Bakuko kaleetan nazio ospakizunak lehertu dira. Kaspiar itsasertzeko estatuko gizarte osoa gudan Armeniari berreskuratutako lurraldearen garaipena ospatzen ari da. Erevanen, berriz, sumina da nagusi. Nazio Batuen Erakundeko hainbat ebazpenek eta Europako Batasuneko adierazpenek arrazoibidea Azerbaijani emana zioten Karabakh Garaiko lurralde gatazkan. Funtsean, Azerbaijanen kokatutako armeniar populazioko gunea da Karabakh Garaia. Kaukasoko joko eremu konplexuan, asteotako gerrak eman du, oraingoz, azken epaia. Moskuren hitzetan, 5.000 hildako inguru izan dira bi aldeetan. Errusiak ezarri du azkenean bakea, hain zuzen ere,eta bere soldaduek zainduko dute. Hala, munduari erakutsi dio SESB Sobiet Batasun garaiko gatazkekin eragiteko ahalari eusten diola. Bitartean izan dira azerbaijandarrek Karabakhen egindako erasoaldia, eta Armeniaren bonbardaketak Azerbaijango hirietan, Giandja hirian, besteren artean.
XX. mende hasieran sortu eta SESBen iraunaldian lokartu zen gatazkaren gordina ulertzeko aukera eman zidan Bakun 2015 eta 2016an egin nuen egonaldi akademikoak. Azerbaijango umeek, txiki-txikitatik, armeniarrek eginiko masa hilketak irakurtzen dituzte eskola liburuetan. «Pentsa zein eragin izan dezaketen 6 urteko haur batengan burua moztutako irudiek. Trauma eta gorrotoa». Sakoneko elkarrizketetako batean jaso nuen lekukotza hori. Sobiet Batasuna desegitean bi estatu berrien artean berpiztu zen gerrak giza eskubideen urraketa bortitzak izan zituen bi aldeetan. Azerbaijandarrek Khojalyko sarraskia nazio oroimenean minez iltzatuta dute. Ehunka erail zituzten armeniarrek, haurrak barne, eta orain berreskuratu dituzten lurretatik bota. 1990eko hamarkadako gerra Azerbaijanentzat hondamena izan zen. Gatazka gune zen Karabakh ez ezik, Azerbaijanen berezkoak ziren zazpi barruti ere hartu zizkion Armeniak, bere lurralde osoaren %20 denera. Mugarri horretatik jaio zen bertako armeniarrek Artsakh Errepublika gisara deitutakoa.
Lurralde galerak 800.000 desplazaturen trauma eragin zuen, Bakuren inguruan pilatuak. Halaber, 1993an Heydar Aliyeven errejimen autoritarioa boterera igotzeko baldintzak erraztu zituen, galdutako lurraldetasuna berreskuratzeko promesaz. Mende aldaketarekin Kaspiar itsasoaren ertzeko petrolioaren bigarren boomaz onura atera zuen Azerbaijanek, eta 2003an agintean Heydarren lekukoa hartu zuen Ilham Aliyev semeak ere. Hiriburua Dubairen irudira eraldatu eta nazioarteko ekitaldietan Azerbaijan baikorki ezagutarazteko ekimen eskerga abian jarri zuen Europa eta Asia arteko estatu berriak. Aldi berean, oposizioko alderdi eta ekintzaileen jazarpena areagotu zuen eta adierazpen askatasuna ia ezereztu. Bitartean, Armeniarekin Karabakhengatik zuen lurraldetasun gatazkak izoztuta jarraitu zuen, aldizka bien mugan piztutako liskar laburrak salbuetsita.
Bertatik bertara jarraitu nuen Bakun, 2016ko apirilean, oraingo gudaren aurreko azken liskarra. Nazionalismo uholdea izan zen Bakuko eremu publikoan, unibertsitatean barne. Azerbaijan Sobiet Batasuneko garaiko nazio nortasun ezberdindua eraikitzen ahalegintzen ari da, eta nazio iruditerian Karabakheko eremua ardatza da. Litekeena da errejimenaren giza eskubideen bortxaketak isilarazteko eta gizartearen goitik beherako atxikimendua iraunarazteko ere balio izatea. Gobernuko ordezkariekin, adituekin eta oposizioko ekintzaileekin egin nituen sakoneko elkarrizketek errealitatearen oso irudi ezberdina islatu zuten. Batzuek giza eskubideen gabezia, errejimenaren korrupzioa eta populazioaren pobrezia hedatua nabarmendu zituzten. Besteek, ostera, estatu moderno, bakezale, erlijio anitz eta abegikorraren izaera. Hori da Bakuk, 2012ko Eurovisionen bidez, 2015eko Europako Jokoez, 2021eko Eurokopako egoitza izatearekin,1 Formula lasterketekin eta Europan zehar eginiko bestelako kultur ekimenez ikusarazi nahi duena.
Alabaina, azerbaijandarrak jakitun dira, armeniar diasporak hamarkada askotan Mendebaldean lortu duen eraginaren aurrean, galtzaile izan direla orain arte. Euskal Herrian hizpide izan ohi dugun kontaketaren kontzeptuan nagusitu dira armeniarrak. Horrela, asteotako gerrak XXI. mendeko kontaketaren norgehiagoka erakutsi du sare sozialetan. Bi estatuetako gazte belaunaldiek Mendebaldeko hedabideetako eremuetan borroka dialektikoa izan dute lubakien aldi berean, munduari beren herrien borrokaren zilegitasuna ikusarazteko. Bestalde, estatuen arteko gerran ohikoak izan dira Lehen Mundu Gerra garaiko propaganda ekimenak, etsaia izaki krudel gisara agertu dutenak. Borrokan Turkiaren babesa izan du Bakuk, azerbaijandarrek herrialde anaiatzat dutena.
Eta etorkizunera begira zer? Azerbaijanek bereak ziren zazpi barruti berreskuratu ditu, eta Karabakheko lurralde zabalak ere bai. Armeniar sendi askok Armeniara alde egin dute, eta batzuek etxeak kiskali dituzte, azerbaijandar desplazatuak itzuli aurretik lur errearen estrategia erabilita. Gerraren eta etsaigoaren bizipena eraberritu da bi herri bizilagunen artean, eta bakezko bizikidetzaren aukera belaunaldi batzuetan urrundu da. Azerbaijango oposiziokoen hitzetan, gobernuek ez dute sekula gatazka konpondu nahi izan, eta Errusiak ere auzia erabili du Kaukasoko bi herrialdeak kontrolatzeko eta Europako Batasunera lerratzea oztopatzeko. Oposizioko buruzagi batek adierazi zidan bi estatuak EBn sartuz gero gatazka konpon zitekeela, Sobiet Batasunean bi komunitateak bakezko bizikidetzan zeudenean bezala. Garaiok urrun dirudite orain, kanpo botereen interes geopolitikoek eta bertako eliteen interesek kaltetuta.
Azerbaijanen garaipena Kaukasoko joko eremuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu