Edgar Morin «antieuroparra» izan zen gaztetan. Gerra garaian Erresistentziako kide eta komunista izaki, mesfidantzaz eta susmo txarrez begiratzen zion Europari. Demokrazia eta askatasunaren sehaska ez baino, inperialismoaren eta dominazioaren sorlekua ikusten zuen Europan. Gerora, ordea, Europaren identitate konplexuaz ohartu eta uste osoko europazale bihurtu zen.
1988an, Europaren izaera historiko eta kulturalari buruzko lan aipagarria idatzi zuen frantses soziologo eta filosofoak: Europan pentsatu zuen izena. Orain, Mauro Ceruti italiar filosofo eta politikariarekin batera, Gure Europa saiakera argia bezain gomendagarria kaleratu du italieraz. Europar kultura eta politikaren aldeko benetako manifestua da.
Europa krisian dago eta ez du aurrera egiten. Askoz gehiago espero zuela aitortu du E. Morinek. Europaren birsortzea espero zuen —birsortze intelektual, politiko eta soziala— baina ez omen da horrelakorik gertatu. Europak atzerako handia egin du: arrakasta izan du ekonomian (krisiaren aurretik), baina huts egin du politikan. Orain mundu mailako krisi ekonomikoak Europar Batasuna bera kraskatu dezake.
Europak berdintasun politikoaren, justizia sozialaren, integrazio kosmopolitaren eta solidaritatearen baloreak zabaldu ditu mundura. Etengabeko tirabiren erdian eta bere barne deabru propioekin borrokan, elkarbizitzarako gunea eraikitzeko gauza izan da kontinente zaharra. Baina herritarrek atxikimendurik ez badiote, haren hondamena izango da.
Martin Schulz alemaniar sozialdemokrata Europako Parlamentuko presidentea da gaur egun eta Europako Batzordea presiditzeko hautagaia da Alderdi Sozialista Europarraren aldetik. Argitara atera berri duen Europa. Azken aukera liburuan (RBA, Bartzelona, 2013) bi proposamen nagusi egin ditu: Ongizate Estatua defenditzea eta europar integrazioan sakontzea. Bestela esanda, justizia soziala eta batasun politikoa. Horiek izan beharko lukete Europar Batasunaren helburuak.
Gure Europa hau arriskuan dago: jende askok bizkarra eman dio. Hazkundea, lana, bakea, askatasuna, segurtasuna eskaintzen zituen Europak, baina gaurko agintarien politika ekonomiko okerrak zapuztu egin ditu promesa horiek. «Bruselako munstro eder-galanta» deitu dio H. M. Enzesberger europazale desengainatuak nazioz gaineko Europaren egitasmoari.
Europar Batzordeak gehiengoaren nahiaren kontrako neurriak hartu ditu azken aldian. 1990az gero aplikatu diren politika neoliberalak erabat kaltegarriak izan dira. Premiazko da aldaketa sakon bat. Ongizate Estatuaren eredu soziala eskaini dio Europak munduari, eta ez lioke inola ere politika modu aurrerazale horri uko egin (are gutxiago ezkerrak).
Maiatzeko hauteskundeek arrisku handi bat dute: mugimenduultra, eurofobo eta xenofoboen gorakada gerta daiteke. Martin Schulzek beldur dio antieuropeismoaren goraldiari, baina ulergarria gertatzen zaio kapitalismo basatiak babesgabe utzi dituen herritarren errebolta. Gaurko Europak ez du ilusiorik pizten jendearengan, ezaxola eta mesfidantza baizik (badirudi datozen hauteskundeetan abstentzioa oso handia izango dela). Brusela urrunegi dago, nonbait.
Ikaragarria da Alemaniaren erantzukizuna auzi honetan. Batasuneko herrialderik aberatsena da eta ekonomikoki indartsuena. Haren jarrera hegemonikoak aurrera bultza dezake Europar Batasunaren proiektua ala arriskuan jar dezake. Europa «alemaniartzea» lortu du Merkelek. Zorroztasun politikak handitu egin du klase sozialen arteko tartea, orain arte gizarte kohesioaren sinboloa izan den lurraldean. Europak zuzendu beharra dauka bere norabidea: bankuentzako finantza erreskaterik ez baina norbanakoentzako erreskate sozialak.
Lehenik eta behin, chauvinismo eta zekenkeria nazionalistak ezabatu behar direla esan nahi du europar hiritarra izateak. Tamalez, egoera tragiko baten aurrean aurkitzen gara. Norbere nazioarekiko identifikazioa askoz biziagoa da Europarekikoa baino. Nahiago dute Estatu-nazioa indartu, «gizarte nazionalen gizarte posnazionalaren» alde egin baino (Ingalaterrak beti jokatu du Europaren aurka).
Europak ez du ahots propiorik edukiko subiranotasun nazionalek hain erresistentzia handia egiten duten bitartean. Eskuin muturrekoak zein ezker muturrekoak batasunaren kontra jarri dira. Euro-eszeptikoak eta euro-kontrakoak ez dira gutxi gure egunotan. Europa «batuak» ez omen du ez identitaterik ez arimarik.
Populismoak —eskuinekoak nahiz ezkerrekoak— gero eta indartsuago dira. Europa jasaten ari den krisialdi ekonomikoa dela eta, xenofobia edo atzerritarrenganako gorrotoa suspertzen ari da nonahi. Ildo horretan, eskuin muturraren berpizte eta gorakada ez da batere albiste pozgarria. Hori dela eta, Europa hautsiko ote den beldur da bat baino gehiago.
Europak erronka eta arrisku handiei aurre egin beharra dauka: ekonomiaren atzeraldia, euroaren etorkizuna, langabeziaren gorakada, populazioaren zahartzea, etorkinen harrera... Aginte ekonomikoa globalizatu egin da baina aginte politikoa ez. Merkatuaren inperatiboen eta erregulazio politikoaren arteko desoreka da benetako arazoa (J. Habermas). Nazioz gaineko proiektu politiko batek soilik jar diezazkioke mugak aginte ekonomikoari. Politikoki batutako Europak askoz hobeto erantzungo die merkatuen desafioei.
Europar Batasuna bidegurutze batean dago, ez aurrera ez atzera gelditzeko arrisku bizian. Inoiz bizi izan duen unerik larrienean, agian. Erabaki beharra dauka ea batasun ekonomiko eta politiko handiagorantz jo nahi duen ala hondamendira joan nahi duen.
Orain du aukera paregabea. Udaberrian, alegia.
Azken aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu