Zergatik daude hain urduri ETAk duela egun gutxi argitaratu duen agiriari erantzun diotenek? ETA desagertzea aski ote da ba? Eta zer egin autonomistek ez diren ehunka mila euskaldunekin? Non sartuko gaituzte? Beharbada hurbil ikusten den etorkizun berriari ezin egokituz dabiltza. Ez ditut batere eroso ikusten aurrera begira. Agian nahiago dute ezer ez aldatzea, ETAren jarrera barne. Ze pena.
Nire ustez, gizartea gezurrari bizkarra ematen hasia da eta azken hilabete hauetan estatu espainiarrean ez da giro. Arazo asko eta fundamentu gutxi sumatzen da. Ez dago zalantzarik, ekonomiaren gainbeherak gizarte maila guztiak dardarka jarri ditu, baina ez da hori bakarra. PSOE eta bere sozioen ezintasunak agerikoak dira, lehertzear dagoen botere berrantolaketa dela medio.
Egia da, PSOEren gobernua presionatzeko eraginkorrak izan daitezken tresnak badirela hainbaten eskuetan, baina halere PSOEren gobernu hori ordezkatzeko premiaz —nire ustez behintzat— ez dago adostasunik. Arrazoi argia hau; nahiz PSOEk maiatzaren 22an sekulako porrota eta botere galera jasan, PPk ez dio eskaintzen Estatuari fundamentuzko ziurtasunik beharrezkoa den egonkortasuna gauzatzeko. Eta gainera, Estatuaren egituratze finkoa eman ahal izateko, CIU eta EAJ bezalako autonomisten mesfidantza dute aurrez aurre, eta honek apustuari balaztak jartzen dizkio.
PSOE, aldiz, ahulezi oso larrian, nora ezean, mugikortasun ahalmen oso murritzean dago eta ezintasun horren gatibu. Gainera, egoera korapilotsu honi aurre egiteko, beste hainbat aldiz bezala, —bere baitan indartzen ari diren ahots kritikoak barne— agertzen dituen aukera desberdinen arteko kontraesanak etengabe berpizten zaizkio.
Guzti hau kontuan izanik esan daiteke Estatu Espainiarra bere benetako neurria erakusten ari dela eta Espainiaren bertebrazio politiko territorialaren ahuldadea agerian ikusten ari gara, gero eta nabarmenago.
Frankismoaren oinordekoak diseinatutako estatu eredua benetan dago kolokan. Aspaldian, ia egunero ditugu adibide argiak, sistemaren ahuldade sakona irudikatzen dituztenak. Argienetako batzuk, hauek; PSOE eta EAJk eszenaratu dituzten azken «kontzesioak», alde batetik, eta UPN eta PSOEk Nafarroan adostutako gobernu hitzarmena bestetik.
Gernikako Estatutua aspaldidanik agortua dagoela frogatzeko besterik balio ez duena, bata, PSOEkoek, —gaur Barcinarekin bakarrik ez — bere hastapenetik, Jesús Aizpunekin ere oso ongi eta erraz konpontzen zirela, frogatzen duena, bestea.
Bata hala bestea, beharraren beharrak dira, lagunen arteko opariak, gaur ez dute baliotasunik tresna politiko gisa, ezinaren ezaugarria irudikatzen dute. Ezker Abertzaleak hasieratik ozen esan bezala, ez dira Euskal Herria egituratzeko gauza izan. Ez bata ez bestea, ezta beraien Estatutu «kuttunak» ere.
Duela hogeita hamar urte bezala, politiko, zein sozial, ekonomiko eta lurralde mailan, Euskal Herriak zatituta dirau. Zer dio EAJk?
Trantsizio prozesuan, EAJk bere laguntza eskaini zuen erreforma politikoa gauzatzeko, baina gaur, han hemenka zauri eta ezinak korapilatzen zaizkio. Lehen nioen PSOEk galdutakoa ikaragarria dela, baina EAJren emaitzak, hauteskundez hauteskunde, bide beretik doaz.
Ez dakit ba, Xabier Arzalluzek utzitako aulkia ez ote den sobera handia.Gero eta makurrago dago EAJ eta zalantzarik gabe Ajuria Eneatik kaleratu izanak, jota utzi du. Gainera, EAJk ez daki oposizioa egiten ez du ikasi, horregatik kezka eta zalantzaz beterik dabil, galduta.
Iruñera begira, PSOEkoek bere hastapeneko urratsak errepikatzen ari dira. Hor eroso daude, beti Madriletik agintzen diotena egiten.
Hasiera batean ezkertiar eta ia abertzaleak «ziren», hurrengoan navarristak baino navarristagoak, gero txongil bat baino espainiarragoak, baina behin eta berriro Nafarroaren beharrak baztertuz, Madrilen interesei begira. Hemengo sozialistak (PSOEkoak) beste tokietan bezala, egoitza ez dute Iruñean, Madrilen dago.
Itunak handik eta hemendik, beti helburu berberarekin, beraz, aginte teknikoa da, silloiak edukitzea. Ez baitira politiko profesionalak, mertzenarioak dira. Silloiekin batera, ehunka goi kargu izendatzen dituzte, eta hori da beraien diru iturria eta egitura bakarra.
Ildo beretik, eta berdinak direnez, entzun diogu Barcina andreari —beti bezain zintzo eta egiazale— PSOErekin adostutako itunak ez diola aldaketa bakarrik suposatuko UPNren egitasmo politikoari, beraz, ezeren truk daudela berak zuzenduko duen gobernuan.
Baina Barcina andreak politikan utzi dituen arrasto nagusienak aski ezagunak dira, eta ez daude batere ados, itunaz esandakoarekin. Barcinak, esandakoa ez du egiten eta egiten duena ez du esaten. Horrelakoa da Barcina andrea.
Nire ustez, Rodriguez Zapateroren PSOEk, Barcinaren UPNrekin gobernua osatzeko, emandako laguntzaren truk, adostu duena da, hurrengo hauteskunde orokorretan, UPNk lortzen dituen diputatuak, PPren arrastotik at eta Madrilgo Kongresuan, PSOEren alde bozkatzea. Hori da benetako egia, Barcina andrea. Hori bai balio erantsia.
Arrazoi guztiak mahai gainean jarriz, ez dut Nafarroan PSOEren etorkizun oparoa ikusten. Madrilen dituzten eta izango dituzten betebeharrak, nahiak eta ezinak, gaurko PSOE, Juan Cruz Alliren CDNren bide beretik jartzen dute.
Eta Gasteizen, zer ari da gertatzen Gasteizen? Ba, gauza bera, mertzenarioak han hemenka eta non nahi. Ustelkeria, demokrazia honen ezaugarri nagusia.
Baina dena ez da ustela, ez jauna, garai berriak datoz, hemen dira jada, eta hauek, —nire ustez behintzat— egungo politikaren ikuspegia aldatuko dute. Bazen ordua.
Lehen nioen bezala, gaurko politikan, Euskal Herriko hegoalde osoan, mertzenarioen «koherentzia» nagusitzen ari da. Baina nik hemen agertu baino askoz lehenago, Groucho Marx aktoreak ohartarazi zigun esan zuenean: «Estos son mis principios, si no le gustan tengo otros». Alegia; hauek dira nire oinarri ideologikoak, ez badituzu gogoko, badituk beste batzuk. Ba hori, mertzenarioak.
Autonomisten porrot mingarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu