elizaren pribilegioak, errege-immunitatea...), bai eta bertze esparru sozial aunitzetan ere. Hala, euskaldunen hizkuntza eskubideak aldarrikatzea bizikidetzaren kontrako erasotzat hartzen da, eremu eta toki guztietan, ofizialki errekonozitutako hizkuntza bakarra gaztelania dela atzendurik. Gauza bera gertatzen da feminismoaren aldarrikapenekin, sexuen arteko bizikidetza baketsuaren aurkako atentatutzat jotako eskakizunak (eta ez bakarrik Voxen aldetik), zapalkuntza patriarkalaren egiturazko izaera eta eremu guztietan sorrarazten duen bereizkeria sozial orokortuaren egoera ahazturik.

Opor eta jaietako asteotan, halaber, ari gara ikusten zenbait eremu instituzionaletatik sustatutako jardunak, bizikidetza esparruak estutu gogo dituztenak eta politikoki egokitzat jotako esparrutik aldentzen diren jarduera ezberdin eta alternatiboak baztertu nahi dituztenak. Txosnek bestetan duten eginkizunaz ari naiz (Gasteiz, Lizarra...), gazteen artean esparru nagusia baita eta orain udalaren programa ofizial zurrunaren eta suertatzen den Ogasun diputatu edo Kultur zinegotziek izaten dituen ateraldien menpe paratu nahi dutena. Zeren eta, izan, badira!

Errandakoa, ezarritako bizikidetza ezberdinarekin izan beharreko tolerantzia eta errespetuzko gutxieneko eskakizunaren aurka indarrez janarazi nahi digutena da, ez bertzerik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.