COVID-19. Une historiko batean gaudela esan dezakegu. Pandemia hau kontinente guztietan gertatzen ari da, eta gaur egungo belaunaldiek ez dute antzeko ezer bizi izan inoiz. Zaila izango da funtsezko aldaketarik egin gabe jarraitzea.
Aldiz, aldaketa horien norabidea ez dago aldez aurretik idatzita. Ez da gehiegizkoa esatea osasun krisi honen amaieran arrisku larria dagoela kit autoritarioa (autoritarismoa, militarismoa, kontrol soziala eta birzentralizazioa) erabiltzeko shock doktrina martxan jartze aldera, beti bezala eliteen mesedetan.
Horregatik, premiazkoa da beste mundu posible baten alde lan egiten dugun guztion artean lankidetzan aritzeko gai izatea, Confebask eta haren bazkide ekonomiko, politiko eta mediatikoak sustatzen ari diren norabide horren aurrean, bizitza duinaren aldeko alternatiba diseinatzeko. Ez da epelkerietan ibiltzeko garaia; ausartak izan behar dugu planteamenduetan, ikuspuntuak eta proposamenak partekatzeko eta elkarrekin jarduteko orduan.
Bizitzaren aldeko sarea. Krisi honen osteko neurriak berriro ere eliteen mesedetan hartu ez daitezen, adibidez aurreko 2008koan bezala, eta jarrai ez diezaiogun amildegira garamatzan hazkunde itsuaren, bizitzaren eta naturaren alor guztien merkantilizazioari eta kolapsoa dakarkigun neurri gabeko produkzio eta kontsumoari, Euskal Herrian eredu alternatiboa defendatzen dugunok elkartu, antolatu eta, agian, urratsak egin ditzakegu, bizitzaren aldeko sare bateratu bat eratzeko, nahiz konfinamenduan egon. Sarea, ez beste erakunde bat. Sarea, martxan dauden ekimen eta plataforma desberdinak konektatzeko, eta, ahal dela, norabide berera lerratzeko. Bizitza, duintasuna, justizia eta Lurra planetaren aldeko sarea.
Urgentziazko neurriak. Bide horretan, jada, hainbat ekimen plazaratzen ari dira egungo osasun larrialdiari erantzuteko behar-beharrezkoak diren urgentziazko neurriak hartu daitezen. Euskal Herrian, adibidez, hor dago mugimendu feministak proposatutako mahai teknikoa, edo Eskubide Sozialen Gutunak egungo lehentasun sozialak aldarrikatuz kaleratutako dokumentua, besteak beste. Ongi etorri guztiak.
Begirada luzeagoa ere bai. Hala ere, urgentziazko neurriekin batera, osasun larrialdiaren ostean azaleratuko den krisi ekosozialari modu egokian erantzuteko, begirada luzeagoko neurriak proposatu beharko ditugu. Garaia da, adibidez, 2030. urtera begira hartu nahi dugun norabideari buruzko hausnarketa egiteko, eta herri proiektu alternatibo bat irudikatzen saiatzeko. Ahalegin taktikoa eta estrategikoa bateratuz, koherentziaz uztar ditzakegu urgentziazko eta begirada luzeagoko neurriak. Neoliberalismoaren hainbat mito eta gezur ageri-agerian geratu dira, eta horrek aukera ematen digu defendatzen dugun eredu alternatiboa, kementsu gizarteratzen ahalegintzeko. Inoiz baino beharrezkoagoa da, gure konfinamendutik bada ere, lankidetza eta elkar trukatzea indartzea. Eta, agian, horren emaitza Bizitzaren aldeko sarea (edo antzeko zerbait) izan daiteke. Pertsona guztientzako bizitza duina bermatzen duen eta natura errespetatzen duen gizarte justu eta iraunkorraren aldekoa.
Ekosozialismo feministaren bidetik.Gure ustez, krisia ekosoziala da, eta alternatiba hainbat begiradaren sintesitik etorriko da. Horrela, bide egokia iruditzen zaigu Euskal Gune Ekosozialistakplanteatzen dituen lau begiradak (sindikala, ekologista, feminista eta autogestioarena) ardatz bakar bateanuztartzea. Hona hemen irizpide batzuk.
1. Oinarrizko beharrizanak (osasuna, hezkuntza, elikadura, zaintza, energia, ura, etxebizitza, hondakinak...) ziurtatzeko zerbitzu publikoak lehenetsi eta indartu. Are gehiago, hasteko, orain arteko murrizketa guztiak lehengoratu beharko lirateke, baina nazionalizazio-sozializazioak aldarrikatzen hasi behar gara. Agian, sozializazioak lehenetsi behar dira, oinarrizko zerbitzu horiek komunitateen eskuetan utzi ahal izateko (ez soilik estatuaren eskuetan). Adibidez, energia deszentralizatuko komunitateen kasuan. Modu horretan, zerbitzu horiek ondasun komun gisa kudea daitezke.
2. Neurriak, epeak eta aurrekontuak ezarri, zaintzarako zerbitzu kolektiboen sare unibertsala, duina eta doakoa eraikitzeko.
3. Trantsizio ekosoziala bultzatu; hasteko, energetikoa eta 2030 urteari begira planifikatu beharrekoa: energiaren eta materialen produkzio eta kontsumoa murriztu, oinarrizko beharrizanak betetzeko funtsezkoak diren sektoreak sustatu (agroekologia, zaintza, osasuna...); tokiko ekoizpena eta kontsumoa lehenetsi; sektore kutsagarrienak eta bizitzarako erasokorrenak birmoldatu (armak, automobilak...)...
4. Aberastasunaren eta lanaren (produktiboa eta erreproduktiboa) banaketari bidea eman: planteatuko diren kaleratzeen kontra neurri fiskalak hartu, eta lana banatu. Horri guztiari lotuta, zenbait debate garrantzitsu egitea komeni da; hala nola jabego pribatuak izan beharko lituzkeen mugen edota oinarrizko errenta unibertsalaren ingurukoak.
5. Herritarron indartzea ahalbidetu.Komunitateen eta enpresetako langileen parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena sustatu; ekimen autogestionatuak eta ekonomia sozial eta solidarioa babestu. Konfinamendu garai honetan, garrantzizkoa da, adibidez, Euskal Herrian sortzen ari diren elkartasunezko ekimen komunitarioak, ahal dugun neurrian, laguntzea, babestea eta zabaltzea.
Laburbilduz, zaindu , babestu , murriztu, banatu eta indartu. Horiek dira euskal ekosozialismo feministaren oinarriak eta aldarriak.
Ausardiaren garaia, ekosozialismo feministaren bidetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu