Bada garaia

2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ibilgailuz lepo daude errepideak egunero gurean. Autobusak eta kamioiak ez dira gutxi, baina, harik eta gehiago dira autoak. Askoz gehiago. Dena den, ibilgailua edozein izanda ere gehienek diesela edo gasolina darabilte motorrak abiarazteko, horrek dakarren guztiarekin: petrolio- erauzketa, atmosferara gas-isurketak, kutsadura, berotegi-efektua, e.a.

Argi dago Euskal Herrian ere badugula lan mordoa desplazamenduek eragiten duten kalte- sorta konpontze aldera, eta horren alde diharduten apurrek trabak baino ez dituzte aurkitzen bidean. Gaurkoan, traba horietako baten inguruan mintzatuko natzaizue.

Demagun, dieselarekin zein gasolinarekin dabiltzan autoak ez ditugula ezta aintzat hartzen ere lehen aitaturiko arrazoiak medio. Aukerak murritzak dira oso kotxe elektrikoen panazean sinesten ez dugunontzat. Zeren, nola sortuko genukeen, bada, autoek beharko zuketen elektrizitate hori guztia modu berriztagarrian? Eta zer esan hornidura-sareari dagokionez! Zer egingo genukeen baterien ekoizpenak zein erabilerak dakartzan arazoekin?

Hidrogenoarekin dabiltzan autoak ere ez dira errealitate bideragarri bat gaur-gaurkoz, ezta gutxiago ere. Ez dago eskaintzarik erosteko orduan, ez dago hornidura-gunerik eta hidrogeno purua uretatik zein atmosferatik erauzteko orduan elektrizitate-kontsumoa ez da makala. Gauzak horrela, zero emisioen kontu hori sinetsiko duenik ez dago.

Horren aurrean, irtenbide perfektua ez diren aren, gasarekin dabiltzan autoak ditugu: GLP (propano eta butano nahaste bat) eta GNC (metanoa da, etxebizitzak berotzeko erabiltzen den gas naturala) izenez ezagutzen diren erregaiekin dabiltzanak, alegia. Ibilgailuen erregai tradizionalekin alderatuta, gasa erretzeak berotegi-efektua sustatzen duen karbono dioxido askoz gutxiago askatzen du atmosferara. Bidenabar, euri azidoa zein bestelako kutsadura eragiten duten SOx, NOx eta askotariko partikulak bezalako substantzien emisioak ere zeharo egiten du behera. Tamalez, GLP-a edo GNC-a erreaz dabiltzan autoak erosteko aukera eskaintzen duten kontzesionarioak geroz eta gehiago diren honetan, erosleak, berriz, gutxiengoa dira. Zer dela eta?

Bada, kontua da ez dela batere erraza gasa hornitzeko gunerik ikustea Euskal Herrian. Zaila da GLP-a hornitzeko lekuak aurkitzea eta ia-ia ezinezkoa ibilgailua GNC-z betetzeko tokiren batekin tupust egitea. Azken hau, GLP-a baino askoz merkeagoa, ekologikoagoa eta jasangarriagoa da. Araztegietako eta bestelako bio-hondakinetatik abiatuta ere ekoitz daiteke, gainera, modu jasangarriagoan. Alabaina, Hego Euskal Herriko probintzia guztietan -Araban salbu, bertan bi baitaude- leku bakarrean aurki daitezke gasinera izenarekin ezagutzen diren gune hauek. Horrelako ibilgailu bat erostea, beraz, ez da erronka makala.

Egoera horren aurrean eta ikusita VAG taldeko (Volkswagen, Audi, Skoda eta Seat barnebiltzen ditu, besteak beste) ibilgailu ugarik GNC bertsioa ere badutela, bada ordua sektoreko enpresei eta politikariei kontu-eske has gaitezen. Espainiar estatu osoan gasolina eta diesela hornitzeko guneak jada 11.000 direnean, GNC-arekin ibilgailuen tankeak betetzeko 75 gasinera baino ez daude; 5, guztira, Hego Euskal Herri guztian zehar barreiatuta. Ezinbestean, epe motzera horrelako askoz azpiegitura gehiago eraiki ditzaten exijitu behar diegu horren ardura duten eragileei, gidariok auto horiek erosteko arrazoizko aukerak izan ditzagun. Bada garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.