Auzoaren unea iritsi da

Joseba K. Arbaiza Alvarez, Aritz Romeo Ruiz
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Bizitza hankaz gora, buruz behera eta iraungitze datarik gabe. Sufrimendu eta elkartasun prozesu honetan, zerbitzu publikoen oraingo mugak eta beharrak inoiz baino ageriago gelditu diren bezala, beste behin, nabarmendu da bizitza erdigunean jartzeak gertuko sare sozialen ezinbestekotasuna dakarrela. Argi dago, bizitza duin, justu eta komunitario baterako zerbitzuak publikoak izatea funtsezkoa dela. Osasuna, hezkuntza eta zaintzarako premiak areagotu direnean, beharrek sareak tenkatu dituztenean baieztatu da. Era berean, elikagaien gertuko produkzio-kontsumoa, mugikortasuna, kalearen funtzioak eta kontzeptualizazioa, etxebizitzen egiturak edota kulturaren inguruko hausnarketa eta beharrak lehen lerroan ageri izan zaizkigu.

Bizitzarako oinarrizkoak eta ezinbestekoak ditugunak, maite ditugunak, inoiz baino urrunago baina aldi berean inoiz baino presente eta gertuago izan ditugu, eta alderantziz, hau paradoxa! Birtualki elkartzeko aukera berriak deskubritu ditugun gisan, lanerako moduak ezagutu, berrasmatu eta aspaldiko erronkak egun batetik bestera indarrean jarri ziren, posible dela ondorioztatuz baina telelanaren aukerak eta mugak zeintzuk diren gure ordutegi eta bizkarretan identifikatuz.

Gure auzo eta hiriak hobeto ezagutzen ditugu gaur egun, eta beharbada baita baloratu ere. Ezezagunak ziren txokoak bisitatzen hasi gara. Hirietako gune natural apurrak eta hiperdiseinatutako espazio naturalizatuak, horiek izan dira bilatu ditugunak gure paseo arautuetan. Inguruko auzo eta herriekiko loturak permeableak ez direla ondorioztatu dugu, horretarako arrazoiak zeintzuk diren aurkitu gabe. Egoerak eraman gaitu gure auzoen beharrak berridentifikatzera eta erronka/helburuak birplanteatzera.

Era berean, auzoetako denda txiki horiek, merkataritzari eta ekonomiari lotutako hainbat politikatan ahaztutakoak baina aldi berean tokiko ekonomiaren sortzaileak, kasu askotan elkartasunaren ikur bihurtu dira. Gertuko eta konfiantzazko komertzio txikiek auzoetako komunitateetan dituzten funtzio sozioekonomikoak agerian gelditu dira beste behin ere, etengabeko biziraupen prozesu batean. Merkatariekin batera, auzoetako sare sozialek beharrei erantzun bateratu eta azkarra emateko gaitasuna erakutsi dute. Dei bat, erosketa bat, «zer moduz?» bat; atez ate zein balkoietatik. Honek, beste behin agerian uzten du oinarrizko berrikuntza sozial eraldatzailea, gune urbanoetan batik bat, auzoetatik datorrela eta bertako auzokideengandik.

Benetako ikerkuntza eta garapena, baliabide eskasekin auzorako eskaintza kulturala sortzetik dator, alaitasunetik, gazteengandik, beharren identifikazio eta erantzun komunitarioetatik, txikitasunaren eta gertutasunaren paradigmetatik. Gure hirietako auzo batzuetan gertatzen dira giza zaurgarritasun prozesurik latzenak. Era berean, behar bezala antolatutako auzo komunitatea da prozesu horien aurrean eraiki dezakegun babes-habiarik aproposena.

Baina, zer ikasi dugu? Zehazki, zer da hiri eta auzoen garapenerako azken hilabete hauetan ikasitakoa? Zeintzuk dira, egoera sozio-sanitario-ekonomikoak ispiluaren aurrean jarri eta gero, hiri eta auzoek birplanteatu beharreko helburu eta lehentasunak? Nola irudikatu gertutasunean oinarritutako auzo eredu integralak? Nondik jarraitu edo, nondik hasi? Nola gauzatu tokiko estrategia horizontala? Hor dago koxka! Agian, ikasitakoa desikasten ikasiz, kontuan edukita berandu gabiltzala.

Auzoak bakarriksalba dezake auzoa!

Ibilgailuen erabilera kale batzuetan murrizteak, tokiko merkataritza sustatzeko bonuen ekimenak, jarduera kulturalekin jarraitzeko ahaleginak eta azken hilabete hauetan zenbait administraziok hartutako erabakiek argi utzi dute ez dela nahikoa. Gure hiri eta auzoen birpentsatze eta barnera begiratzeko prozesu sakonak beharrezkoak dira. Eskalak du lehentasuna, funtsezkoa, horretan datza gakoa eta gune urbanoetan, behingoz, auzoen unea da. Agian, kilometro bateko erradioak zein 15 minutura beharrezko zerbitzuak izatearen hiria une honetan zaila irudikatzen zaigu, baina bide-orri garbia izan daiteke hiri eta auzoen paisaien berregitean.

Teknologia digitalek giza harremanak eraldatu dituzte. Urrun daudenak hurbil ikusteko aukera ematen digute. Etxetik laneko bilerak, klaseak, biltzarrak, eta bestelakoak jarraitzeko aukera ematen digute. Eta mugikortasun beharra gutxitzen dute. Baina sare sozialak ez dira soilik birtualak. Sare sozial analogikoak beharrezkoak ditugu. Pertsonen arteko harremanak ezin dira soilik pantaila baten bitartez izan. Aurrez aurre, begietara begiratzeko beharra dugu. Auzoetan dugu horretarako aukera paregabea. Bertatik bertara, gertu eta zuzenean.

Auzoen eredu trinkoa, auzoen hiria alegia. Autonomoak bezain orokorragoak diren proiektu eta helburuen parte. Horizontaltasunean oinarritutako administrazio eredu ardatz eta zerbitzu publikoen deszentralizazioa eta kalitatea bermatuz. Haur eta gazteak prozesu inklusiboetan barneratzen dituena, adinekoena ere, auzoek dituzten begi eta eskuen adina, koloreak, beharrak zein jakintzak barneratuz. Haur eta gazteekin aritzen diren prebentzio taldeek irekitako bideari jarraipena emanez. Eguneroko zein epe ertaineko kudeaketak dituen zailtasunak ulertuz, planifikazio estrategikoari beldurrik ez diona eta hamarkadetarako oinarri sozialak eta justuak ezartzeko gaitasuna duena. Auzotik eta auzo ekimenez.

Hirien gobernantza esparruak deskontzentratu erabakiguneak auzokideen hurbil egoteko. Herritarron parte hartzea auzo mailan, udalek hartutako erabakien kalitate demokratikoa hobetzen du, eta herri administrazioek euren jardueran ezinbestean bete behar duten eraginkortasun printzipioa errazten du. Udalerriak herritarron afera publikoetan parte hartzeko zuzeneko bide behar dute izan, legeari jarraituz. Auzokideek erantzukideak behar dute izan auzoko arazoen inguruan hausnartu eta aterabideak proposatzeko. Auzoa hiri gobernantza demokratiko eta deskontzentratua ahalbidetzen duen tamainako unitatea da.

Kalitatezko espazio publikoaren, kalearen birdefinizioa ezinbestekoa da. Horretan, auzokideon arteko sare sozialak indartu eta biderkatzean dago gakoa, adin eta jatorri ezberdinetako auzokide-aniztasuna, bizikidetzan sustatutako auzo-kultura etengabe elikatuz. Ezinbestekoak dira auzoa eta auzokideak burujabe dituzten barnera begiratzeko prozesu inklusiboak. Gentrifikaziorik gabeko berregite prozesu irekiak lantzerako orduan, bertakotze edo arraigo kontzeptua praktikan jartzea ere funtsezkoa da, gazte zein adinekoei lotuta. Izan ere, bizitza ederra da auzo-komunitatean!

Zalantzarik gabe, auzoen unea iritsi da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.