Aurrekontuak, laugarren akordioaren faltan

2013ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Jaurlaritzaren lehentasunak argi daude zehaztuta Gobernuaren Programan. 2014rako aurrekontuei dagokienez, bi dira aipatu beharreko lehentasunak: Gizarte Babeserako Euskal Eredua mantendu eta garatu, batez ere, Osasun, Hezkuntza eta Gizarte Politiketan oinarrizko zerbitzu eta prestazioak mantenduz, eta ekonomia produktiboa indarberritzea, enplegua sortzeko.

Aurrekontu-proiektu honen eta 2013rako aurkeztu zutenaren artean alde garrantzitsuenetariko bat inbertsioak dira. Aurreikusitako inbertsioak funtzio bikoitza beteko dute. Alde batetik, herritarren bizi-kalitatea hobetu, eurei zuzendutako zerbitzu eta prestazioak hobetzeko izango diren heinean, eta bestetik euskal ekonomia sustatu eta enplegua sortzeko balioko dutela. Aurreikusitako inbertsioak, akordiotik datoz, EAJ eta PSEren arteko akordiotik. Lehenengo akordioa.

Datorren urterako aurkeztutako aurrekontu-proiektuaren zenbatekoa 10.215,5 milioi eurokoa da, 2013rako aurkeztutakoa baino %9,6 handiagoa: 898,8 milioi euro gehiago. Diru-sarrerei dagokienez, aipatu behar Foru Aldundien ekarpenak handitu direla, aurtengo urriaren 15ean Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak egindako bilkuran ebatzitakoaren ondorioz. Bilera horretan 2014rako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru aldundiek 2014ko ekitaldirako egin beharreko ekarpenak zehaztu zituzten. Guztira 8.280 milioi euro, iazko ekarpenekin konparatuz %5,9 gehiago, 464,3 milioi euro gehiago. Hau bere berri ona da. Alde batetik diru-bilketa igo delako; eta bestetik honek bere akordioan duelako oinarria: EAJ, Bildu eta PPk kudeatutako erakundeen arteko adostasuna. Bigarren akordioa.

Zorpetzeari dagokionez, aurtengo irailaren 12an Euskadi eta Espainiako Gobernuen artean sinatutako akordioaren arabera 2014rako defizit helburua %1ean mugatu eta zor publikoaren helburua %13an finkatu da. Beste berri on bat, Jaurlaritzaren lanaren ondorioz datorrena. Beste alde-biko akordioa, bi Gobernuen artean Espainiakoa (PP) eta Euskadikoa (EAJ). Hirugarrena.

Baliabide ekonomikoak zertan erabiliko diren zehazteko orduan, lehenengo eta behin Lopez Gobernuak egindako zorpetzearen ordainketa aipatu behar da: aurten 537,7 milioi izango dira zorraren amortizaziorako; Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun eta Lehendakaritza sailen aurrekontu osoa baino gehiago zorra amortizatzeko.

Gastua funtzioaren arabera aztertzen badugu, aurrekontuen %75 gastu sozialerako da. Osasun saila, bakar-bakarrik aurrekontuaren %33 da; aurrekontuen 3 eurotik 1. Proiektu gizatiarra da. Pertsonak dira bere lehentasuna, gero bestea. Pertsonen artean, beharrizan handienak dituztenak lehenengo, gero besteak. Baita guztiontzat osasun eta hezkuntza zerbitzu eta prestazioak. Ondoren, krisi egoerari buelta emateko guztiz beharrezkoa dena: ekonomia produktiboa garatzea enplegua sortzeko, eta baita inbertsioak egitea herritarren bizi-kalitatea hobetu eta ekonomia suspertzeko. Alderdi politiko denek esan dezakete gauza bera, herritar guztiak, pertsona guztiak dituztela helburu?

EAJren bidea «Euskal Eredu propioa» eraikitzen jarraitzea da, orain arte egin dugun bezala, Giza Garapen Jasangarriaren eredua da gurea. Euskadik dagoen lekutik hobetzen jarrai dezan herri garatuen artean, inor bide-ertzean utzi barik eta gure herri nortasuna mantenduz. Hori izan da gure Legebiltzar taldeak ordezkatzen duen Alderdiaren bidea. Mendi tontorrera bueltaka igotzen dela ikasi dugu, ez dagoela bidezidorrik. Bat gatoz aurrekontu-politikaren orientabideetan Jaurlaritzak dionarekin, Europako hazkunde-ereduaren akatsak zuzentzea beharrezkoa dela; etorkizunekoa oraingoa baino hazkunde zentzuzkoagoa, jasangarriagoa eta integratzaileagoa izateko baldintzak izan behar dituala.

Orain, guri, legebiltzar taldeei, dagokigu ekarpenak egitea, posible den neurrian aurkeztu dituzten aurrekontuak hobetu daitezen. Proposamen zehatzak egitea dagokigu: nondik kendu eta non ipini. Ondo legoke legebiltzar talde guztiek egiten dituzten proposamenak errealistak izatea. Eta hobeto legoke, konfrontazioa gaindituz eta lankidetzarekin jarraituz, Euskadiko egonkortasunari begira, datorren urterako aurrekontuak legebiltzarrak onartzea. Hori da espero eta gura duguna; eta hori lortzeko egin du lan gure legebiltzar taldeak. Laugarren akordioaren faltan gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.