Autoritarismo populista

2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Zygmunt Baumanek, bere azken lanetako batean, idatzi zuen holokaustoa ez zela salbuespen bat izan boterea erabiltzeko moduei zegokienez. Aitzitik, filosofo poloniar horren ustez, genozidio mehatxuak sortzen du estatu aparatuaren boterea: haren muinetan muinena da, haren potentzia erdi lokartua, atzaparka esnatzeko prest beti. Ez da akats bat inondik ere, ezta desbideratze bat ere; holokaustoak begi aurrean jartzen digu zer-nolako terrorea piztu dezakeen Estatuak iruditzen baldin bazaio ordena arriskuan dagoela. Dena den, makineria lasai martxan jartzeko, estatuak arerioa kategorizatu behar du: kategoria jakin bat —juduarena, sorginarena, terroristarena— muga lausoko talde bati egozten zaio, egonkortasunerako arriskutsutzat jotzen den talde bati. Bi helburu ditu kategorizazio horrek. Batetik, aurkaria deshumanizatzea. Indarkeria patriarkala, esaterako, emakumeak gauzatzat eta animaliatzat jotzean oinarritzen da, eta «gauzen egoera aldaezinerako» mehatxu bat balira bezala irudikatzen dira. Ikuspegi horretatik, lehengo sorgin ideiaren, oraingo feminazi kontzeptuaren eta halako beste kontzeptu batzuen bitartez, desberdinkeriaren kontra dauden emakume kolektibo zabalak deshumanizatzen eta despertsonalizatzen dituzte. Eta deshumanizazio hori, aldi berean, funtsezkoa da kategorizazioaren bigarren helbururako: bermatzea ez dela izango erantzuteko aukerarik, defentsarako modurik. Kolektibo kategorizatua kategorizazioaren bidez kondenatzen da, sakrifikatzeko moduko kolektiboaren definizioa bezala. Patriarkatuak kategorizatutako sorginek, erregimen naziak kategorizatutako juduek eta beste kolektibo kategorizatuek ez dute izan erantzuteko aukerarik ere. Bakarra izan dute patua: deuseztatuak izatea.

Egiaz, gerraosteko demokrazien egonkortasun nolabaitekoak —zeina lotua baitago hazkunde ekonomiko sendoari, kontsumoaren logikaren hedapenari eta gerraren shock-ari— mugatu egin zuen Mendebaldean boterearen salbuespenezkotasunaren adierazpidea. 80ko urteetan, berriz, iraultza neoliberal eta neokontserbadore bat izan genuen, bi ondorio ekarri zituena. Batetik, estatuak autoritarioago bihurtu ziren, sindikatuak eta klase taldeak makurrarazteko. Izan ere, autoritarioago bilakatzea beharrezkoa zen 80ko hamarraldiko olatuaren bigarren ondorioa dela-kausa; hau da, estatuak kapitalismo predatzaileari eman dion libertatea dela kausa. Logika horren eraginez kolapsatu zen sistema, joan den hamarkadaren amaierako krisian. Castellsek orain hogei urte iragarri zuen bezala, horrek hondamendi bat eragin du Mendebaldeko sistema politikoetan, demokrazien legitimazio krisi gero eta handiagoaren ondorioz. Orduan, sortu den aginte gabezia hori betetzeari ekin diote estatuari eraso egiteko logika populista darabilten zenbait taldek, izan mugimendu progresista berriak —besteak beste, Syriza eta Podemos—, izan eskuin muturreko taldeak —hala nola Fronte Nazionala eta Trump bultzatu zuen mugimendua—. Bi kasuetan, populismoak modua ematen du zenbait ondoez lotzeko ekibalentzia kateen bitartez, eta hala lortzen dute, alde batetik, beren jarraitzaileek bat egitea herria, behekoak eta halako kontzeptuekin, eta, beste alde batetik, logika diferentzialen bitartez, jarraitzaile horiek berak beste kontzeptu hauen aurka jartzea: kasta, goikoak eta establishment, besteak beste. Horrela, sistema legitimatzen duten taldeak daude, eta, haien kontra, beste kolektibo batzuk logika populista baliatzen dutenak errealitateari aurre egiteko, zubiak eginez zenbaitetan, lubakiak sendotuz beste zenbaitetan.

Nolanahi ere, eta bestela ezin, metodologia populista erakunde tradizionalen jardunbidean ere sartu da, hain baita erakargarria. Hain zuzen, zenbait talde indarrak biltzen ari dira gaur egun, ekibalentzia logika berriak sortu nahian; Espainian, adibidez, kolektibo patriarkalak, zentralistak, ultrakatolikoak eta elitistak batzen ari dira logika horien bidez, eta, hori dela medio, Alderdi Popularra eta Ciudadanos lehian dabiltza, zeinek beretuko sistemaren zentralitatea: PP, gehiago hurbilduz balio tradizional eta erlijiosoetara, eta Ciudadanos, berriz, zentralismora eta elitismora. Logika populistak, ordea, estrategia diferentzial bat behar du, gure denaren kontra jarriz... bestea. Horrela begiratuta, hobeto ulertzen da nolatan jarri dituzten errepresio estrategien ituan, poliki baina modu saihetsezinean, txiolariak, txotxongilolariak, bufanda horia zeramatenak, emakume aktibistak, indarkeriarik ez zerabilten desobedientek eta abar. Eta, pixkanaka, oraingo egoerara heldu gara, Kataluniako krisiak, Euskadiko indarkeriaren amaierak eta estatu osoan piztu diren protestek markaturik dagoen egoera honetara. Eta, estatuko ordena auzitan jarria dagoela, oraintxe ari gara ikusten nola ari diren bidegabeki manipulatzen terrorismoaren kontzeptua. Manipulazio hori zuzenbideko proportzionaltasun printzipioaren kontrakoa da, baina baliagarria da hutsune adierazgarri hori sortzeko, zeina populismoak —oraingo honetan, estatuaren populismoak— betetzen baitu, hartara disidentzia oro (bestea) kategorizatzeko, aldez edo moldez erantzutea ezinezkoa izan dadin, kategoria bat ezartze hutsa aldi berean baita akusazioa eta kondena.

Horregatik, bata bestearen atzetik ikusten ari garen zentzugabekeria horien atzean Altsasuko gazteen epaiketa, adibidez, izozmendi askoz sakonago baten alderdi begi-bistakoetako bat baino ez da, zera dago: zuzenbide estatua, estatu populista autoritarioak akusatuen aulkian jarria. Eta ez da gutxi.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.