Bake bidean, preso eta iheslariak etxera

2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Berriki, Madrilgo Entzutegi Nazionalak urte beteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa ezarri dit preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeagatik, eta zuekin konpartitu nahiko nuke gogoeta hau.

Luzeegia egiten ari zaigun gatazka politikoa bizi dugu gure Herrian, bi estaturen ukazio eta asimilazio saiotik eratorritako gatazka politikoa. Euskal herritarrok Herri gisa gure etorkizunaz hitza eta erabakia izan arte bizirik egongo den gatazka politikoa da; egun, gutxik ezezta dezaketen baieztapena da honako hau. Gatazka honetako ondorioen zerrenda amaigabea da, eta badira askatasun ezak dakarren zama astuna bizi duten ehundaka herrikide.

Euskal preso eta iheslari politikoen kolektiboak dira gaur egun gatazka politiko honen adierazlerik argiena. Beraiek, errepresaliatu bakoitzak eta Kolektiboek beraien osotasunean, ikusarazten digute Euskal Herriaren aurkako zapalkuntza eta mendeku errukigabea. Preso, iheslari eta deportatuen senideen testingantzek ere, milaka aldiz entzundako hitz grisak erakutsi dizkigute; errepresioa, atxiloa, tortura, epaiketa, deserria, deportazioa, iheslaria, sasia, kartzela, presoa, sakabanaketa, isolamendua, doktrina, gaixotasuna... belaunaldiz belaunaldi loturiko hitz-kate amaigabean.

Baina ondoan, umiltasun eta herrikideekiko maitasunez trentzaturiko koloretako elkartasun sarea arilkatu du Euskal Herriak: gutuna, argazkia, ate irekia, besarkada, gabonetako saskia, bisita, borroka, autobusa, musua, konpromisoa, spraya, afaria, egunkaria, zozketa, kamiseta, begirada, manifa, solidarioa, kontzertua, kanpaldia, giraldilla, bizikleta martxa, lipdub-a, irria,... milaka euskaldunek astero, urtez urte landuriko samurtasun geldiezina. Elkartasunez beteriko keinuak. Eta mimoak!

Nahikoa da! Kartzelak hustutzeko garaia da! Betidanik baketsua izan den herri honen unea heldu da! Bake iraunkor eta justu baterako bidean, euskal herritar oro bere Herrian aske izan eta kartzelara edo deserrira eraman zituzten arrazoien konponbidea lortu behar dugu. Beraz, amnistia, gatazka politiko honen erroetara joan eta preso zein iheslari gabeko Euskal Herrian, erabakitze eskubidearen inguruko eztabaidaren korapiloa askatzea hil ala bizikoa bihurtu da.

Giza eskubideen errespetutik (preso gaixoak kalera, isolamenduaren bukaera), mendekuan oinarritutako salbuespen legediaren derogaziora (bizi arteko zigorrik ez, sakabanaketarik ez), euskal herritar gisa dagozkien eskubide ororen jabe, etxean behar ditugu guztion parte hartzea erabakigarria izango delako, eta, horrenbestez, Estatuek ere badakite gatazka politikoaren konponbiderako euskal preso, deportatu eta iheslari politikoen etxeratzea ezinbestekoa dela.

Ez dugu aske izaterik haiek gabe, eta Hollandek zein Rajoyk, gure askatasun egarriaren beldurrez, ehundaka euskal herritarren bahitzaile gisa dihardute, gatazkaren ondorioei buruzko edozein elkarrizketari uko eginez. Berriz ere, elkartasuna eta salaketa biderkatzeko tenorean aurkitzen gara.

Euskal Herriak askotan erakutsi du sufritzen duten bere seme-alabenganako maitasuna eta elkartasuna adierazten, eta sinetsita nago bizi dugun momentu politiko historiko honetan ere, arlo zein eragileen arteko indarrak biderkatuz, elkartasun sarea zabalduz, preso bakoitza gure herri eta auzoetako bizitzako parte izaten lagunduz, imajinazioz, Estatuen teilatuan behin eta berriro pelotak jaurtiz, salaketarako ekimen parte hartzaile eta dinamikoak sustatuz, kartzelak hustearen aldeko borrokan Herrira bultzatuz lortuko dugula preso eta iheslari politiko guztiak Herriratzea. Bilboko Txori Barrote konpartsak dion bezala, eraiki dezagun elkartasunaren unibertsoa!

Musu bat sasi eta barrote tartera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.