Baina… Zergatik da Nafarroa estatu arazoa?

2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Sainete nafarraren azken kapituluak agerian utzi du erakunde foralen ustelkeria eta ezohiko adierazpen eta imintzio uholdea eragin du. Zurikeria eta lotsagabekeriaren maisu izandako haren «¡Que te pego, leche!» esaera sonatua oroimenera datorkio bati. Argazkirako muntaia. Baina ez da neurri seriorik hartu oraindik. Eta ez da hartuko ere.

Nolanahi ere, eszena gogorra izan da: Idoia Nievesek Goicoechea presidente ordearen aurka egindako salaketek trumoien kutxa zabaldu dute. Zentsura mozio bat aurkeztearen mehatxuak, eta horren ondotik etorriko litzatekeen hauteskunde aurrerapenak eta gobernuko aulkiak aldatzeko arriskuak, bere onetik atera ditu espainiar agintariak, eta PSNko aparatuari esku balazta jarri diote berehala.

Litekeena da gobernu hispaniarrak Nafarroan ezegonkortasun egoera bat saihestu nahi izatea kosta ahala kosta, Katalunian gertatzen ari denari zeharka so ari zaiola. Penintsula iparraldean bazterrak nahastea besterik ez zaio falta, kontuzko gai honekin gainera. Gai estrategikoa. Nafarroaren afera.

Kasu, ez dugu guk esaten; ez da momentuko tentsioa artifizio melodramatikoz areagotzeko asmatu dugun esaera hotsandikoa. Gobernu espainiarreko bozeramaileek berek esan dute, beren alderdietan diziplina ezartzeko. Ez dadila inor mugitu, txalupa arriskuan dago eta.

Baina arduratzen nauena zera da: Nafarroako aferaren garrantzia estrategikoa agerian geratu da, baina inork ez du ezer garbirik ondorioztatu. Nafarroa estatu arazoa dela dioten editorial mamitsuak irakurri ditugu, baina ministroen adierazpenei soilik egiten diete aipamen. Garrantzitsua dirudien urrutiko trumoiaren oihartzuna bailiran. Baina gaiari irmoki heldu gabe. Ustel usaina hartzen dugu nonbait, baina zeri darion ezin asmatu gabiltza.

Afera, ordea, ez da horren zaila edo misteriotsua. Arazoa hortaz agerian dauden ondorioak atera nahi ez izatea litzateke. Nafarroa aspaldiko garaietatik da Estatu arazoa. Fernando faltsutzaileak 1512an Nafarroa okupatu zuenetik, alegia. Bere helburua monarkia frantsesa isolatzea zen, eta horren ondorio dira Nafarroaren konkista eta italiar penintsulako gatazkak.

Baina dimentsio «estrategiko» hori berriz ageri zaigu gerra karlisten porrotaren ondoren, Estatua eta euskal gizartearen arteko gatazka Sabino Aranaren eskutik independentziaren aldeko borroka gisa definitzen denean. Agitazio «bizkaitarra», «Hirurak bat» eta abar eskualdeko apaindurak besterik ez dira. Baina aldarrikapen nazionala Nafarroa ardatz hartuta eraikitzea Estatu arazo bihurtzen du gatazka. Nafarroa erresuma bat izan delako atzora arte, Estatu subirano bat, eta bere aldarrikapenek beste dimentsio bat dute: menderatutako biztanleria, lurraldetasuna, kultura propioa, historia, nazioartearen onarpena, memoria, erakundeak… Ez Bizkaiak eta ez Euzkadik betetzen ez duten Estatu profila, alegia.

Gobernuko presidenteorde den Soraya Saenz de Santamaríak krisi honen aurrean espainiar Gobernuak politika antiterrorista «garbia» eta «Estatukoa» mantenduko duela esateak ez liguke ustekabean harrapatu behar; edo barne ministroak hitz horiek berrestea. Harritzen nauena, ordea, beste «aldeak», gure herriko indarrek, Sabino Aranaren doktrinen oinordeko diren alderdiek, ez jakinarena egitea da. Ez dute ezer ulertzen. Gure egunerokotasunean, Rajoyren gobernuak Estatu arazo gisa definitu dituen gatazka hauek bigarren mailan kokatzen dituzte. Guretzat Nafarroak, Espainiarentzat Kantabria, Extremadura edo Murtziak duten garrantzia balu bezala.

Ez dago «Bizkaia Estatu arazoa» dela dioen esaerarik. Ezta Gipuzkoa ere, hain «bildutarra» eta independentista izaki. Nafarroa da Estatu arazoa. Batzuentzat eta besteentzat.

Gure aldarrikapen nazionalak bizi dugun garaietara egokitu behar du. Bakea eta demokraziaren aldeko apustua, Estatu propioaren klabean. Independentzia garaia da, ez Nafarroa indarberritu baten mehatxuarekin kikiltzen den bloke nazional espainiarrarekin txikikeriatan ibiltzeko garaia. Badakite «euskal gatazkaren» klabea zein den. Guk ba ote dakigu? Gai al gara «Nafarroako aferaren» garrantziaz jabetzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.