Azoketatik parkeetara, aukera berriak Bilbon

2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Gaur egun, kultur erreferente nagusitzat hartzen diren eliteko sukaldariei maiz entzuten zaie nola heldu berri diren hiri batean ezinbesteko lana duten azoka zentralari bisita egitera. Tokiko gutizi, elikadura sustraiak eta ekoizpena bertatik bertara ezagutzeko eta bertako izpirituaz jabetu ahal izateko. Eta arrazoi dute, azoketako produktuetatik, azoken berregituraketetatik eta azoketan ematen diren harremanetatik irakurketa ekonomiko, politiko eta kultural ugari egin baitaitezke. Hizkuntzari begiratzen badiogu, azoketan argazki batean legez kondentsatuta aurki dezakegu hiri batean ematen den hizkuntz-errealitatea. Ez da argazki bakarra eta ez da etorkizuna guztiz markatzen duen argazkia. Baina bada argazki zentrala, hiriaren arima tradizionala erakusten duena, etorkizuna baldintzatzeko potentzialitatea duen hiriaren betikotasunaren zigilua erakusten duena.

Hori gogoan, Alacanteko Mercat Central eta Bilboko Erriberako Azokan bost hizkuntz-behaketa eginda (azken hiru urteetan guztiak eta pareko baldintzak aplikatuz), nahiko emaitza finkoak agertzen zaizkigu bi azoketan: Alacanteko azokan %1,6 eta %6,2 arteko katalanaren erabilera, Bilboko Erriberakoan %0 eta %2,4 arteko euskararen erabilera (eta ageri denean, baserritarrak edo umeak tarteko beti, hots, hiriko ikuspegi tradizionalaren funtsa eta gaur egungo kaleko errealitatearen funtsa) eta bietan gaztelera ez diren beste hizkuntzen erabilera askoz altuagoa: %5 eta %14 artekoa Alacanten eta %6,6 eta %25 artekoa Bilbon.

Beste hizkuntzen agerpen indartsu honetan bi hizkuntza mota agertzen zaizkigu: batetik, azoketara erosketa merke bila doazen migratzaileen hizkuntzak, eta bestetik, eredu bat edo beste hartuta, azokak gune-turistifikatu-museifikatu bihurtzeak dakartzan eros-maila altuko atzerritarren hizkuntzak.

Alacant eta Bilbo ustez oso urruti dauden hizkuntz-errealitate urbanoak dira, eta errazago aritzen gara ispilu bila Bartzelonan edo Valentzian. Nolanahi, azken bi hauetako kale erabilera datuetatik oso urruti dago Bilbokoa, eta, azoketako behaketetan behintzat, ez da heltzen ezta Alacanteko zenbakietara ere. Mediterranear masa-turismoaren eredutzat dugun Alacant eta Bilboren arteko antzekotasunak uste baino gehiago dira edonola ere: hiri-eraldaketa prozesu bizia izan du azken hamarkadetan, turismoari begira bizi den hirien paradigma da, familia askotan jatorrizko katalan hizkuntza galbidean sartu da azken hamarkadetan hizkuntz-estigmaren ondorioz (testigantza jasoak), 1936ra arte katalan hutsezko prentsa idatzia izan zuen (El Tío Cuc astekaria), gerran sekulako bonbardaketak jasan zituen (azokan bertan 300 hildako 1938ko maiatzaren 25ean), hiritik oso hurbil katalanez bizi diren eskualdeak daude, herrietatik erosketetara, bizitzera edo lanera etortzen diren katalan-hiztun gehientsuenek hizkuntzari uko egin, ezkutatu edo harreman ezagunetara mugatzera pasatzen dira, hezkuntzaren bidez hizkuntza ikasten duten gazteek ia ez dute erabiltzen... ezagunak denak Bilbon.

Non dago Alacant eta Bilboko azoketako emaitzen antzekotasunaren gakoa? Hiriko eta azokan jardunean edo erosketetan ari direnen ezagutza datuak gorabehera, faktore nagusia hizkuntza minorizatuak hirian duen legitimitatean bilatu beharko litzateke. Legitimitate hau oso txikia denean, oso erresistentzia handiak garaitu behar dira norberaren posizio sozialetik abiatuta anonimotasun eskubidetik atera (Manuel Delgado) eta hiriaren izaera tradizionalaren pisuaren aurrean hizkuntza estigmatizatuaren hiztun gisa agertzeko. Zalantza gisa, plantea daiteke ea migratzaile berriek (betiere ez badira hizkuntza gutxiagotuen hiztun) hiriaren hizkuntza-tradizio pisutsu legitimatua ez ote duten oraindik guztiz barneratu gabea eta hortik euren hizkuntzen presentzia libre eta indartsuagoa.

Eta nola barneratzen du hiztunak legitimitate hau? Hizkuntzen memoria eta ideologia, imajinarioa, familia, eskola, lagunartea, lan-harreman, komunikabide eta bestelakoez gain, espazioa hor dago eta bere zamak markatzen du (ez erabat baldintzatzen) haren baitara barneratzen denaren hizkuntz-jarrera. Izan espazio hori hiria, izan azoka tradizionala, izan taberna edo txoko berri bat.

Hizkuntzaren erabilera ulertzeko ikasketa korporalaren gakoa kontuan hartzen badugu, eta naturalizazio prozesuan gogobetetze eta gozamenaren bidezko ikasketa positiboari, gatazka eta problemen araberako ikasketa negatiboa kontrajartzen badiogu, agian errazago uler ditzakegu hizkuntza erabileran ematen diren hainbat gertaera. Prozesuala, sinbolikoa, esperimentala, estetikoa, historikoa eta korporala da erabileraren ikasketa, eta emaitza da espazio jakin batean euskaraz egitea eta albokoan ez, baldintzak eta pertsonaiak antzekoak direnean ere. Behin egituratuta dagoenean espazioa (Erriberako betiko azoka) edota berregituratuta (Erriberaren zati turistifikatu berria), oso zaila izango da ezarritako hizkuntz-dinamikei buelta ematea, are gutxiago, diseinuan ez bada aurretik pentsatu bertan zer gertatuko den. Nahiz eta ondoren erabilera sustatzeko ehun plangintza egin.

Euskarak Bilbon, euskaraz bizitzeko espresuki sortutako espazio berriez gain edo euskarazko harreman dentsitate handiak dituzten esparruak zaintzeaz gain (Kukutza zen horietako bat eta ez zen zaindu), egituratuta dauden espazioak euskalduntzeko dinamikak behar ditu. Baina horrez gain, ezinbestean, espazio libreak behar ditu, harreman berriak sortu, saretu eta egituratzeko (Pujolarrek teorizatutako mudeak, norbanakoaren hizkuntz-ibilbidean eta portaeran emandako aldaketa uneak, probokatu eta gertatzeko) esparruak behar ditu. Haurrek, euren agerpenaz erabilera gehien igotzen dutenek, gazte, guraso edo erretiratuek tradizioak edo hiriaren eraldaketa komertzial-turistikoak markatutako hizkuntza-ikuspegietatik kanpo harreman berriak euskaraz eraikitzeko aukerak izan ditzaten.

Bilbon badugu berreskurapen baten bizipen erreala, Ibaizabalen berpiztea hain zuzen. Egin ez den Deustuko Kanalaren berreskurapenak, ia hiru kilometroko esparru libre handi bat sortzeko aukera ematen zuenak, euskararen berreskurapenerako sekulako aukera espaziala eskaintzen zuen. Ea hurrengoa ez den galtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.