Jonan Fernandez.

Autokritikak zer-nolako balioa duen memoriarako

2015eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Politika normaltzeko oztopo handiena iragana da. Indarkeriaz eta desadostasunez betetako iragan hurbilak mesfidantza sortzen du, eta adostasuna zailtzen. Nola gainditu egoera hori? Autokritika egitea baliagarri izan daiteke gure bizikidetza eragozten duten iraganeko zenbait korapilo garaitzeko. Hara hortxe zergatik sustatu duen Eusko Jaurlaritzak autokritikari buruzko programa bat.

Giza izaera mugatua da, eta zuzenketak egiteko gaitasuna heldutasun —eta askatasun— adierazpen jasoenetakoa da. Autokritika du oinarri, ekintza nabarmenki arrazional eta politikoa. Funtzio erabakigarria betetzen du elkarbizitzak, edozein mailatan, aireberritzeko eta bideragarri egiteko.

Gure iraganari buruzko autokritikaz dihardugunean, giza eskubideen urraketen lau esparru hauek merezi duten gogoeta kritiko eta adieraziari egiten diogu erreferentzia:

1. ETAk, ETA pm-k, Komando Autonomo Antikapitalistek, eta antzeko beste talde batzuek eragindako indarkeria.

2. Sufrimendua gizarteratzeko estrategia: kale-borroka eta milaka mehatxatu, estortsionatu eta eskoltaturen errealitatea.

3. Estatuaren eta estatuaren inguruko taldeen indarkeria bidegabearen erantzukizuna, bai eta polizia-, zigor- nahiz espetxe-sistemen botere-abusuarena ere.

4. Biktimentzako arretarik eza.

-ETAk eta antzeko beste erakunde terrorista batzuen biktimek izandako arreta eza, bereziki 1970eko eta 1980ko hamarkadetan.

-Polizia-abusuek nahiz BVEk, GALek eta beste antzeko talde batzuen biktimek izandako arreta eza, bereziki 1970eko eta 1980ko hamarkadetakoak, erakundeek ikusezin egin zituzten eta.

Autokritika ez da nahitaezkoa, borondatezkoa eta aldebakarrekoa baizik. Familia politiko guztiak daude ariketa hori egitera gonbidatuak. Funtsezko irizpide batzuk aintzat hartzea, besterik ez da behar: (1) giza eskubideen iraganeko urraketen bidegabekeria kritikoki aztertzean, ezin da ETA salbuetsi; (2) ez dira ETAk eragin ez dituen giza eskubideen urraketak txikiagotu eta ezkutatu behar; (3) ezin dira erabili indarkeria-ekintza batzuk beste batzuen ordainetan, eta (4) biktimen arteko diskriminazio oro saihetsi behar da.

Iraganari dagokionez... zer gertatu zaigu askori gure historia berriaren hainbat unetan? Balio-nahasketa bateanparte hartu dugu. Giza duintasunaren balioa halako edo holako uste ideologikoen paretzat jo dugu, baita gutxiagotzat ere.

Autokritika egitean, oso garrantzitsua da zehaztea ea ideologia horien balioa benetan den giza duintasunaren balioa baino garrantzitsuagoa.

Gogoeta hori eginez, ahalmen handiko «inoiz gehiago ez» bat zehaztu daiteke: «Etorkizunean, inoiz gehiago ez, ez da jarriko ez kausa politikorik edo arrazoi partidariorik, ez bestelako uste osorikedo ziurtasunik, giza eskubideen,pertsonaren eta bizitzaren balioaren gainetik, balio absolutu bat izango balira bezala».

Inoiz gehiago ez, horixe da autokritikak daukan balio handia; zertarako eta etorkizunean, bizikidetzan eta, bereziki, bizikidetzarako hezkuntzan modu konstruktiboan proiektatuko den memoria bat eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.