Laura Mintegi.

Azaroa, askatasunen nazioarteko hilabetea

2016ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Azaroak biltzen ditu askatasunen aldeko garrantzitsuak diren nazioarteko hiru egun. Azaroaren 2an mundu osoan oroitzen da Kazetarien aurkako Krimenen Inpunitateaz Bukatzeko Nazioarteko Eguna. Gaurko egunez, ordea, azaroaren 15ean, Idazle Jazarrien Nazioarteko Eguna gogorarazten du PEN International erakundeak. Eta hamar egun barru, azaroaren 25ean alegia, Emakumeen aurkako Bortizkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna izango da. Labur esateko, hilabete honetan nazioartean gogorarazten da bortizkeria pairatzen dutela kazetariek, idazleek eta emakumeek. Lehenengo kolektibo biek idazte hutsagatik, ideiak plazaratzeagatik. Eta hirugarren kolektiboak, emakumeenak, izate hutsagatik, emakume jaiotzeagatik.

Aurtengo azaroaren 2an gogoratu da 2015eko azaroaren 2tik hona mundu osoan 35 kazetari eta blogari erailak izan direla informazioa hedatzearen ondorioz. Eta guztira 80 dira zigorgabetasunez egin diren krimenak, mota batekoak ala bestekoak. Ez dago kontinenterik libre dagoenik estatistika horretatik. Mexiko, Bangladesh, Turkia, Siria, Ginea, Ukraina, Filipinak, Sudan edo Errusia. Denetara 18 herrialdetan erail dituzte kazetariak hitza erabiltzeagatik.

Aurtengoan kasu paradigmatikoa azpimarratu nahi izan da, kazetarien aurka egin diren eta zigorrik gabe gelditu diren krimenen artean, Anna Politkovskaya kazetari eta ikerlari errusiarraren kasua, hain zuzen. Politkovskayak Errusiako gobernua salatu zuen behin eta berriz, eta agerian jarri zituen Vladimir Putin Txetxenian egiten ari zen basakeriak. Politkovskaya kontziente zen bizia arriskuan jartzen ari zela, talde parapolizialak behin baino gehiagotan saiatu baitziren erailtzen. Bere etxeko igogailuan eraila izan aurretik, pozoitzen ahalegindu ziren eta bestelako atentatuak ere egin zizkioten.Erasoen atzean Vladimir Putinen gobernua zegoela ezaguna izan arren, ordutik 10 urte joan dira eta oraindik inork ez du zigorrik jaso krimen horregatik.

Gaurko eguna gogoratzeko, PEN Internationaleko Idazle Jazarriaren Nazioarteko Eguna alegia, munduan diren 150 PEN taldeek —Euskal PENek horien artean— 1.000 kasu bildu dituzte, eta horietatik bost nabarmendu dituzte aurtengoan. Kasu horiek Egipton, Turkian, Hondurasen, Israelen eta Txinan jaso dira.

Ahmed Naji Egiptoko nobelagile eta kazetariari bi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten eta honezkero 8 hilabete daramatza espetxean. Ebazpenaren arabera, bere «delitua» izan zen «umiltasun edo pudore publikoa bortxatzea» bere azken nobelaren pasarteak argitaratzeagatik Akhbar al-Adab aldizkarian. Aipatu nobela 2014an argitaratu zuen Istikhdam al-Hayat (Bizitzaren erabilera) titulupean.

Ash Erdogan Turkiako emakume nobelagilea eta PENkide ezagun-ezaguna Istanbuleko bere etxean atxilotu zuten joan den abuztuaren 17an. Segidan sartu zuten Istanbuleko presondegi batean salaketa hauen pean: «erakunde terrorista bateko kidea» izatea eta «batasun nazionala ahultzea». Atxilotu zutenetik prebentziozko kartzelaldian dago eta oraindik ez du epaiketarako datarik.

Cesario Alejandro Felix Padilla Figueroa Hondurasko kazetaria da, ikasle mugimenduko buruzagia eta Honduras PEN taldearen sortzaileetarikoa. Padilla 2014tik hona mehatxuak eta jazarpen etengabea ari da pairatzen ikasle mugimenduak egiten duen aldarrikapen lanaren ondorioz Teguacigalpan, Hondurasko hiriburuan kokatuta dagoen Universidad Nacional Autonoma de Honduras (UNAH) delakoan.

Dareen Tatour Israelgo poeta palestinarra da eta agintariek jakinarazi diote epaitua izango dela ondorengo salaketen pean: «erakunde terroristari babesa ematea» eta «bere poesiaren eta sare sozialen bidez bortizkeriarako akuilu lana egitea». Duela urtebetetik etxe barruko atxilotzea pairatzen ari da, bere delitu bakarra hitza erabiltzea izan dela.

Gui Minhai Txinako editorea, azkenik, Thailandiako bere opor-etxetik desagertu zen 2015eko urrian. Hiru hilabete beranduago agertu zen estatuaren kontrolpeko telebista kanal batean, «aitortzeko» boluntario joan zela agintari txinatarrengana bere burua salatzera 2003ko abenduan izan ziren istilu liskartsuetan parte hartzeagatik. Agerpen horretatik aurrera, inork ez daki non dagoen, ez du babes juridikorik jaso eta ez du inolako kontakturik eduki bere alabarekin, Bretainia Handian bizi dena.

Amaitzeko, lerro hauetara ekarri nahi dugu hamar egun barru, azaroaren 25ean, izango dela Emakumeen aurkako Bortizkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna. Beste azaroaren 25 batean, 1960koan, Rafael Trujillo diktadorearen polizia sekretuak Dominikar Errepublikan erail zituen hiru emakume iraultzaile, hiru ahizpa, Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal, eta beraiekin zihoazen gidariak ere bai, errepidean geldiarazi zituztenean. Egun hori gomuta hartuta, emakumeek duten ez-isiltzeko eskubidea aldarrikatzen da mundu osoan.

Aurten bereziki gogoratu nahi da Berta Caceres Hondurasko indigenaren erailketa, ingurunearen aldeko aktibista porrokatua, Politkovskaya bezala urtetan mehatxatua, eta aurtengo martxoaren 3an eraila, boteretsuen aurka eta ingurunearen alde ahotsa altxatzea delitu bakarra zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.