B plana klimaren politikan

Alberto Ansuategi. Elisa Sainz de Murieta. Joana Setzer
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Orain dela 50 urte, Suediako Gobernuak Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari «Giza Inguruneko Arazoei» buruzko nazioarteko konferentzia baten deialdia egin zezan eskatu zion. Lau urte geroago, 1972ko ekainaren 5etik 16ra, Stockholmen egin zen, Nazio Batuen babespean, ingurumen arazoei buruzko lehenengo konferentzia nagusia. Haren helburu nagusia ingurumenaren babesa eta hobekuntzaren inguruko ikuspegi bateratua lantzea izan zen. Urte hartan bertan, Nazio Batuen Batzar Nagusian bi erabaki garrantzitsu adostu ziren, Nazio Batuen Ingurumen Programa (NBIP) sortzea eta ekainaren 5a Ingurumenaren Munduko Eguna izendatzea. Lehenbiziko aldiz 1974an ospatu zenetik, Ingurumenaren Munduko Egunak lagundu egin du ingurumen kontzientzia sortzen, eta baita planetako biztanleok ditugun ingurumenaren inguruko kezkei erantzuteko presio politikoa sortzen ere.

Hala eta guztiz ere, herritarron ingurumenarekiko kezka eta, horren ondorioz, gobernuek eman dituzten erantzunak gorabehera handiak izan ditu azken bost hamarkada hauetan. Lehen, 70 eta 80ko hamarkadatan, lehengaien erabilera eraginkorrago baten premia piztu zen, baita naturguneak babestearen eta hirietako airearen eta ibaietako uraren kutsadura kontrolatzearen kontzientziazioa ere. Herrialde garatuenetako gobernuen erantzuna hauxe izan zen, ingurumena arautuko zuten aurreneko legeak abian jartzea eta beren aplikazioa kudeatzeaz arduratuko ziren ministerioak eta agentziak sortzea.

«Ingurumenari eta Garapenari buruzko Rioko Deklarazioa» delakoak markatu zuen 90eko hamarkada. Orduan ere egiaztatu zen ingurumenaren arloan XXI. mendeko erronkak ez zirela tokiko edo gertuko ingurumen-arazo haiei lotutakoak, nazio oparoenetako gobernuak abian jartzen hasiak ziren politika konbentzionalekin konpondu ohi litezkenak, beste arazo konplexuago batzuk baizik, horien artean: klima-aldaketa eta biodibertsitatearn galera, muga nazionalak gainditzen zituzten inpaktuak sorrarazi eta datozen belaunaldien bizi-kalitatea baldintzatzen zutenak. NBIPk eta Meteorologiaren Mundu Erakundeak 1988an Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldea (IPCC siglaz ezaguna)ezarri zuen berotze globalaren eragileak eta ondorioak aztertzeko ahaleginetan bat egiteko helburuz. Bitartean, klimaren inguruko nazioarteko ituna negoziatzen ziharduten gobernuek, baina sinatzaileen konpromisoak betearazteko mekanismorik gabe, asmoen adierazpen soil bihurtzeko arriskua zegoen.

Nazioarteko komunitatearen ahalegina ez zen ezerezean geratu eta XXI. mendearen hasieran berretsi eta indarrean sartu zen Kiotoko Protokoloa: akordioan 38 herrialde industrializatuk (horien artean zoritxarrez ez zeuden AEBak) negutegi efektuko gasak 1990eko mailekiko % 5 murrizteko konpromisoa hartu zuten, 2008-2012 aldirako. Badira Kiotoko Protokoloa arrakasta bat izan zela diotenak, konpromiso hura hartu zuten herrialdeetatik bederatzik bakarrik urratu zutelako akordioa eta mundu mailan klima-aldaketari buruzko lege eta politika nazionalen kopuruak gora egin zuelako, 60 izatetik 1997an ia 1.400 izatera 2017an. Egia da Kiotoko Protokoloak huts egin zuela bere azken helburuan, karbono-isuriak gutxitzeko behar adina esfortzu egitea lortzeko garaian.Horregatik, hain zuzen, nazioarteko komunitateak klimaren gobernantza hurbilketa zeharo kontrakoa hartu du azken hamarkada honetan. Kiotoko Protokoloan ezartzen ziren «goitik-beherako» arintze konpromisoak inposatzetik ?nahikoa ez direnak, bestalde? klima egonkortzeko helburu orokor bat ezartzera igaro gara. Lausoa bada ere, asmo handiko helburua dugu 2015ean Parisen estatuek adostutakoa: industriaurreko aldiarekin alderatuta, batez besteko tenperaturaren igoera bi gradu baino askoz beherago mantentzea, alegia. Helburu honi erantzuteko herrialdeek euren ekintzak «behetik gora» proposatu dituzte eta egonkortze helburua konpromiso horien baturaz lortzean datza Pariseko Akordioa. Zalantzarik ez dago urriak direla orain arte adierazitako konpromisoak lehen aipatutako egonkortze helburu hori lortzeko. Dena den, Parisko Akordioaren arrakasta bost urtez behin burutuko den konpromisoen berrikusketaren araberakoa izango da, baldin eta ituna sinatu zuten 195 herrialdeen anbizioak gora egiten badu.

Ezin dugu jakin bost urtez behingo erronden mekanismoa behar adina izango ote den herrialde sinatzaileenanbizioa pizteko. Hala eta guztiz ere, Pariseko Akordioa baztertzeko Trumpek hartutako erabakiaren aurrean izan diren erreakzioak gertakari handi baten adierazgarri dira: baliteke klimaren gobernantzarako XX. mendean sortutako erakundeak benetan ez izatea karbono-maila baxuko ekonomia baterako trantsizioa zuzenduko dutenak. Pariseko Akordioak argi eta garbi aipatzen du erakunde ez-estatalek (hiriek, eskualdeek, enpresa handiek...) bete dezaketen zeregina klima politikan. Izan ere, Etxe Zuriaren erabakiaren aurrean, erreakzioa hauxe izan da: AEBetako hainbat estatuk eta hiri nagusik beren desadostasuna adierazi dute Akordioa baztertzeko erabakiaren aurrean, eta plan gehiago iragarri dituzte negutegi efektuko gasen isuriak murrizteko. Gainera, AEBetan egoitza edo ordezkaritzak dituzten hamasei enpresa handik, AEBek Pariseko Akordioan jarraitzea eskatu dute.Azken urteetan, klima legegintza eta enpresen jarreran eragina izateko klima-auziak sortzen eta ugaritzen ikusi ditugu, krisi klimatikoaren ekimen-faltari aurre egiteko beste ildo berri bilakatuz. Ehunka auzi dago mundu osoan zehar, gobernu eta erregai fosilen enpresen kontrakoak. Hala, Arnold Schwarzeneggerrek, Jeffrey Sachs ekonomialariak eta James Hansen zientzialariak iragarri dute tabakoaren industriari lotutako argumentu berak erabiliz petrolioaren industria auzitara eramateko asmoa, kutsadurak eragindako milioika pertsonen heriotzaren erantzule bezala. Europan, esaterako, Erresuma Batuko gobernua bere aurreneko auzi handiari egiten ari zaio aurre; hamabi hiritarrek demanda aurkeztu dute, auzia aurrera eramateko «B Plana» deritzon taldearenbitartez. Prozesu hau esanguratsua da, Gobernuko aholkulari zientifiko nagusi izandako Sir David Kingek babestutako taldea dela kontuan izanik. Ez dakigu zein izango den klimaren inguruko auzien etorkizuna, klimaren gobernantzan eremu sortu berria baita, eta kasu horietako asko sub judice edo epaileak erabakitzeko daude. Halere, auzien «zirimiria» ezetsita ere, hedabideetako oihartzuna kontutan hartuta, Parisko helburuak betetzeko lagungarri izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.