Aurrerakoitasuna, non zaude? Zer eskatzen duzu?

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia, eta Joxemari Muñoa
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Izugarri ugaldu dira hauteskunde osteko analisiak eta hurrengo hauteskunde-hitzordua ahotan hartzen dutenak. Kritikak egiten dira galdu den kasuetan, edo txaloak irabazi baldin bada. Gainera, aurkariaren izena zikintzeko estrategia jarraitzen da, eta norberak aldezten duen idealarekin bat ez datorrenagatik esaten da herriaren aurka doala.

1. Hizkeraren erabilera alderdikoia. Ezkerraz eta eskuinaz, kontserbadoreez edo iraultzaileez mintzatzea... izendapen politikoa gehiegi sinpletzea da. Baina alderdiak eurak dira zaku horretan sartzen direnak euren buruak «indar aurrerakoitzat» aldarrikatzen dituztenean (programa aurrerakoiak; gobernu aurrerakoiak; pragmatismo eraldatzailea; segurtasun-, hezkuntza-, osasun- edo aisialdi-eredu berriak...). Zenbat esanahi ditu ditxosozko hitz horrek? Aurrerakoiak idealismoak bultzatuta jarduten du, eta behartsuaren alde borrokatzea da bere oinarria; atzerakoi atzeratua, berriz, bere pribilegioak mantentzen saiatzen da.

Egia esan, gizartea asko aurreratu da bizimoduaren hainbat eta hainbat alderditan, nahiz eta aurrerapen ekonomikoak ez dakarren beti humanizazioan eta justizian aurrera egitea. Gure herrietako arazoak, izan ere, ez dira soilik ekonomikoak, mota askotako beste hainbat arazo daude: kultura, hezkuntza, osasuna, ingurumena, genero-berdintasuna... Horietako asko, gainera, norberekoikeriak eta indibidualismo neurrigabeak elikatzen ditu. Premiazkoa da adieraztea, nolanahi ere, neoliberalismo ekonomiko basatitik eta parlamentarismo demokratikoaren akatsetatik nazismoaren, faxismoaren edo komunismoaren erokeria kriminalak sortu izan direla.

2. Zer irizpidetatik kalifikatu jarduketa? Ez dugu konparazioetan erori nahi. Baina adierazi nahi dugu, era berean, aurkari politikoaz edo instituzionalaz erabiltzen diren kontzeptuak eta salaketak berrikusi beharra dagoela. Ez dago gizarte berri bat eraikitzerik —eta zerbitzu publikoak eta pertsonak ere ez dira hobetuko— irainez elikatutako etengabeko liskarretatik. Ideiak azaltzen direnean, proiektu gauzagarriak, bitarteko proportzionatuak eta denbora-epe egokiak izan behar dituzte lagun, eta gauzatu nahi den ekinbidearekin konprometitutako pertsonak beharko dira, halaber.

Aurrez aipatutako elementu horiek gabe, aldaketa estrukturalak, bizitza-eredu berriak, edo segurtasun eta bizikidetza arloetan aldaketak proposatzea denbora alferrik galtzea da. Etengabe desafioka eta mehatxuka aritzeak elkarrizketa eta akordioa errotik baliogabetzen ditu.

Ez ditugu ahaztu nahi gure artean eman ohi diren eskuzabaltasun-egintza ugariak, jende asko baitago inplikatuta bizitza sozial eta politikoan, nahiz eta berorien lana ez den beti behar bezala balioesten. Pertsona horien konpromiso publikoari esker, gure herriak hobetuz doaz. Aldi berean, ordea, ohartu gara funtsezko hainbat jokamolde galdu direla bizitza publikoan eta pribatuan: informazioa ez da beti ongi haztatua eta egiazkoa; gai sozio-politikoei (nolabait deitzearren) buruzko eztabaidak; akusazioz eta salaketaz jositako informazio-adierazpenak; epaile, kazetari eta lider sindikalen protagonismoa; gehiegizko burokrazia; bizitzaren garestitze itxuragabea... Horiek guztiek ondorio kalkulaezineko giro toxikoa sortzen dute. Batez ere, alde negatiboak nabarmentzeko joera dago, oposizioan egonez gero; botereak eskaintzen duen ikuspegi idilikoa indargabetu nahi da horrela. Zoritxarrez, bizitza sozial eta politikoan gehien axola duena ez da eguneroko arazoak konpontzea, baizik eta nola edo hala aurkaria erretzea eta ahultzea, hurrengo hauteskundeetan irabazi ez dezan. Desberdinen arteko itunak eta gobernatzaileen herriarekiko hurbiltasuna demokraziaren ezinbesteko balioak dira.

Jakina, alde negatiboak ere badira eta bidezko kritika eskatzen dute. Baina badirudi ezer ez dela neurriz eta zentzuz tratatzen, eta dena gaizki dagoela. Proposamen oro atzera botatzea, norberaren proposamenarekin bat ez datorrelako, edo gertaera gatazkatsu batez baliatzea aurkaria estutzeko, moralaren aurkakoa eta arbuiagarria iruditzen zaigu. Protesta, askotan, kaleetako manifestazioetara, pankarta salatzaileetara eta salaketa-prentsaurrekoetara mugatzen da, baita errealitatetik kanpoko eskaera neurrigabeetara ere.

3. Esatearen eta egitearen arteko koherentzia. Eduki abstraktuegiak ditugu, ausardia eta motibazioa falta zaizkigu urratsa egiteko eta neurri eraginkorrak zehazteko. Teorian, indarkeriarik eza, genero-berdintasuna, tolerantzia, zerga-prezio bidezkoa, lanean diskriminaziorik ez izatea eta abar aldezten ditugu. Era berean, gerrak, terrorismo irrazionala, xenofobia, etorkinen aurkako krimenak, genero-diskriminazioa, etab. gaitzesten baditugu ere, kosta egiten zaigu gure bizikidetza hobetu lezaketen eta bidezkoago egingo luketen neurri zehatzetara jaistea.

Izan ere, printzipio moral batzuen arabera jokatzeak, beroriekiko atxikimendu teorikoa ez ezik, printzipio horiek praktikan jartzeko borondate-egintza eskatzen baitu.

Berriro diogu ongia egitea ez dela erraza. Azken batean, gizakiaren duintasunaz, bizitzaren azken zentzuaz eta borondate arduratsuaz dugun ideiaren mende egongo da. Nahiko egingarria da gure garaiko oinarrizko arazoak zein diren adostea. Beste gauza bat da horiek konpontzeko moduetan bat etortzea, betiere, gizarte demokratikoago eta itxaropentsuago bati begira. Gure ustez, horixe da benetan aurrerakoia izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.