Nola izango da delitua begien aurrean duguna kontatzea?», galdetu zuen Axier Lopez Argia-ko kazetariak asteazkenean, haren kontrako zigorra dela-eta Donostian egin zen kontzentrazioan. Begien aurrean duguna kontatzea delitua izan baitaiteke Mozal izenarekin ezagutzen dugun legearekin. Etxeak okupatzea, pankarta bat jartzeko estatua edo balkoi batera igotzea, segurtasun indarrei haien baimenik gabe argazkiak ateratzea edo etxegabetze baten aurka aktiboki egitea bezala. Horiek guztiak baitira Herritarren segurtasunerako legeak zigortu ditzakeen ekintzak.
Luze eta zabal hitz egin da lege horrek hainbat eskubide oinarrizko auzitan jartzen dituela-eta, eta guregana iritsi da lehen ondorioa: Axier Lopez eta Argia izan dira lege horrengatik zigortutako lehenak. Merezi du gogoratzea zein diren legeak kaltetzen dituen eskubide horiek.
Legeak aurreikusten du, esaterako, zerrenda bat osatzea, zerrenda beltz bat, non zigortuak izan diren pertsonen izenak bilduta geratuko diren. Zerrenda disidentzia politikoaren aurkako tresnatzat har daiteke, eta horrela nabarmendu dute hainbat abokatuk. Legeak, bestetik, are indar handiagoa ematen dio jada indar handia daukan lekukotza ofizialari: nahikoa izango da segurtasun indarretako kide baten lekukotasuna, proba gisa erabiltzeko. Defentsarako eskubidea kaltetu lezake horrek.
Kazetaritza edo informatzeko eskubideari dagokionez, nabarmendu behar da lege horrek ezartzen dituen murrizketak. Hurbiltasuna da kazetaritzaren arma nagusietako bat. Lekutik hurbil egon ahal izatea, lekukoekin hitz egin ahal izatea, eta haien ondoan egotea. Cappa argazkilari handiak esan omen zuen: «Argazki ona atera ez baduzu, nahiko hurbil ez zinen seinale». Hurbil behar du kazetariak: kaletik hurbil, jendearengandik hurbil. Eta lege horrek hurbiltasuna zigortzen du, behartu egiten baitu kazetaria lekukotasun deseroso batzuk ez ematera, zigortu dezaketelakoan: esaterako, argazkiak ateratzea atxiloketa bat gertatzen denean.
Autozentsuraren mamua da bigarren arrisku nabaria kazetariarentzat. Zuhurra izatera derrigortzen du kazetaria, bi aldiz pentsatzera. Ondorioak buruan edukitzera. Informazioak baditu bere legeak, eta kazetariak ezin ditu lekukoen segurtasuna arriskuan jarri. Baina balorazio hori segurtasun indarren menpe uzten denean, kalte handia egin dakioke informazioari.
Kazetariak, oro har, ez direla zigortuko aipatu izan da. Gezurra da. Axier Lopez zigortu dute jada. Baina Mozal legeak, gainera, zigortu dezake gaur egun kazetarien ezinbesteko iturria den norbanakoen lekukotasun hurbila, herritarren lekukotza bat-batekoa. Lege honekin, ez genituzke ikusiko Sirian gertatzen ari diren hainbat eta hainbat irudi eta lekukotasun; ez Melillako hesian gobernuz kanpoko erakundeetako kideek grabatutako bideoak ikusiko; ez herri harresi barruetatik sortutako lehen eskuko berriak irakurriko. Berri deserosoak, argigarriak eta beharrezkoak denak, kontrola ezartzen baitute gobernuen jardunaren gainean.
Argia-ko lagunek aste honetan esan duten bezala, jarrai ezazue informatzen inoren baimenik eskatu gabe.
Baimenik eskatu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu