Azpiegiturak nonahi, arreta soziosanitarioa jai

2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Goiz gorri euritsu, arrats gorri haizetsu. Aramaion trenarekin nahikoa ez eta, laster, eolikoak jarriko dituzte, mendiak txikituz. Erreka haizeak (Gasteiztik datorrenak, alegia) bide beretik eramango gaitu: errekara. Azpiegiturak bai, nahi beste, baina arreta soziosanitariorik (oinarrizko eskubiderik) ez: aurten berbarako Aramaio bost astez egon da medikurik gabe. Antzerako egoera bizi dute Euskal Herriko hainbat herri txikik, non askotan ez baitago medikurik edoerizainik. Aipagarria da horietako asko euskararen arnasguneak direla, UEMAko kideak alegia. Medikurik ezean, beste herrietara jo beharko dute dagokien arreta jasotzera, sarri gazteleraz.

Euskal Herriko herri guztietan medikua eta erizaina egotea oinarrizko eskubidea izanik, esan beharra dago ez dela nahikoa. Prozedura administratiboak askotarikoak eta asko dira, eta ez da euren eginkizuna horiek egitea. Pazienteei laguntzeko, hitzorduak antolatzeko, argibideak emateko, eta abar, administrari bat ere beharrezkoa da. Oinarrizko lan talde honi (administrariak, erizainak eta medikuak osatzen dutena, alegia), mikrotaldea deitzen zaio, eta eredu honen aldeko apustua egin du Osakidetzak. Zoritxarrez, herri askotan ez da horrela gertatzen, eta Aramaion, adibidez, ez dago administraririk, pazienteen eta langileen kalterako.

Arreta soziosanitarioa ez da osasun-langileen esparruan amaitzen. Gure gizarteak bizi duen aldaketa soziodemografikoa, zahartzaroa eta mendekotasun egoerak, bistakoak dira. Arreta soziosanitario integral eta bateratua beharrezkoa da, eta, horretarako, gizarte langileak, erizainak, medikuak, administrariak eta botikariak elkarrekin lan egitea ezinbestekoa bilakatu da. Elkarrekin eta, ahal bada, toki berean. Eta Aramaion hori ezinezkoa da, osasun zentro berri bat ez bada egiten. Kontuan hartu beharko litzateke horrelako osasun etxe batek mediku egoiliarrei prestakuntza eskaintzeko aukera ere ematen duela, hau da: familia medikuntzako espezialitatea egin nahi dutenei aukera egokia eskain diezaiekeela. Gaur egun guztiz beharrezkoa EAEn eta Nafarroan.

Aramaiok esfortzu handia egin du besteen onerako: AHT abiadura handiko trena, EAEko hiriburuak lotuko dituena, bertatik pasatzen da, ingurunea goitik behera aldatuz. Parke eolikoa ere abiaraziko da, Aramaioko mendiak txikituko dituena. Ez da, beraz, horrenbesterako, ganorazko arreta soziosanitarioa eskatzea osasun etxe batean.

Eredu hau Euskal Herriko herri txiki guztietan aplikagarria dela esan daiteke: gizarte langileak, administrariak, botikariak, erizainak eta medikuak batera eta elkarrekin lan egitea. Herri txikien sustapenerako estrategikoa dela ere esan daiteke. Izan ere, zerbitzurik gabeko herriek aurrera egitea zaila baita.

Bide batez: bertan egiten dugun langileak euskaldunak gara eta horrek, bere aldiz, euskara lan hizkuntza izatea ahalbidetzen du. Hizkuntzaren gaia ez da nolanahikoa, eta eredu hau ezartzea estrategikoa izan daiteke UEMAko herrietan: arreta soziosanitario integrala eta bateratua, batetik euskaraz (erabiltzaileentzat euskarazko zerbitzuak, alegia) eta bestetik lan hizkuntza euskara izango duena. Euskararen arnasguneak, baita osasun arloan ere. Hau da beraz, hemen proposatzen dena: arreta soziosanitario integrala eta bateratua herri txikietan, tokian tokiko hizkuntzan. Aramaion, adibidez. Gure politikariek kontuan hartuko dutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.