Ausa Gaztelu

2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Datorren maiatzaren 1ean Ausa Gazteluko martxa egingo da Larraitzen. Ipuztar Nafarrak, Nabarralderekin lotura duen talde gipuzkoarrak, antolatzen du urtero ibilaldia Aralarko tontor horretara, gaztelu nafarra izandakoaren hondakinak dauden tokira, hain zuzen ere.

Ekitaldian, gogora ekartzen da garai hartan Euskal Herria lurralde batua eta independentea zela, Nafarroa izeneko Estatu propioarekin. Orain ideologia politikoa iruditzen zaigun hori, eta gainera anakronikoa, mendeen distantziak terminoen esanahia desitxuratzen duelako, horrela laburbil dezakegu: gurea herri konkretu bat zen, populazio bat, kultura bereizi bat, hizkuntza bat, defentsa-sistema bat eta lurralde antolamendu eta egitura politiko jakin bat zituena. Hau da, subjektu politikoa zen bere garaian.

Gero gaztelarren gerrak, Espainiak egindako inbasioak eta erasoak, lurralde zatiketa eta Frantziaren asimilazioa etorri ziren, eta independentzia hartaz ez zaigu ia ezer gelditzen. Askorentzat, ez eta memoria ere. Izan ere, badira gure artean gure historiaren erreferentziak berreskuratzeko ahaleginari muzin egiten diotenak, jakin gabe ondarea dela, bere aldaera guztietan (hizkuntza, historia, kultura, identitatea, lurraldetasuna, arkitektura, eta abar) kolektibitate egiten eta bihurtzen gaituena. Elementu horiek kohesioa ematen diguten neurrian eta elkarbizitza sortzen duten neurrian garela gizarte. Bestela, norbanako huts izango ginateke, negozioak eta transakzio ekonomikoak egiten dituztenak agian, baina boterearen mendeko izaki isolatuak. Memoria, gainera, ondare-elementurik aktiboenetako bat da; izan ere, kontzientzia ematen digu, eta garenaren irudi bat, sentimenduez eta zentzuz betea, balioez eta autoestimuz betea, alegia. Izatearen eta propioa denaren balioaren zentzurik gabe, ez dago subjekturik. Ez dago errebeldiarako amorrurik, ez eta bidezkotzat sentitzen dena defendatzeko adorerik ere. Ez dago erabakitzeko eskubiderik eta halako ateraldirik. Eta jakina, ez dago etorkizun kolektiborik.

Sen kritikoaz, Jose Luis Marzok espainolen errelato historikoaren xehetasun batzuk eman dizkigu, gizarte-elementu horien elkarlotura erakusten duen ohar batean, kasu erreal, ageriko eta ofizial baten bidez. Ohikoa, pertsonala eta aldi berean oso kosmopolita den dokumentuan aurkitu zuen: pasaportean, munduan barna ibiltzeko dugun jatorri-ziurtagiri horretan, edozein zirkunstantziatan identifikatzen gaituen horretan. «Oraingo pasaporte espainolari begiratzen diogunean... inor konturatu al da zein gaitzesgarriak diren bere ilustrazioak? 2003an ezarritako irudia da, ez 1903an. Lehen orrialdeak Atlantikoaren mapa erakusten digu, Kolonen bidaiak eta hiru karabelak irudikatuz. Ondorengo orrialdeetan, hainbat animalia ageri dira, munduan zehar egiten dituzten migrazioekin, aditzera emanez, horrelaxe, espainolak Ameriketara iristea prozesu naturala, biologikoa eta saihestezina izan zela, baleak planetako itsas korronteetan zehar ibiltzen diren bezalaxe» («La memoria administrada. Lo barroco y lo hispano»).

Estatu espainolak, oso pragmatikoa izaki, Marzok aipatzen dituenak bezalako narrazio-baliabideak darabiltza bere herritarren iruditeria definitzeko. Mezu subliminala da, baina sendoa eta esplizitua. Inperioa espantsio naturala zen. Biologikoa, dio Marzok. Kolonen bidaiek bi mundu elkartu zituen, Europako Erdi Aroari amaiera eta Modernitateari hasiera eman zioten... Gutxienekoa da (edo ezkutatzen da) ezagutzen den genozidiorik handiena ekarri zuela, inperio hispanikoarena, sarraskiak egin eta milaka hizkuntza, herri eta kultura suntsitu zituena. Irudi horrek, erakuste hutsarekin, presentzia bat justifikatzen du munduan, ageriko identitate bat, handitasun bat. Aurkikuntza egin zutenen errelatoa... Erdi Aroko ipuina da, itxuraz zaharkitua, baina 2013ko pasaporteko marrazkietan ageri da, XXI. mendean.

Ausa Gazteluko historia askoz xumeagoa da. Eta gurea da. Bere erara, gure herria dena izatera nola iritsi den kontatzen digu. Inoiz ez dago soberan behinola independenteak izan ginela jakitea, eta lurralde zatiketa, eta gure gaurko beste arazo asko, okupazioak eta gerrak sortutakoak direla. Memoria da, harriak baino gehiago, etorkizunaren gotorlekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.