Auzolanaz, Andoni Egañari erantzuna

2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Ni ere XX. mende erdikoa nauzu, zu bezala, Andoni. Etorkina,jornalero seme, askatasunaren alde etafaxismoaren aurka borrokatzeagatik eraildako aitonaren, fusilaturiko birramamaren, aitamen lehengusinaren eta bi osaben, beste osaba desagertu baten ondoko. Txikitatik ezagutu izan ditut auzolanak, artelanak eta batzarrea, laborari euskaldun batek aterpetu gintuen Nafarroako mendiko herrixka batean. Koxkortu berri, meategian hasi nintzen lanean. Beste askok egin zuten bezala, 70eko eta 80ko urteetako langileen borroketan parte hartu nuen. Enpresak zituen hiru lantokietan, gerla zibila iragan eta hamarkada gutxira, elkarren ondoan bizi behar genuen bi aldeetako jendeak ginen: frankistak eta errepublikanoak edota katoliko integristak eta antiklerikalak. Nortasun kontrajarriak ere bazeuden : nafarrak batetik —hauek euskaldun bilakatuko ziren gero—, eta belarrimotzak bestetik.

Gure bailaran, Euskal Herrietako beste hainbat herri ala auzotan bezala, nola zuritu ote ziren jende horien guztien artean zabaltzen ziren ezberdintasun politiko, erlijioso edo identitarioak? Bada, gehienek amankomunean genituen zenbait balioren bitartez, amankomunean geneukan nekazaritza kulturatik zetozen, mendeen mendeetatik zetozkigun ezagutza, balio eta usaia zaharren bitartez. Hemen kokatzen ditut nik auzolana, artelana eta batzarrea.

Auzolana eta artelana bereiz daitezke. Auzolana etxeko lehen auzoarekiko loturak erakusten duena da. Artelana, berriz, lehen auzoen arteko loturatik harantza dago: auzo osoaren mailakoa da. Izan daiteke bide konpontze, zubi eraikitze, arroila garbitze... ala beste. Artelanak komunitatearen auzotik auzorako katinatzea antolatzen du. Langileen borroketan mugimendu berdinzale, batu eta asanblearioa lortu genuen, alderdi politikoengandik eta sindikatuengandik bereiz, batzarreak dituen baloreetan oinarriturik. Jendeen arteko loturak elkartasunean eta adiskidetasunean bermatzen ziren. Auzolanak baimentzen zigun ekintza kolektiborako indarra izatea, alabaina sentitzen baikinen komunitate baten eta klase baten kide, berdin eta batu.

Nekazari munduko komunitateen suntsitzea lur komunalen lapurretatik etorri zen. Dirua-trukatzea eskatzen zuen merkatu-sistema nagusitu, eta komunitateen beregaintasuna desagertu zen. Langileen munduan, berriz, Poliziaren 1976ko martxoaren 3ko balek bost langileren biziak segatu zituztela badakigu. Nire ustez, baina, Euskal Herrietako herri xehearen autoantolakuntza erauzi zuena ez zen errepresioa izan. Nire ustez, erantzule zuzenak hauek dira: oinarri ideologiko zientifiko delakoei dei egin eta asanblada objektu erabilgarritzat zeukaten horiek. «Botere guztia asanbladari» esatetik alderdien eta sindikatuen arteko borroka latzetara iragan zen, egitura horiek antsiatzen zutenez botere puxka bat. Udalek eta juntek berdin jokatu zuten batzarrearekin, desagerrarazteko xedez.

Erakusten duzun bezala, Andoni, gobernuaren propaganda gisa erabilia izanez auzolan hitza politikoki zuzen den hizkuntzaren parte bilakatzen da. Horrela, bizimodu komunitarioak berreskuratzen lagun gaitzakeen tresna eraginkorra indargabetzen du. Hizkuntzaz jabetuz, botereak pentsatzeko moldea inposatzen du. Ezin onartuago diren kontzeptuak zabaltzen ditu: askatasuna, demokrazia, berdintasuna, edota estatua, errepublika, independentzia... Hauek eremu politikora eramatean, baina, gure aurka bihurtzen dira. Alta badakigu, gure buruen askatzeko bidean, antolaketarako ereduak asmatu eta zehaztu behar ditugula.

Asmakuntza eta zehaztasuna hitzen bidez lortzen ditugu. Hitzek indar performatiboa dutela ezin dugu ahaztu. Hots, hitzak ez dira deskribatzaile huts, baizik eta gauzatzea eskatzen dute. Hitzak ekintzak dira. Hori izan beharko litzateke gure gako magikoa dena auzolan bihur ez dadin, baina egiazko auzolana, artelana eta batzarrea izan daitezen, manipulazio politikoak ez diren interesei loturik. Bukatu gabe esan, Andoni, Euskal Herrietako funtsezko ezaugarrietan ahaztuena den auzolanaren gaia egin duzun modu zuzenean atera izana txalotzekoa dela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.