Aitortu behar dut EAEko aurrekontuen inguruan EAJ eta EH Bilduren artean antzeztu duten tragikomediak, nekatzeaz gain, goibeldu eta etsi ere egin nauela.
Aldiro berdin egiten duen arren, oraindik ere asaldatu egiten naiz urtero zerbitzu publiko eta behar sozialei pisua kentzen dieten aurrekontuak aurrekontu sozial moduan saltzeko EAJk duen gaitasunarekin.
Erabateko ofentsiba neoliberal eta estatalizatzaile baten testuinguruan, benetako eztabaida politiko-soziala aurrekontuetan 20 edo 200 milioi euro gehiago egongo diren ala ez eta horiek nora joango diren al da? Horren baitan aurrekontu batzuk sozialak ala Confebasken zerbitzurakoak al dira? Zein ikuspegi ideologikoren baitan egiten da hausnarketa hori? Zein da horren atzean ezkutatzen den estrategia politikoa? Eta zer pedagogia politiko, ekonomiko edo sozial dago horren atzean?
2009az geroztik EAEn sortu dugun aberastasuna 14.000 milioi euro hazi da, %21. Hazkunde horren zatirik handiena, ordea, enpresa irabazi eta kapital errentetara joan da. Aldiz, lan-errentek pisua galdu dute aberastasunaren banaketan. 2009az geroztik 2.000 milioi, alegia.
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoa ere hazi da 2009tik, %10, hain zuzen ere. Hazkunde hori, ordea, ia bere osotasunean, zorraren ordainketara, hau da, nagusiki bankuen erreskatea finantzatzera joan da. Izan ere, 2009an Jaurlaritzak zorra ordaintzera 84 milioi euro bideratu bazituen, 2018an 1.263 milioi euro bideratu zituen. %1.510 gehiago!
Oinarrizko zerbitzu publiko eta prestazio sozialetara bideraturiko aurrekontua, ordea, murritzagoa izateaz gain, nabarmen deskapitalizatzen ari da. Sortzen dugun aberastasunarekiko hezkuntzak 0,8 puntu galdu ditu 2009az geroztik, 598 milioi euro, alegia. Eta gure hezkuntza inbertsio publikoa Europako azken muturrean dago. Europako herrialdeen batez besteko hezkuntza inbertsio publikora iristeko, Jaurlaritzak 925 milioi euro gehiago bideratu beharko lituzke hezkuntzara.
Osasun inbertsio publikoak 2009tik 0,5 puntu galdu ditu sortzen dugun aberastasunarekiko, 400 milioi euro. Eta honetan ere Europako azken muturrean gaude. Europako herrialdeen batez besteko osasun inbertsio publikora iristeko, 1.895 milioi euro gehiago bideratu beharko genituzke osasungintzara.
Prestazio Sozialetan ere murrizketak nabariak dira. Kasu honetan, baita legearen aurka ere. Patxi Lopezen gobernuak %7 murriztu zuen gure gizartean diru-sarrerarik txikienak dituzten pertsonak babesteko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta; PSE-EE eta EAJren gobernuek urte luzez izozturik mantendu dute, eta, 18/2008 legeak dioenaren aurka, ez da Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren baitan eguneratu. 2019rako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 900 eurotan kokatuko denez, gutxieneko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta hilean gutxienez 924 euro izan beharko litzateke. 1.050 euro hilean bakarrik bizi diren pentsiodunentzat. Horixe da, hain zuzen ere, 51.000 sinaduraren babesarekin Eskubide Sozialen Kartak Eusko Legebiltzarrean aurkezturiko Herri Ekimen Legegilean eskaturikoa. Erabat kontrako bidean, EAJren hasierako aurrekontu proposamenak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta legeak dioena baino %28,7 gutxiagoan ezarri nahi zuen.
Horri gehitzen zaio azken urte luzeetan gure gizarteko oinarrizko zerbitzuak eta beharrak asetzen lan egiten duten langile publikoen soldatetan eta lan baldintzetan Jaurlaritzak ezarri dituen murrizketa bortitzak. Langile publiko bakoitzari, batez beste, 35.000 euro inguru kendu dizkio azken 10 urtean, guztira 3.500 milioi euro inguru.
Eta hori guztia gutxi balitz bezala, enpresa irabaziei eta errenta altuenei milaka milioi euro oparitu eta oinarrizko beharrak ase eta hobetzeko diru bilketari uko egiten dion zerga sistema ezarri digute. Hain zuen ere, Europako herrialdeen batez besteko diru-bilketa egingo bagenu, eta enpresa irabazi eta errenta altuenei proportzio bereko zergak ezarri, 6.000 milioi euro gehiago izango genituzke oinarrizko beharretara bideratzeko. Hori iruzur fiskalagatik enpresa eta aberatsenen poltsikoetara doazen 3.500 milioi euro kontuan izan gabe.
Eta hori guztia, muturreko ideologia neoliberalaren baitan egin bada ere, autogobernuaren azken hondarrak txikitzen dituen Espainiako Gobernuaren aginduei men eginez egin da. Hau da, zorraren ordainketa oinarrizko behar sozialak asetzearen gainetik ezartzen zuen konstituzioaren 135. artikuluaren erreformari men eginez eta aurrekontu publikoak mugatu eta deskapitalizatzea helburu duten Madrilen gastu-arau eta defizit muga onartuz.
Pairatzen ari garen tamainako erasoaren aurrean, ez legoke soberan proposamen komunista, sozialista edo boltxebikeren bat egitea, baina azalduriko datuak neoliberalismo zorrotzean mugitzen den Europako herrialdeen batez bestekoaren baitakoak dira. Eta, hala ere, beraietatik izugarri urrun aurkitzen gara. Maximalismotik urrun, proposamen minimalistak dira. Horiei ere uko egin behar al diegu? Zeren truk? Akordioak egiteko gaitasuna dugula erakustearen ordainetan? Ez al dira horiek, hain zuzen ere, jendartea aktibatu eta Euskal Herrian bestelako jendarte bat, bestelako egituraketa politiko, ekonomiko eta sozial bat gauzatzeko oinarrizko lanabesak? Ez al dira horiek burujabetza gauzatzeko oinarrizko osagaiak? Ez dakit nik sindikatu, mugimendu eta eragile sozial eta ezkerreko alderdi politikoek hemen azalduriko diferentziei eta tamainako erasoari aurre egiteko moduko indar harremanik badugun, baina iparra ez galtzeko, erreferentziak garbi adierazteko, pedagogia egiteko eta horren barruan indar harremanak ehundu eta sendotzen ahalegintzeko ezinbesteko beharra dugulakoan nago.
Aurrekontuak, minimalismoa eta pedagogia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu