Badaude zakila duten neskak, eta bulba duten mutilak

2017ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Zenbait elkarte nahiz erakunde intolerantek esaten dutena esaten dutela, eta herritarrak nahasarazten saiatu arren, transexualitatea ez da ez gaixotasuna, ez sindromea eta ez ezeren alterazioa. Izan ere, gizakiaren ezaugarri ederrenetako bat baino ez da: aniztasuna.

Gure identitate sexuala ez da aukeratzen, ezta inposatzen ere. Identitatea sentitzen dugu, bizi dugu; identitatea garen hori da. Eta kontrakoan tematzen denik baldin balego ere: ez dago genitaletan.

Egia da mutiko gehienek —eta gizon gehienek— zakila dutela, eta neska gehienek —eta emakume gehienek— bulba, baina badaude zakila duten neskak eta bulba duten mutilak, eta errespetu eta onarpena merezi dituzte. Gizakion artean, umeak dira sentikorrenak eta babes gehien behar dutenak; hori dela eta, ezinbestekoa dugu ume horiei guztiei gure babesa nahiz maitasuna erakustea.

Era berean, nahitaezkoa da babes eta maitasun hori gainerako umeei ere gure ekintzen bidez helaraztea. Horrela, errespetuan eta giza aniztasuna baloratzean oinarritzen den gizarte batean heziko ditugu, eta kapaz izango dira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak parekotzat ikusi eta sentitzeko. Modu horretan lortuko dugu ume horiek —zakila duten neskak eta bulba duten neskak, bulba duten mutilak eta zakila duten mutilak— helduak direnean diskriminaziorik, gorrotorik edota biolentziarik gabe jardutea. Gure gizarteak aurre egin behar die transexualitate egoeran dauden umeen errealitatea ezkutatzen saiatzen direnei, eskubideak kendu nahi dizkietenei eta, batez ere, ume horien zoriontasuna oztopatu nahi dutenei —horretarako argudio faltsuak zein interesatuak erabiliz eta beren morala eta sinesmenak umeen gainetik ipiniz—.

Hori guztia dela eta: transexualitate egoeran dauden adin txikikoen eta beren familien eskubideei eta duintasunari zenbait erakundek egindako eraso onartezinen aurrean; berak diren moduan onartuak eta errespetatuak izateko, diren bezalakoak sentitzeko, adierazteko eta izateko eskubidea nahiz beren existentzia ukatzeko ahaleginen aurrean; intolerantzia, ezjakintasuna, bazterketa eta mespretxua hedatzeko asmoz, erakunde horiek zabaldu nahi dituzten kanpaina lotsagarrien aurrean... Erakuts ditzagun gure hurbiltasuna, babesa eta elkartasuna ume horiekin eta beren familiekin. Herritarrok, Erakunde sozial, Sindikal eta Politikoak, Instituzioak eta Administrazioak, guztiok gonbidatzen zaituztet errespetu, tolerantzia eta elkar ulertze mezu hau zabaltzera: zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Horietako gehienek egunero sufritzen dute gizarteak errealitate horren berri ez duelako. Hitz egin dezagun horretaz.

Datozen egunetan intolerantziaren autobusak gure errepide, herri eta hirietatik zirkulatzeko asmoa du, eta elkartasun-mezu hori erakutsi beharra daukagu; jar dezagun gure autoetako leihatiletan! Gure etxeetako leihoetan! Gure negozioetako erakusleihoetan! Erakunde, egoitza, lokal, bulego eta abarretan! Gure instituzio eta administrazioetako ateetan! Ikastetxe, institutu eta unibertsitateetan!

Errefusa ditzagun intolerantziaren egun hauek zakila duten neskak, bulba duten mutilak eta beren familiekiko elkartasuna erakutsiz!

Umeak eta beren familiak babesten dituzten mezu positiboez bete ditzakegu gure kaleak eta errepideak. Zer da autobus bat horren aldean? Egin diezaiegun aurre gorrotoa, ezjakintasuna eta bazterketa inposatzen saiatzen direnei, eta erakuts diezaiegun ez ditugula inoiz ere beren helburuak onartuko: bulba duten mutilak —eta gizonak— eta zakila duten neskak —eta emakumeak— eta beren familiak baztertu eta beren errealitatea ezkutatu.

Ederra izango da, ezta? Eskerrik asko zuen arretagatik, ulermenagatik eta elkartasunagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.