Badira egun batzuk Eusko Jaurlaritzak EAEko herritarron aztarna ekologikoaren datuak argitaratu zituela. Egin duten ikerketak dioenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrok, batez beste 4,32 hektarea globaleko eremua erabiltzen gabiltza, munduko biztanle bakoitzari 1,63ko kopurua dagokionean. Baina adi, euskaldunak ez omen gara baldarrenak, ikerketaren aurkezpenean azpimarratu dutenez, Alemania, Suedia edo Austriako aztarnaren azpitik gaude. Europa zahar zibilizatuak jartzen du neurria, antza. Zorionekoak gu.
Madrilek gailur klimatikoa jaso duela eta, agenda komunikatiboaren erdigunea hartu du ostera ere jada XXI. mendeko gai nagusitzat jo dezakeguna, krisi sistemikoa. Parisek bideorria zehaztu zuen eta badirudi nazioartean altu kotizatzen ari dela klima-aldaketaren inguruko gailurrak antolatzearena. Ikuskizunaren gizartearentzat gozoki erakargarriegia, patologia hilgarria diagnostikatu digute, baina behintzat itxura ematen hilko gara, gu gara berdeenak!
Energy Policy aldizkarian atera berri duten beste ikerketa batek ere ez du zalantzarako tarte handirik lagatzen bere ondorioetan: Parisko akordioan ezarri ziren helburuak bete gura badira, postazkundea ardatz izango duen estrategia albait arinen diseinatzea ezinbestekoa da. Hazkuntza etengabea posible egiten duten oinarri energetikoak agortzen ari dira, system failure. Bestela esanda, edozein muga energetiko jartzen bazaio BPG-aren hazkuntza hipertrofikoaren liluran bizi den sistema sozioekonomikoari, gihar puztuak beren neurri errealera itzuliko dira pixkanaka. Muga energetikoaren aplikazio efektiboak hazkuntza etengabearen mugatzea esan gura du. Zientzialari mesfidati eta kontserbadoreenak ere erretiratu dira ildo negazionistatik, ebidentziaren pisuak zapalduta.
Veneziako kale hondoratuek badatorrenaren metafora argigarria erakutsi digute. Walter Benjamin kultur kritikari finak esan zigun zibilizazio obra oro dela aldi berean basakeria obra. Badirudi Veneziako jauregi ederretako zoko ezkuturen batean gordea egon dela hamarkada luzez turistei irribarre egiten dion hiriaren alde iluna. Hain aurpegi erakargarria erakusteaznekatu da ordea, parke tematikoek ere zimurrak dituzte. Negarrez lehertu dela dirudi. Progreso (batez ere ekonomiko) amaiezinaren ideiaren itzalpetik eraiki dugun fikzioa hondoratzen ari zaigu, Venettoko itsas bazterrak bidali digu mezua.
Eurozentrismotik harago begiratzen asmatzen badugu, Italiako hiriari gertatu zaiona dimentsioz, kopuruz eta larritasunez biderkatu daitekeela ohartuko gara. Bangladesh edo Vietnam moduko herrialdeen zati handiak urpean geratu daitezke itsas maila metro gutxi batzuk haztearen ondorioz. Milioika errefuxiatu klimatiko, biztanleria elikagaiz hornitzeko zailtasunak, gaixotasunen hedatzea... ekar lezake horrek, tren neoliberal globalizatzailea norabide eta erritmo berean mantentzen badugu. Are, turbokapitalismoaren festak biharamun ezberdinak lagako ditu, intentsitatez eta iraupenez. Festako partaide aktiboenek sufrituko dute agian gutxien, hor paradoxa. Egitura soziologiko, ekonomiko eta geopolitikoan dugun kokapenaren araberakoa izango da bakoitzaren burukominaren neurria: klase sozialak eta nazioarteko potentzien arteko harremanak baldintzatuko du erabat baliabideetara iristeko izango dugun aukera edo aukerarik eza.
Egia da belaunaldi bakoitzak baduela joera uste izateko berari bizitzea egokitu zaion garaia apokaliptikoa izango dela, mundu zibilizatuaren bukaeraren lekuko pribilegiatuak omen. Baina zantzu gutxienez oso kezkagarriak agertzen ari zaizkigu begien parean ertz diferenteetatik; bai biosferak bidaltzen dizkigun mezuen aldetik (lehortzeak, larrialdi naturalak, ekosistemen galera, ipar eta hego poloen urtzea...) eta baita gizarteak antolatzen ari diren modu autoritarioetatik ere. Trantsizio kaotikoaren etorrera geroz eta probableagoa usaintzen ari gara. Paradoxikoa izanagatik, zientziaren eta ezagutzaren gizarteak jokabide irrazionalenak sustatzen ditu.
Baina jarraituko dugu uste izaten horren gaizki ere ez gaudela, Alemaniak baino aztarna baxuagoa daukagula euskaldunok. Basque Industry 4.0 da agian euskal gizartearen gaurko taupada islatzen duen adibide sintomatikoena. Trantsizio energetikoa bai, baina teknozientzian sinetsirik, parke eoliko erraldoiak izango dira XXI. mendeko ingeniaritza obra miretsienak. Patologia neoliberala zainetaraino sartu zaio autoeraketan trebea izan den herri honi.
Hala ondorioztatzen zuen ingurumen sailburuak «ekoizpen zein kontsumo sistema eraginkorragoak sortu behar ditugu»; gure gaitasun teknologikoa nahikoa ez eta are gehiago azkartu behar makina, energia berriztagarriek hornituko dituzte diskotekako argiak, arazorik ez. Politika industrial, ekonomiko eta energetikoak beste norabide batean lerratuko dituen borondatearen oihartzunik ez da entzuten, desazkundea oinarrian duen proposamenak bide laburra izango baitubozkatzaile-bezeroak seduzitzeko lehian murgildua dagoen politika likidoan. Baina lasai, «kontsumo arduratsuaren aldeko apustua» egingo dute, hortxe gure psikopatologiaren aztarna.
Aztarna patologikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu