Euskara irakaslea

Autoexijentzia eta atzemandako kanpo-presioa

2025eko martxoaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egin dezagun irudimen-ariketa bat. Imajina dezagun funanbulista bat soka luze, mehar eta atezu baten gainean, oreka mantendu guran. Alde batean, bere barreneko ahotsak, xuxurlaka, zuzen eta erabakitasun osoz aurrera egin behar duela diotso, inongo errore-marjinarik gabe. Beste aldean, harmaila erraldoi batzuetan eserita, ehunka ikusle, mugimendu eta imintzio oro behatzen eta jujatzen. Eroriz gero, zeinena izango da erruaren parterik handiena: funanbulistaren autoexijentziarena, ala kanpotik datorren presioarena? Segur aski, biek izango dute zerikusi handia erorketarekin.

Geure burua etengabe torturatzen gabiltza, nahiz eta gura ez izan. Dena perfekziotik hurren egin nahi izateak geure buruari larregi eskatzera garamatza, eta, noizbehinka, gure ahalen gainetik lan egiten saiatzera. Gero eta agudoago mudatzen ari den errealitate berri beldurgarri honetan, munduko aldaketek hartu duten berealdiko abiadurak behartuta sentitzen gara: teknologia berrien eta informazioaren berehalako hedapenaren garaian, dena jakin behar dugula; derrigorrez aktualizatuta egon behar dugula, azken kanbiamendu edo joeren berri izan dezagun; bizitzako arlo denetan eta ezagutza-esparru gehienetan gutxieneko trebetasuna frogatu behar dugula; eta, guztietan okerrena, gai izan behar dugula informazio berria barneratzeko, aldi berean eutsiz jada barruan dugunari.

Eta tortura hori ez du bakarrik eragiten guk geuk gehiago eta hobeto horiek xerkatzeak, ez. Besteen iritziak eta aurreiritziak ere tormentu mental horren parte dira. Batez ere nagusienak, eta gure lankiderik beteranoenenak. Baina erabiltzaileenak edo bezeroenak ere bai. Zirkinik hautemanezinena egiten dugunean behar ez den unean, sendi dugu norbait oharrak hartzen hasten dela. Kanpotik datorren presio horrek ere estresa eragiten digu, eta perfekzioa eta erabateko zuzentasuna bilarazi.

Langileon egitekoak mekanikoak izan beharko ez liratekeen ofizioetan (irakaskuntzaren kasua da, nire eskarmentuagatik badakit zertaz ari naizen), itzelezkoa da batzuok bizkar gainean daramagun zama emozionala. Une oro ahalegintzen gara lana artez egiten, noizbait huts egingo dugun beldur. Errakuntza txikienak urduritzen gaitu. Baita guk errurik edo zerikusirik eduki gabe gertaturikoek ere. Laborria sartzen da geure baitan. Nire kasu pertsonalean, bi arrazoi dira nagusi: bata, ikasleei helarazitako edukia, eta eduki hori helarazteko bidea, ez ote den egokiena izango; eta bestea, klaseetatik kanpo gertatutakoek ez ote duten ekarriko, etorkizun hurbilean, nire lanpostua galtzea (behin-behinean gaudenok uzkian iztupa dugu lehen egunetik; behin betikoak ez du arazo hori). Biek egundoko artegatasun eta kardaba eragiten didate.

Urduritasun eta egonezin horrek areagotu egiten du nire autoexijentzia-maila, gurpil-zoro geldiezina sortuz: aurrekoan baino hobeto egin nahi izatea, langa igo nahi izatea, emaitza onak mantentzeko. Enpresek horrela funtzionatzen dute. Publikoak, ondikoz, ez dira libratzen. Ondorioak, nolabait, positiboak izan daitezke, batik bat gure zerbitzua jasotzen dutenek gure lanarekiko onespena agertzen digutenean. Erabiltzaileak pozik, geu ere pozik. Baina kontuz, nolabait idatzi dut eta: psikologikoki eta mentalki, ez da batere osasungarria, akigarria eta suntsitzailea baizik. Zerbitzu publikoetanere, alderdi batzuei dagokienez, enpresa pribatuek bezala funtzionatzen dugunean, behin-behineko langileok poto eginda buka dezakegu. Eta ez bakarrik fisikoki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.