Autoa, klima-aldaketa eta herri ttikien hustea

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Bera eta Usurbil arteko bidea egiten dut nire autoan, egunero, lanera joateko. Ekologikoki desastrea dela jabetuta ere, ez dut bertze alternatibarik. 30 minutu inguru behar ditut bi udalerri horien arteko 40 kilometroak egiteko. Autorik gabe izan naiz egun batzuetan, eta garraio-publikoa erabili dut: distantzia bera egiteko bi ordutik goiti behar izan dut, eta hiru garraiobide desberdin.

Nafarroan garraio publikoa hutsaren hurrena da Iruñerritik kanpo. Gipuzkoan eta Bizkaian anitzez ere hobekiago antolatua dagoen arren, hobetzeko anitz du. Gainera, administrazio desberdinetan bizi eta lan egitearen ondorioak pairatu behar izan ditut: autobuseko txartelak Gipuzkoan balio dit, ez ordea Nafarroan, egon ere ez dagoelako. Garraiobide desberdinen artean ez dago loturarik, eta ordu erditik goiti esperoan egon beharra arruntena da. Autobideko ordainsaria ere turista alemaniar batek bezala ordaintzen dut: ez dagokit inolako deskonturik, egunero ibili arren. Ez naiz gipuzkoarra. Ez lurralde eta naziotasun ikuspegirik, ez laneko mugikortasun-politikak sustatzeko neurririk.

Garraio publikoa hiritik, hirirako eta hiritarrentzat dago pentsatua, mugikortasunerako politika guztiak bezala. Autobus bakan batzuk baino ez inguruko hirietara (Beratik, adibidez, egunean bana Donostiara eta Iruñera, bortzpasei Irunera). Ipar Euskal Herria ez da existitzen. Bera eta Sara arteko 12 kilometroak autobusez egiteko bortz ordu eta lau autobus aldaketa behar dira. Oinez, aisa gutiago. Etxalar, Arantza, Igantzi, Beintza-Labaien, Zugarramurdi edo Amaiurko herritarrek ez dute autobus bakar bat ere aste osoan. Ez dute eskubiderik. Eta biztanle gutti garenez ez zaio inori ardura. Azken 50 urteotan bertzelako politika-publiko batzuk asmatu badira ere (irakaskuntzan, kultura-eskaintzan, osasun arloan...), mugikortasunaren gaian auto pribatuaren erabilera sustatzera mugatu da.

Badakit irtenbide zaila duela gaiak, baina irtenbide berriei heldu beharko diegu, batetik, klima-aldaketaren ondorioak gutitzeko; eta, bertzetik, herri ttikien hustea ez dadin behin betikotu. Bi dimentsio horiekin egin behar da lan, eta arazoei errotik heldu. Eskaera-eskaintza logika gainditu, eta herritarrengan pentsatutako zerbitzua diseinatu behar da. Diru anitz kostako da, baina AHTan edo aireportuetan gastatutakoarekin aisa irudika daiteke.

Klima-aldaketa gutitzeko autoaren erabilera mugatu nahi da. Horren aldekoa naiz, baina beldur naiz ez ote den autoa zenbait eremutan debekatuko bertzelako alternatibarik eraiki gabe: garraio-publiko eraginkorra eta maiztasun handikoa, disuasio-aparkalekuak hirien kanpoko aldean, garraio-publikoarekin erdigunera segituan eramanen duena, betiere, arrazoizko denboretan, 24 orduz. Gaur-gaurkoz, herri ttikietan bizi garenak autora kateatuta bizi bertzerik ez dugu. Hori edo isolamendua. Zerbitzuz hustu dira herriak, eta derrigortuak gaude oinarrizko zerbitzuetako gehienetarako herritik mugitzera: osasun-zerbitzuak, irakaskuntza, lanpostu kualifikatuak, aisialdia, merkataritza... Desiragarriena herrietan ahalik eta zerbitzu gehiena edukitzea litzateke, baina egoera iraultzea hagitz zaila izanen da, eta zenbait zerbitzu sekula ez dira egonen hirietatik kanpo (unibertsitatea, ospitaleak, administrazio nagusia...).

Beraz, hiru erpineko politika ezinbertzekoa da: garraio-publiko eraginkorra, klima-aldaketa murrizteko neurriak, eta herri ttikien hustea gelditzea. Hirurak aldi berean eta elkarrekin lantzen ez baditugu ez da eraginkorra izanen. Berandu gabiltza, eta ondorioak hagitz larriak izanen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.