Azken hitza

2015eko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Auzitegi Konstituzionalak katalanen 2014ko A-9ko kontsulta baliogabetzat jo duelako albisteak ezin bihurtu du ikusezin 2.300.000 pertsonaren presentzia, erabakitzeko eskubidearen aldeko botoa ematera joanak denak ere, demokrazia baliatuta. Ezerk ezin du baliogabetu halako gertakari historiko bat. Nazio katalanak legitimotasuna du aldeko, eta etorkizunarekiko konpromisoa hartuko du hurrengo kontsultan, 2015eko I-27an.

Big-Bangaren aurretik, isiltasun kosmikoa atxikia zegoen, bere indar betean, hutsa inguratzen zuen ezerezean. Frankismoak bere existentzia guztian ezarri zuen isiltasunaren bidez, ezerez demokratikoak bere burdinazko legezkotasuna hedatu zuen gehiengo isilaren izenean. Diktadoreak bere Erregimena ezarri zuen, Espainia Handi eta Libre baten zerbitzuan, gehiengo isildu baten izenean. 1977an, Mugimendu loriatsuaren trantsizioarekin, zeina legezkotasun demokratiko bilakatu baitzen, ez zuten lehengoratu Legitimotasun Demokratikoa; herritarren erabakitzeko eskubidea, berriz, Aldaketaren mende geratu zen. Eskubideak indarreko legedira mugaturik, ezer ez zen aldatu, nahiz eta —Euskal Herriari zeharka begiratuta esan ohi zenez— dena izango zatekeen zilegi indarkeriarik gabe.

Europako prozesu demokratikoak direla bitarteko, NBEren itunetan aldarrikaturiko autodeterminazio eskubideak badu bestelako etorkizun batherrien eskubideei dagokienez. Demokrazian erabakitzeko eskubideak gainditu egin du autodeterminazio eskubideari ezarritako muga (kolonientzako edota giza eskubideen urrapen larrien kasuetarako mugatzea). Izan ere, 90eko urteetatik, Big-Banga Europan lehertu zelarik, hedatu egin zen herrien eta nazioen mapa.

Europako Batasunak osaturiko Klubeko kideak ohartaraziak dituzte hautagai berriak Pandoraren kutxa zabaltzearen arriskuez. Etorkizunean eskoziarrek eta katalanek erabakitzeko eskubidea baliatu ahal izatea, hain zuzen, Pandorak bere kutxaren zigiluak zuhurtziarik gabe apurtzera arriskatzearen iragarle da. Kataluniaren kasuan, Zeusen ondarea (Espainiako Konstituzioa) aginduzko bihurtzen da, dena delako gaitz, miseria eta kalamitateak saihesteko, halakoek erasango baitiote gehiengo isilari, arduragabekeria nazionalistarengatik. Horra hor nola garrantzirik gabeko bihurtzen diren milioi bat eta zortziehun mila iluminatu, haien banderaren kolorepean babesturikoak, Diadaren deialdiari kasu eginez.

Kutxa itxiaren zigilua apurtuz gero, arriskuan dago sistema; hondamendi berehalakoa ekarriko dio espainiar guztiek osaturiko gehiengo isil horri. Bai eta beren burua halakotzat ez daukatenei ere. Banaka batzuen jakin-mina da arriskua, bozkalekuetan kontsultatu nahi baitute katalanek autogobernu handiagoa izateaz, are eta ongizate handiagoa lortzearren etorkizuna beren kabuz erabakiz gero.

Pandoraren elezaharrean bezala, trantsiziotik, kutxa batean giltzapetuta daude demokraziaren lilura eta talentu guztiak, eta jakin-minak ez du hura miatu behar. Kutxa horretan giltzapetuta dago Espainia sakratuaren batasun sakrosantua (nazioartean jada horren sakrosantua ez dena), eta kutxa horretatik ezin da irten demokrazia, besteak beste, miseriak, desastreak, kalamitateak eta Kataluniaren hondamendia ekarriko dituelako madarikaziopean. Katalanek kutxa irekitzen baldin badute, bozkalekuetako nahia betez, eta aurrera jarraitzen baldin badute, kutxa presaka itxi beharrean izango dira, haren legezkotasun konstituzionala —Auzitegi Konstituzionalarena— ezarriko baita, Itxaropena giltzapean gertatzeraino.

Itxaropena izan ezik, Zeusen ondarea munduan zehar barreiatu zen: desgraziak, sakrifizioak, immolazioak, holokaustoak, tragediak eta desastreak. Olinpo boteretsuaren nagusitasun goren eta gailen hori hedatu zen indarreko legediaren bidez, Sistemari eusteko, eta haren iraunkortasun eta hegemoniaren berme gisa. Sistemaren interesak aldarazi zion buru bikotasun espainolari bere Konstituzio sakrosantua, demos taldeei kontsultatu gabe, bankuen... zorra ordaintzea bermatzeko. Ez da ikusten korporazio multinazionalik eta finantzariorik, baina horiek kontrolatzen dituzte boterearen mekanismoak, eta ez dute demokraziaren beharrik.

Hala ere, demokraziari zilegitasuna ematen diona herritarren borondatea da; nazio bakoitzaren eta haietako herritarren borondatea errespetatzea eta dagokien aniztasuna onartzea, erabakitzeko eskubide bidez adierazi lezaketena. Horretarako eskubidea du pertsona orok, etorkizun komun bat eraikitzeko elkartasuna bera legitimo den heinean, inolako zapalkuntza politiko edo soziali betikotzeko biderik eman gabe. Katalunia zutik jartzeak errepublika bat ekarriko du etorkizun berehalakoan, independentzia nazional batean, gizarte antolatu batekin, non sartu ahal baitira katalan guztiak, lehengoak eta oraingoak.

Inork ezin ditu akusatu katalanak independentismoaren txingarren azpian dauden gorroto nazionalak bizitzeaz eta harrotzeaz. Gaur egungo Katalunia orainaldiko Katalunia da, frankismoak penintsulako beste nazio batzuetatik lekualdatutako jendeak —askok— osatutakoa. Haien seme-alaben herrialdea da, eta haien justizia, lan eta segurtasun interesak betiko katalanen berberak baitira, Kataluniaren independentzia izateraino beren itxaropena.

Kataluniaren arazoa —bai eta Euskal Herriarena— ezin konponduzko arazo bat da Espainiako Erresuma dekadentearentzat, eskuinekoen zein ezker sozialdemokraten ustelkeriak itota baitago.

Espainiako Erresumako erakundeak azpikoz gora jarri eta Kataluniako Errepublika sortzen baldin bada, erabakitzeko eskubidea baliatuko da, zeinak bizitza humano osoago, libreago eta justuago bat lortzeko uste sendo demokratikoa aldarrikatzen baitu. Kataluniako pertsona guztien botoen bidez lortuko da bereizketa hori, batasuna armen bidez iraunarazi duten moduaz guztiz bestera. Kataluniaren historia politikoa ez zen hasi Espainiako ondorengotza gerrarekin, ez eta Companysen fusilamenduarekin amaitu ere. Kataluniaren historia politikoak oraindik badu itxaropena katalanen azken hitza izango den horretan, irailaren 27an bozkalekuetara joko duten katalan horien guztien hitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.