Sare herritarreko Elkargune Nazionala

Azkartu, bukaera emateko

Mikel Mundiñano Larraza, Beñat Uribe-Etxeberria, Eñaut Landa, Xabi Bidaurre, Iñaki Bidaurre, Naikari Iturbe, Ion Marauri, Bego Atxa eta Joseba Azkarraga
2025eko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Denbora, distantzia eta munduan gertatzen ari denari begira jartzea lagungarriak dira azken hamabost urteetan Euskal Herriko bizitza politikoan eta sozialean gertatu diren aldaketei neurria hartzeko. Planeta osoan ikusten dugun belizismoaren gorakada beldurgarriaren erdian, gizateria osoaren etorkizuna laino beltzenez iluntzen ari delarik, balioa eman behar zaio gurea bezalako gatazka bat, hain erro historiko sakonak zituena, politikoki bideratzeko modua aurkitu izanari eta zenbait hamarkadatan oinaze latzak eta askotarikoak eragin dituzten faktoreetako batzuk ekuaziotik ateratzeko gai izateari.

Lagungarria da, batez ere, jabetu gaitezen gaur egun euskal gizarteak disfrutatzen dituen aldaketak ez direla besterik gabe gertatu, oparien gisa. Ez. Oinazea sortzen zuten faktore horiek euskal ekuazio politikotik desagertzen joan dira pertsona eta eragile askoren ahalegin txalogarriari esker, urte hauetan guztietan lortu dutelako beren erosotasun politikoaren eremutik atera eta lankidetzarako eremuen bila abiatzea, desberdinekin eta, batez ere, aurkariekin. Eremu horietan konponbide kolektiboak eta sormenezkoak asmatzeko gai izan dira, luzaroan eta sakon errotutako arazoetarako. Ariketa hori ez da izan arriskurik gabea, baina bai askotan esker txarrekoa, bi aldeetako jarraitzaile sutsuenak ohituago baitzeuden beren argudioak elikatzeko arrazoiak bilatzen adostasunerako bideetan konpromisoak hartzen baino, jakinik bide horietan beti zerbait galtzen dela.

Egia da euskal gatazkaren kasuan konponbiderako bidean egindako urratsek euskal gizarte ia osoaren babesa izan dutela, eta arazoak konpontzeko nahia aurretik joan dela maiz, bidea erakusten eragile politiko eta sozialei. Orain, ibilitako bideari begira, zalantzarik ez da euskal gizarteak bide hori babestu ez ezik, azken ahalegin kolektibo bat nahi eta exijitzen duela, batetik indarkeria guztien biktima izan direnen mina eta sufrimendua erabiltzeari uzteko, eta, bestetik, oraindik ere oinazea eragiten duten faktoreak euskal ekuazio politikotik behin betiko ezabatzeko, bereziki salbuespen politikak, sumingarria eta bidegabea delako nola ari diren atzeratzen motibazio politikoko presoak gizarteratzeko eta etxera itzultzeko aukerak. Biktimek banaka ez dute mendekua eskatzen. Haien mina aitortzeko eta babesa emateko eskatzen digute guztioi. Eta hori egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.

Gure ustez, garaia da esateko zein diren konponbideetan trabak jartzen tematzen ari direnak. Garaia da argi eta ozen esateko presoak espetxetik ateratzeko dinamika normalizatua blokeatzeko presioak ez datozela inongo biktimaren beharrei erantzutera. Frogatuta dago konponbiderako agendako gaietako edozeinetan gertatzen diren aurrerapenek eragin positiboa dutela beste gaietan, urrats horiek egin behar dituztenei segurtasuna eta konfiantza ematen dizkielako. Blokeorako bultzadak interes politiko alderdikoei zor zaizkie, ez beste deusi. Ez da bidezkoa gauzak aldatzeko beren aldetik ezer jarri ez dutenek baldintzak etengabe exijitzea jarrera eraikitzaileetan eta besteen oinazeekiko enpatian aspalditik aurrerapausoak ematen ari direnei. Ez da bidezkoa konponbideen prozesuko tutore moralak balira bezala orain agertu nahi izatea Azoreetan gerra globalaren sua piztu zutenak, 11-M gertatu ondoren gezur iraingarriak jaurti zituztenak edo aukerak baliatzeari uko egin ziotenak, Oslon irekitako leiho diplomatikoari, kasu. Aberrazio juridikoak asmatu zituztenek, hala nola, 7/2003 Legea, betirako kartzela zigorra ezkutatzen duena, edo dagoeneko bazterturik dagoen 23/2014 Legea, euskal presoei Europar Batasun osoan zigorrak betetzeko prerrogatibak galarazi dizkiena, lehenak izan beharko lukete autokritika egiten eta behin betiko bake eta elkarbizitzako agertoki baterako bidea errazten.

Euskal gizarteak ez du jada aitzakiarik ez atzerapen gehiagorik nahi. Lehenbailehen eraitsi behar dira oraindik indarrean diren salbuespen politikak. Ordenamendu juridikoa gizartearen gehiengoak eskatzen duenera egokitu behar da. Legea irizpide profesionalen arabera betearazi behar da, pribilegiorik eta diskriminaziorik gabe. Duela hamabost urte hasitako bidearen bukaerara iritsi behar da lehenbailehen. Garaipen kolektibo bat izango da, eta hurrengo belaunaldiei eskainiko diegu, bai eta mundu osoari ere, krisi abagune honetan. Urtarrilaren 11n berriz eskatuko dugu Bilboko kaleetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.