Baikor kritikoa

2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Nafarroako herri txiki batean jaio nintzen, 28 urte arte ez nuen izan harremanik euskararekin. Badaramatzat azken hogei urteak Gasteizen bizitzen; beraz, badakit zer aurrerapen ederra eduki duen euskarak, bai Nafarroan, bai Araban. Ia zerotik gaur gauden egoerara, bilakaera handia izan da. Baina hori garrantzitsua izanagatik, ezin gara geratu horrekin konforme.

Kontua da: daramagun abiadurarekin, hartu dugun bidearekin euskarak aurrera egingo du?, euskarak dauzkan etsaiek ez dute euskara akabatuko betiko?, edo okerrago, euskaldunak edo euskaltzaleak ez gaituzte baztertuko ghetto batean?

Honen gainean hitz egiteko edo idazteko maisuak asko dira, bai baikor kritikoen munduan eta baita ezkor kritikoen munduan ere. Oso gustura entzuten eta irakurtzen ditut bietakoak, ideiak oso ondo azaltzen baitituzte. Dotore! Ezinbestekoak dira bi alderdiak, ez dago zalantzarik, biak euskararen aldekoak baitira.

Dena den, baikor kritiko jarrera hori di-da batean bihurtzen zait ezkor. Kontu esanguratsu batzuk aipatzeagatik:

-Baserriko euskaldun petoak desagertzen ari dira.

-Gure bizimoduan fenomeno globalak eragin handia dauka.

-Oro har, gure gazteak jolasean, kirolean, aisialdian, etxean, lan-munduan jadanik ez dira euskaraz bizi. (Agian herri euskaldun batean biziko banintz iritzi desberdina edukiko nuke).

-Oro har, soilik euskaratik bizi direnek jarduten dute euskaraz (itzultzaileak, irakasleak...).

Badaramatzagu berrogei urte Euskararen Legea indarrean ezarri genuenetik, baina emaitzak ez dira izan espero genuenak; orain esaten digute beste 30 bat urte itxoin beharko dugula emaitza berriak eta hobeak lortzeko. Ez nago ados. Euskarak, hizkuntza minorizatua izanda, ez dauka indarrik XXI. mendean baldintza hauekin borrokatzeko, irabazle irteteko. Globalizazioak, digitalizazioak, ikus-entzunezkoen eremuak gure aurka jokatzen du. Horrela jarraituz gero, jai daukagu, ziur aski mendez mende orain arte bizirik iraun duenak, gure hizkuntza preziatuak, bizirik jarraituko du; baina zer egoeratan, hor dago koxka. Egoera tamalgarri batean bizi gara, herri kolonizatu batean bizi gara. Euskarazko EITB zenbat ikusten dugu?, euskarazko komunikabideak zenbat irakurtzen ditugu?, azken finean, euskaraz zenbat bizi gara?, ikas-ereduak gure seme-alabak euskaldunak egiten ditu?, zer egin? Ez dago irtenbide errazik: edo sustraietatik aldatzen ditugu dauzkagun jokatzeko arauak, edo ez dago irtenbiderik.

Militantziari ezin diogu eskatu gehiago, nahiko egin du orain arte. Militantzia etsita dago, ilusioa galdu du. Jadanik kale mugimendua ere agorturik dago. Euskalgintzaren eremua erabat anestesiatuta dago, mugimendu gehienak giro politikoaren barruan mugitzen dira, diru-publikoz elikatuta. Ezkor kritikoaren bidea hartuz gero, agintarien etsaiak bihurtzen dira, aspalditik botere eroso kulturalean instalatuta daude, adierazpenak neurtuz indarrean mantentzeko, baina agintariak mindu gabe.

Batzuek garbi adierazi dute euskarak indarrean jarraitzeko, independentzia beharrezkoa dela; baina nik uste dut hori lortu arte hamaika gauza egin ditzakegula. Lehenengoa: botere politikoa kontzientziatu behar da, gure hizkuntzak minbizia daukala, hil zorian dagoela, neurri zorrotzak eta drastikoak hartu behar dituela. Borondate politikoan datza salbazioa; oraingo planteamenduak, oraingo arauak, sustraitik aldatu behar dituzte. Orain arteko ereduei jarraitzeak, eroso bizitzeak, ia-ia bizitza osoa erdaraz egitera eramaten gaituzte. Horrela jarraituz gero, 30 urte iragan ondoren berdin edo okerrago izango garelakoan nago.

Bai, euskara berrogei urte hauetan ikasi dugu, eta asko prest gaude euskaraz bizitzeko, baina bizimoduaren praktikak erdaraz bizitzera garamatza. Agintari politikoek, akordio nazional baten bidez, erabateko jauzia eman behar dute, politika iraultzaile eta ausarta abian jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.