Gauza bat dira diskurtsoak eta beste bat eguneroko praktika, zoritxarrez. Gauza bat da komunikabideetan titulu handietan ageri dena eta beste bat eguneroko lana. Eta gauza bat da gizartean egon daitekeen imajinario kolektiboa, eta beste bat, errealitatea, arrazoiak direnak direlarik. Hizkuntza Politika ere ez da salbuespen.
Aurreiritzi bat izan da urteotan: hizkuntza politika soilik abertzaleen artean egin daiteke. Edo beste era batera esanda: euskara abertzaleen kontua da. Egia da, egia, orain arteko abertzaleak ez diren alderdi batzuek eginiko ibilbideak hori ematen duela aditzera, euskararen normalizazio osoari traba jartzeko joera eduki dutelako. Alabaina, salbuespenak salbuespen, egia da abertzaleen artean ere, botere posizioak medio, ikuspegi desberdinengatik edo interes partikularrengatik edo dena delakoagatik, ez dela egon elkarlanerako kultura sendoa. Alegia, hizkuntzan ere politika, irizpideak, helburuak eta erritmoak ez dira bat etorri sarriegi. Hizkuntzaren auzia politika ere badelako; politika irizpideak, norabideak eta helburuak ezartzean datzalako, finean ikuskera baten lanketa eta finkapena egin nahia. Kolektibo bakoitzak izan dezakeen gizarte-sozietate ereduaren baitakoa delako ere hizkuntza politika, nahiz eta horrek bere kontraesanak eta talkak izan ditzakeen nazio eraikuntzarekin. Baina, agian, kontuan izan beharrekoa hizkuntza politikaren nondik norakoak ulertzeko?
Esaten ari garenaren adibide izan daitezke legealdi honetan EH Bildu eta Elkarrekin Podemos hizkuntza politikaren alorrean elkarlanean garatzen ari garen proposamenak. Edozein lekuko objektibok esango luke, oro har, zentzudunak eta eskuzabalak direla, nahiz eta hainbat ahots interesatuk «oposizio basati» moduan kalifikatu izan dituzten. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ez dugu hizkuntza politikari dagokiolarik den-dena igual-igual ikusten, baina, aurrera egiteko nahiak bultzatuta, adostasuna eta elkarlana bilatu eta aurkitu egin dugu. Izpiritu horrekin landu ditugu Eusko Legebiltzarrean hamaika proposamen eta ekimen.
Elkarren arteko lanaren lekuko daEuskara Jakiteko Eskubidea Bermatzeko Lege Proposamena ere. EH Bilduk aurkeztuta eta Elkarrekin Podemosen ekarpenekin, batzuen zein besteen proposamenak aztertuz eta adostuz, herritarren euskalduntzea lehenetsi eta indartzeko xedearekin. Horretan aritu gara eta horretan ari gara, nahiz eta jakitun garen Legebiltzarrean gutxiengoan gaudela eta gainerako taldeekiko ikuskerak urruti daudela gurearekiko.
Bion ikuskerak bat datoz onartu nahi den legeak euskara ikasteko sarbidea doakoa bilakatu behar duela eta ez dela izan behar egun indarrean dagoen laguntzen sistema finkatzeko lege markoa. Hortik dator aldaketa. Argi dugu ere C1 artekoa izan beharko litzakeela doakotasuna. Bi ardatz nagusi horien baitan eraiki beharko litzateke sistema. Eta gako nagusi horiek kontuan hartuta, aukerak egon daitezke batzuen zein besteen irizpideak aintzat hartzeko; esaterako, aprobetxamendu eta ebaluazio irizpideak ezarriz C1 mailan edo bestelako bermeak ezarriz doakotasunari, horrela diru publikoaren erabilera zuzena bermatzeko. Baina zer gutxiago guztion dirua dena, Jaurlaritzak kudeatzen duena herritarren eskura jartzea baino euskara ikasteko. Zer beldur egon daiteke horretarako, hezkuntza eta funtzio publikoak gutxienez ofizialak ditugun bi hizkuntzetan ikasi, bizi eta lan egiteko bermeak ezartzen baditu?
Unibertsaltasuna eta lurralde oreka. Bizitokiaren eta irizpide ekonomikoen hesiak gaindituz, euskara herritarren eskura jarri eta zabaltzeko bidea egiten jarraitzea planteatzen dugu. Hezkuntzak eta funtzio publikoak, besteak beste, jokatzen duten papera kontuan izanda eta euskaltegien orain arteko funtzioari erreparatuz eta errespetatuz. Ez da gure asmoa iritzi artikulu honetan legea zehaztapenez garatzea. Baina bai publiko egitea esku artean dugun aukera paregabea legegintzaldi honetan euskalduntzean urrats esanguratsua emateko, bide batez orain arte bidean geratu zaizkigun eta baztertu diren bestelako ekimen batzuk berriro eskuratuta. Baina tira… Guk, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduk, lanean jarraituko dugu desberdintasunak gaindituz gure aletxoa jartzen.
Aukera zabala euskara jakiteko eskubidea bermatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu