Garaipenaren bidean, Europako eskuin-mutur zaharrak eta alderdi nazionalpopulista jaioberriek Estatu Batuetako gobernuari begiratzen diote zeharka. Etengabe. Hego Afrikako apartheid-aren arkitektoek edo Israelgo sionismoaren aitek Hegoaldeko estatuetako erregimen segregazionistari begiratu zioten moduan. Egun, Donald Trump dute eredu. Espainiako Vox alderdi neofrankistaren buruzagiek, adibidez, America First goiburu trumpista egokitu eta «Espainia lehenik!» oihukatzen dute, banderak astinduz. Steve Bannon guruaren errezetek ez dutela hutsik eginen sinetsita daude: elezaharretako epikak goraipatu, atzerritarrekiko beldurra eta arrazakeria zirikatu, zuzentasun politikoa gaitzetsi, gezurra arma bezala erabili. Badakite horrela —Apalatxeetako meatzari eta industriaguneetako langile suminduen botoez— irabazi zituela hauteskundeak duela ia bi urte eta erdi Trumpek. Igandeari begira, nekazari gune iberikoak eta hirietako auzo langileak dira trumpista espainiarren itxaropena.
Baina, Ipar Amerikara bueltan, Trumpen etsenpluak ibilbide laburra duela bistan da. Hauteskundeak irabazteko balio dezake formulak, horretan ez dago zalantzarik. Ke-bonba batek bezala. Suminaren bolbora izugarri eraginkorra baita hautesleak mugiarazteko. Hala ere, gobernatzen jarrita, mugarik gabeko autokrata autentiko baten beharra du nazionalpopulismoaren proiektuak, arrakasta izan nahi badu. Eta Washingtongo erregimen politikoak abagune estua uzten dio estatuburuaren aldebakartasunari. Erabakiak hartzeko orduan bere jauregian bakartu da presidentea. Nartzisismo kontrolagaitzak eta etengabeko mesfidantzak ez diote lagundu. Autokrata izateko bokazio osoa du. Putin, Bin Salman edo Kim miretsiak bezalakoa izan nahi luke. Baina kolaboratzaileak uxatu eta aliantzak urratu ditu bere jarrerak lehen egunetik. Eta Washingtonen lagunik ez duenak, jakina da, ez du ibilbide luzerik. Horrek guztiak Etxe Zurira iritsi zenean baino ahulago egiten du Trump.
Marka guztiak hautsi ditu presidente errepublikanoak: dozenaka kolaboratzailek eta gobernukidek alde egin dute Etxe Zuritik, presiopean. Azkena, Kirstjen Nielsen Segurtasun Nazionaleko idazkaria. Nielsen izan da Erdialdeko Amerikako migranteen aurkako politika gordinenen arduraduna, haurrak haien gurasoengandik banandu eta basapiztiak bezala metalezko kaioletan giltzapetu dituena—zazpi eta zortzi urteko Jakelin eta Felipe ume maiak bere ardurapean hil ziren joan den abenduan—. Kargua uzterakoan, Nielsenek «Kongresuaren babes falta» aipatu zuen. Trumpen politika arrazistak aurrera eramateko babes falta, alegia.
Agidanez, Trumpek ez ditu jokoaren arauak ikasi. Nahiago du benetako autokrata dela sinetsi eta bere kabuz aurrera egin, inorekin deus negoziatu gabe. Bere estiloan. Tillerson Estatu idazkaria edo Sessions fiskal nagusia publikoki barregarri uztea maite zuen —biek dimisioa eman zuten arte—, Pentagonoko buruzagi militarrei «nire jeneralak» esaten die enperadorearen guardia pretoriarra direla imajinatuz —Mattis defentsa arduradunak Siriako tropen erretiradaren harira gobernua utzi badu ere—, eta agertzeagatik ez du lotsa izpirik agertu Pariseko suhiltzaileek Notre Dame katedraleko sua nola itzali behar zuten iradokitzeko ere. Hitzak, txioak eta ekintzak etengabe nahasten ditu, berak erditutako fake news unibertsoan. The show must go on.
Har dezagun bestela trumpismoaren egitasmo fetitxea: mugako harresia. Presidentetzaren lehenbiziko egunetan horma eraikitzeko dekretua izenpetu zuenetik dolar bat ere ez du lortu lanei ekin ahal izateko. Oinarri eta hedabide ultraeskuindarren presiopean, gobernu federala aurrekonturik gabe utzi zuen 35 egunez (historiako itxialdi luzeena), dirua indarrez lortzeko helburuaz. Baina orduan ere huts egin zuen, ordezkarien ganberan demokratek eskuratu berri zuten gehiengoak geldiarazita. Etsi-etsian, larrialdi nazionala deitu du hegoaldeko mugan, aurrekontu militarretik ia 6.000 milioi dolar lortzeko asmoz. Mexikotik datorren migrante-saldo arriskutsuaren aurrean armadaren laguntza ekonomikoa beharrezkoa dela dio Trumpek. Baina Kongresuko demokratek eta hainbat errepublikanok ez dute presidentearen jokaldia ontzat ematen. Ondorioz, Kongresuaren ezezkoaren aurrean, bere agintaldian lehen aldiz betoa erabili du presidenteak. Trump autokrata berriz ere. Auzitegi federalek erabaki beharko dute orain mugako larrialdi egoera justifikatua dagoen ala ez.
Betoak eta mugako harresiaren inguruko liskarrak, hain zuzen, Trump boterera eraman zuen koalizio errepublikanoaren pitzadurak areagotu ditu. Eskuin-muturra eta nazionalismo kontserbadorea neoliberal eta neocon gerrazaleekin biltzen dituen aliantza apurtzeko bidean dago. Hamabi senatari errepublikano presidentearen aurka azaldu dira dagoeneko; beste berrogeita bat, berriz, leial zaizkio oraindik. Batzuk urduri jartzen hasiko ziren. Aldebakarreko erabakiek, izan ere, arriskuan jar dezakete presidentearen aulkia 2020ko hauteskundeei begira. Ikusteko dagoena da Trumpek aurkari errepublikano seriorik izanen ote duen datorren urteko primarioetan ala berriz ere kontserbadoreek demokrata ezkertiarren aurrean bat eginen ote duten. Aurtengo udan hiru urte beteko dira Alderdi Errepublikanoa Trumpen aurrean belaunikatu zenetik. Cleveland Cavaliers saskibaloi taldearen kantxan, milaka ordezkari zuri kontserbadorez osatutako gorteak presidentegai izendatu zuen orduan «Trump! Trump! Trump!» deiadarka, ekitaldi hura errege baten koroatzea bihurtuta. Orduz gero, Trumpek ez du koroa burutik kendu jarraitzaile eta gortesauen aurrean. Baina erregea biluzik egon da hasieratik. Munduaren aurrean biluzik. Baita bere bidea jarraitu nahi duten trumpista europarren begietara ere.
Autokrata, biluzik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu