Legegintzaldia bukatzeko zorian dagoenean une egokia izan daiteke bake kontuetan herri-ikuspegiz proposamenak egiteko. Zein urrats egin beharko genuke motibazio politikoaren ondorioz bizi izan dugun indarkeria-aldia behar bezala gainditzen joateko? Proposamena badut, sinple samarra: bake-lege bat onartu Euskadiko esparruan.
Abiapuntua. Euskadiko Autonomia Erkidegoan azken hamarkadatan biktimen politikak ETAren terrorismoari aurre egiteko estrategiatik bideratuak izan dira. Sinbolikoki Espainiako Estatuak egin zuen lehenengo legea, biktimen legea, 1999an onartu zen. Euskadiko legediak, funtsean, Espainiakoaren ildotik jarraitu zuen, ziurrenik maila politiko eta mediatikoan eragiten zen presio itzelaren ondorioz. Eta presioz ari naiz, izan ere aipatu legeek funtsean ETAren biktimak besterik ez baitzituen kontuan hartzen. Horrela bai Espainian, baina baita Euskadin ere ETAren biktimak diskurtso bakar baten moldetik pasaraziak izan ziren, biktimei zor zitzaiena emateaz aparte, alderdikerian oinarriturik, euskal abertzaletasunaren aurka jotzen zen bitartean. Biktimen politikak, labur esanda, giza-eskubideen diskurtsoa monopolizatu eta zanpatu egin zuen, «beste» biktimen errealitatea ukatu eta baztertzearekin batera.
ETAren behin betiko armak uztea. Berez doa biktimen politikak asimetrikoak, diskriminatzaileak eta, eduki batzuen kasuetan, neurriz kanpokoak izan arren, ez zegoela modurik haiei politikoki aurre egiteko, ETAk hiltzen jarraitzen zuen neurrian. Odolak eta izuak eztabaida publikoa eta gizalegezkoa —giza eskubideena ere barne— lurperatzen zuten eta Ezker Abertzaleak, bere aldetik, giza eskubide batzuk, eta ez beste batzuenak, erreibindikatzean, ez zegoen aurrera egiterik. Baina ETA gelditu da eta, antza denez, betiko.
Etorkizuna: bake-legerantz. Armak isilik, giza eskubideen diskurtsoa berregin beharra dago. Berregin diot, zeren eta giza eskubideen diskurtsoa soberan erabili baita «alde batekokeriaren» menpean. Inor gutxik defendatu du «denon giza eskubideak denontzat» diskurtsoz eta ekinez, ahoz eta zinez. Bada, orain, beraz, garaia giza eskubideen ondarea denona bihurtzeko. Eta horretarako Euskadiko Bake-Legea tresna egokia izan daiteke.
Bake-legeak terrorismoaren gaineko arauketa barne hartu behar du. Alegia, ETAren biktimen politika hor ezarri, jada indarrean dugun 2008ko Euskadiko Terrorismo Legea hortara ekarriz. Baina horren ondoan, ETArenak ez diren terrorismoa ere arautu beharko da: bake-legean bertan. Horiei dagokienez, lehenik eta behin, egia-politikak eta neurriak arautu beharko dira, zer gertatu zen jakin ahal izateko.
Terrorismoa ez ezik, Estatu aldetiko beste giza eskubideen urraketak ere Bake-legean arautu beharko lirateke: hau da, kalean, istiluetan, manifestazioetan, atxiloketa-tokietan, espetxeetan eta abarretan egindako abusuak eta torturak, polizien jardunean hildako eta zauritutakoak. Horiek guztiek Bake-legean badute leku: lekua behar dute. Hemen, ETArena ez den terrorismoaren kasuan bezalaxe, egia-politikak eta egitarauak dira lehentasuna, zer gertatu den argitzeko.
Bake-legean oroimen historikoaren izenez ezagutzen denak egon behar du. Espainiako Estatuak oroimen historikoaren legea onartu arren, bere edukian eskasiak dira nagusi. Guda zibilaz geroztik izandako giza eskubideen urraketa larriak ezin dira gure baketik at mantendu: Euskal Bake-legera ekarri behar ditugu.
Geure oroimen historikoaren euskal legea behar dugu, bake-legearen baitan.
ETAren terrorismoa, Estatuaren terrorismo eta bestelako giza eskubideen urraketak, Guda zibilaz geroztik izandakoak, denak, lege-euritako berberean, bake-legean, egotea da proposamena. Ez terrorismo-lege bat, hemendik; «beste biktimen» dekretu bat edo bi, hortik; eta oroimen historikoaren inguruko neurri batzuk, handik. Denak, motibazio politikoa duten giza-eskubideen urraketa larriak diren neurrian, estandar berberen arabera tratatua behar du izan: alegia, asimetriarik gabe; politikakeriarik gabe; diskriminazioarik gabe. Beste hitzetan: behingoz gure zauriak, denak, serio hartzen, serio zaintzen, mailarik gabe, herri-ikuspegiz, sufritu duenaren kolore politikoa kontuan hartu gabe. Eta dena kontakizun publiko orekatu baten oinarri sendoak ezartzekotan.
Horretarako, bake-legean bertan Giza Eskubideen Institutu bat sortu beharra dago (aurreko legegintzaldian zintzilik geratu zena) eta horri enkargua eman, legean bertan ezartzen diren politikak aurrera eramateko. Hori bai, Institutu hori independentea izan dadila, legez ezarrita eta gobernuak finantzaturik baina aske jarduteko orduan nazioarte mailan Pariseko Printzipioek ezartzen dutenaren arabera.
Bake-legeak, laburbildurik, giza eskubideen urraketak arautu ez ezik, horien gaineko politikak nork eraman behar dituen aurrera ere ezarrita utziko luke, politika hauek joko politiko motzaren atzaparretatik ateratzeko. Institutuak biktimentzat zerbitzu pertsonalak (osasun-, lan-, eta abarreko esparrukoak, kalte-ordainak, hurbiltasun instituzionala...) kudeatuko lituzke; elkarteentzat sustapen-politika ere bai; baita ere maila kolektibo-sinbolikoan aurrera eraman beharreko politikak (aitorpenak, omenaldiak, oroitarriak, gomuta-lekuak, oroitzeko ekitaldiak…) iraganean gertatu denaren gaineko «kontakizun» kritiko eta eraikitzailea sortzeari begira. Kontakizun kritikoa, sendagarria ez errepikatzeko neurriaren moldez. Hortan, Institutua giza eskubideen hezkuntza diseinatu eta egitara eramateko tresna egokia izan liteke, legegintzaldiz legegintzaldi ildo koherente eta epe luzekoa egon dadin.
Bake-legea hurrengo legegintzaldian egingarria da! Eta horren lau urteak nahiko izan daitezke herri-hitzarmena gaiotan lortzeko. Legea Bake-plan baten ostean etor daiteke, Legebiltzarreko lantaldez osaturik. Baina estrategia gorabehera, legerantz zuzendu behar da hasieratik ekimena. Legea: herritik herriarentzat; herriaren mesederako; biktimen bermea; lokarriak askatzekoa; bakegile; justizia sustatzaile; etorkizun hobe eta askearen hazia. Halako bake-legea bultzatu eta onartzeko lan egingo lukeena bai lidergo hitzaren baitan kabitzekoa!
Bake-legea: proposamen bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu