Martxel Toledo Garmendia.

Aurtengoan ere, zergatik ez?

2015eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko eta Kataluniako herritarrok urteak eta urteak daramatzagu geure buruaren jabe izan nahi dugula aldarrikatzen eta, bide batez, geure selekzioak nazioartean ofizialak izan daitezen saiakera ezberdinak egiten. Baina orain arte ez dugu lortu gauzatzea, Espainia eta Frantziako Estatuek behin eta berriro eskubide hori ukatu egiten digutelako. Ondorioz, behartuta bada ere, euskal herritarrok bi Estatu zanpatzaile horien menpean bizi gara. Eta horrek, nola ez bada, gure barruan, inpotentzia puntu bat sortzeaz gain, amorrua eta haserrea ere sortzen du.

Datorren larunbatean, maiatzaren 30ean, Bartzelonako Camp Nou futbol zelaian, Athleticek eta Barçak Espainiako Errege kopako finala jokatuko dute, eta horren harira, Iñigo Urkulluk, EAEko lehendakariak orain aste batzuk zioen espero zuela futbol zelaira inguratzen ziren zaleek, errespetu instituzionalagatik, Espainiako ereserkiari zein Errege-Erreginari txistu ez jotzea, besteak beste, eta koherentzia aipatuz, lehiaketa bera Espainiako futbol federazioak antolatzen zuelako. Horregatik, beste inongo eszenifikazioen gainetik, Urkulluk zioen «aupa Athletic!» oihuak gailentzea desio zuela.

Urkullu jauna libre da nahi duena esateko eta bere kargu politikoak bultzatuta horrelako adierazpenak eta eskaerak egiteko, baina susmoa daukat, bere subkontzienteak bultzatuta, oraingoan ere galduta dabilela; «aupa Athletic» oihukatzea eta aldi berean herri honen zapalkuntzan, bere hizkuntzan, hezkuntzan, kulturan, kirolean eta beste hainbat arlotan aipatu Estatu horren ordezkari nagusiak diren monarkiari edota ereserkiari gure haserrea azaltzeko txistu jotzea euskal herritarrek gutxitan daukagun aukera aprobetxatzea baino ez delako. Alegia, ez direla inondik inora kontrajarriak Espainiako monarkiari eta ereserkiari txistu jotzea eta bakoitzak bere taldeari animatzea. Eta Iñigo Urkullu eta bera bezala pentsatzen duten horiek deseroso sentitu eta haserretzen badira horregatik, beraien problema izango da, ez adierazpen askatasuna erabiliz euren eskubidea praktikan jartzen dutenena. Horixe bakarrik falta zaigu, gure haserrea azaltzeko beste batzuei baimena eskatu beharra.

Athletic eta Barça futbol taldeen arteko Errege kopako final hau ez da lehenengoa izango, zortzigarrena baizik, aurretik beraien artean beste zazpi jokatu dituztelako. Eta azkeneko bietan, 2009an Valentzian eta 2012an Madrilen jokatutakoetan, hara hurbildutako zaleek Espainiako monarkiari eta ereserkiari jotako txistuak oraindik guztien memorian daude, txistu zaparrada historikoak izan zirelako. Eta oraingoan ere, berdin gertatuko den zalantzarik ez daukat, are gutxiago ikusita partidua bertan behera uzteko mehatxua erabiliz —txistukadari egin diezaion publizitate onena— Estatuko agintarien adierazpenak.

2012an genion bezala, Espainiako Estatuak eta finala antolatzen duen Futbol Federazioak aurten ere bazeukaten aukera final horretan gertatuko den txistukada hori nolabait ekiditzeko; haserre horren zergatia borondate pixka batekin negoziatzera ausartuko balira, besteak beste Espainiako ereserkia jarri beharrean Euskal Herriko eta Kataluniako edota finalera iritsi diren bi kluben ereserkiak jarriz... Baina betiko moduan eta Estatu ukatzaile gisara, nahiago izan dute mehatxuen errezeta aplikatu. Eta jakina, metodologia horrekin, normaltasun irudi hori galduta daukate, Valentzian eta Madrilen gertatu zen bezala, bihar, Bartzelonako Camp Nou futbol zelaian —Urkullu eta beste agintari espainiar batzuen gaitzespenarekin izango bada ere— emango den txistukada berriro ere historikoa izango delako. Hori espero eta desio dut behintzat.

Aipatu aurreko bi finaletako ekintza horietan ESAITek deitzaile gisa parte hartu zuela eta, Denaes (Fundación para la Defensa de la Nación Española) ultraeskuindar erakundeak epaitegian salaketa bat jarri zigun, gero artxibatua izan zena. Aurtengo deialdian ESAIT eragile gisa ez da egongo, denok dakizuen zergatiagatik, baina pertsonalki pentsatzen dut Espainiar Estatutik euskal herritar gisa jasotzen dugun zapalkuntza eta mespretxua salatzeko biharko finalean gure haserrea azaltzea oso egokia izan daitekeela. Beraz, eta inongo konplexurik gabe, Bartzelonara hurbilduko zareten euskal herritar guztiok animatzen zaituztet daukagun eskubide hori erabiliz, Espainiako monarkiari eta ereserkiari gure haserrea eta amorrua azaltzera, txistu eta egin behar dena eginez. Zergatik ez!

Espero dut, denon mesedetarako, laster, Euskal Herriko eta Kataluniako selekzioak ofizialak izatea eta monarkiarik gabe, bi nazioek, beren buruaren jabe izanik, aske bizitzeko aukera lortzea. Hori baita, nire ustetan, Kataluniako eta Euskal Herriko herritar gehiengo batek eskatzen duena eta desio duena.

Ea ba orain aukeratu berriak izan diren agintariek eskaera zahar hori ere kontuan hartuta, orain arte baino gehiago egiteko borondatea izaten duten. Eta behingoz, lagunartekoetatik partidu ofizialak jokatzera pasatzeko aukera izaten dugun. Ez Espainia eta ez Frantzia, baizik Euskal Herria garela munduari azaltzeko garaia delako.

Larunbateko kopa finalera begira, Aupa Athletic, Gora Euskal Herria askatuta!! Eta bide batez, Visca Katalunia Lliure!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.