Baionako irakaspenak

2012ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Pasa den abenduaren 15ean Baionako Bake Foroan bizi izandakoa eta handik ateratako irakaspenak partekatzea da idatzi honen helburu xumea. Baionan izan ginen, ez izate hutsagatik. Ondo genekien han batu ginen 400 pertsonok (herritar zein eragileetako ordezkari) ez gindoazela protokolo festa batera. Aieten marraztutako bidea nola gorpuzten hasi den egiaztatzera joan ginen. Euskal Herrian gatazkaren eraldaketa prozesu batetik benetako bake prozesua abiatzera jauzi egiteko unean gaudela ikustera. Eta, batez ere, behin betiko bake eta demokrazia egoera erdiesteko bidean hurrengo hilabeteetan izan ditzakegun oztopoez eta erronkez eztabaidatzera joan ginen. Entzun eta hitz egin, nazioarteko konponbide esperientziak ezagutu, ideia komunak zehaztu, desberdinen arteko borondateak gehitu... Horrek guztiak hartu zuen gorputza Bake Bidea ekimenak bikain antolatutako foroan.

Ez, ez zen inolaz ere hutsala izan Baionakoa. Ipar Euskal Herrian piztu da lehen itsasargia bake prozesuari bide integrala emateko. Bide erakusle da azken urtebetean han marraztu duten paradigma berria: arku politiko osoa, EH Bai osatzen duten indar abertzaleetatik hasi eta UMPraino, gatazka politikoaren ondorioei zein arrazoi politikoei elkarrizketaren bidez konponbideak bilatu eta adosteko prest. Max Brissonek, Miarritzeko alkateorde eta Kontseilu Nagusian UMPren ordezkari denak hitzez hitz esan zuen: «Hemen, Euskal Herrian kultura jakobinoa bukatu da; eta estatu aparatuek ez dute hori ulertzen oraino, baina hemen paradigma aldatu da».

Horrelakoak entzunda, eta batik bat mahai beraren inguruan adosteko gai ikusita, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza politiko osoa, inbidia eta etsipena nahastu zitzaizkidan une batez. Lekutan gaude Hego Euskal Herrian argazki horretatik!... «Baina egoera hau hemen gaur biziko genuenik ez genuen ametsetan ere irudikatuko duela urte eta erdi», izan ziren aldamenean nuen lapurtar baten hitz pizgarriak. Horrela da, bai, ezer ere ez baita berdin, nahiz eta «estatuen autismoak» (Frederic Espagnac PSFko senatariaren hitzak!) bestelako etsipen eta blokeo sentsazioa hedatu nahi izan.

«Oso zaila egiten zait ulertzea nola Espainiako estatua tematzen den, urtebete geroago ere, gatazkaren ukazio politikoan», zioen Brian Currin abokatuak Baionan. «Pragmatismo anglosaxoitik Espainiaren ukoa eta Frantziaren segidismoa ulergaitzak» zirela gehitu zuen Ray Kendallek. Nonbait egoskorkerian eta itsukeria politikoan «marka» propio eta esklusiboa du Espainiak. Nazioarteko ordezkari horiek gogoratu zuten Ipar Irlandaren kasuan britainiar gobernua ere hasierako unean konponbide prozesuaren aurka zegoela; eta modu berean kokatu zela lehen unean Hego Afrikako apartheid erregimena ere. Bien kasuan, denbora faktorea eta gizartea bake prozesuaren alde «behetik gora eta modu askotara» inplikatu izana izan zen estatuen jarreraren aldaketa-eragile. «Jendartearen ekimenek eta ezberdinen arteko borondatearen baturak eramaten ditu eragile politikoak eta azkenean estatuak ere erantzunak eman behar izatera», zioen Ray Kendallek.

Beraz, horixe izan zen Baionako Bake Forotik ateratako ondorio nagusietako bat: «ez etsi eta ez geratu estatuei itxaroten». Estatuen parte hartzerik gabe aurreratu daitezkeen pausoak egin beharraz mintzatu ziren nazioarteko ordezkari guztiak. Preso eta iheslarien gaiaren konponbideaz, biktima guztien aitortzaz, elkarbizitzarako oinarriak finkatzeaz, eta gatazkaren oinarrian dauden gako politikoez (nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea) «ekimena hartzea» izan zen ideia nagusia: «ekimen multilaterala, eragile politikoena, sozialena, sindikalena, instituzio guztiena, eta, batik bat, herritarrena».

Bakegintzak, beraz, guztion inplikazioa eta konpromisoa eskatzen du. Enpatia eta elkarrizketa ariketak, forma orotan. Bakegintzak ez du ametitzen alderdikeriarik, ez esklusibitaterik. Bakegintza garrantzitsuegia da instituzioetako horma barruan soilik eztabaidatu eta eraikitzeko. Euskal Herri osoko jendarteak ehundu beharreko sare trinko bezain malgua, bake eta soluzio demokratikoen aldekoa. Horra hor Baionan entzun eta ikasitakoetatik ideia nagusi batzuk.

Jendartea bakegintzaren erdigunean ipintzeko orduan mundu zabalean egondako hainbat esperientzia interesgarriren berri eman zen Bake Foroan: Ipar Irlandan herriz herri desberdinen artean egindako elkarrizketa esperientziak edo «mini-bake prozesuak»; egia osoa (egia desberdinez osatua) kontatzeko ariketa Hego Afrikan; Asiako hainbat lekutan gatazkek kaltetutako emakumeen artean eraikitako sareak... «Herri bakoitzak bere soluzio propioak aurkitu behar ditu», hala ere, behin eta berriro esan zitzaigunez. «Soluzio horien oinarrian beti egon beharko dira gardentasuna, iritzi aniztasunarekiko errespetua, eta inklusibitate politikoa».

Gaur bertatik egin daitezkeenak dira guztiak, etorkizun demokratiko, justu, baketsua uzteko oinordetzan gure hurrengoei. Iragana ahaztu gabe: «iraganaz hitz egin behar da, eta elkarrekiko konfiantza oinarriak eraiki», zioen Berghof Fundazioko Hans Joaquim Giessmanek; «adiskidetzea oso kontzeptu pribatua baita, eta ezin da behartu».

Badugu zeregina, beraz, eta erantzukizuna, herritar modura zein eragile modura, konpromisotik eta umiltasunetik, gure jarrerak, diskurtsoak eta ekintzak Euskal Herriaren aro politiko eta sozial berria eraiki eta sendotzera bideratzeko. Ez dadin irabazle eta galtzailerik egon, baizik eta denok denontzat irabazitako bakea, maiuskulaz.

Nelson Mandelaren aipu batekin bukatzen dut hausnarketatxoa: «Denak dirudi ezinezkoa egiten den arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.