Epistemologia, edo ezagutzaren teoria, filosofiaren arlo nagusietako bat da, eta historian zehar garrantzizko eztabaidak izan dira gure ezagutzaren mugen eta oinarrien inguruan. Horren barruan bi korronte indartsu topatzen dira, ezagutzara iristeko bide ezberdinak proposatzen dituztenak: Descartes-en Arrazionalismoa, arrazoian oinarritua, eta Lockek eta Humek errepresentatzen duten Enpirismoa, esperientzian oinarritua.
Descartesek cogito ergo sum esaldian laburbiltzen du abiapuntu gisa bere iritziz ziurra den oinarria. Egia arrazoiaren bitartez lortu nahi du eta, horretarako, metodo matematiko-deduktiboa jotzen du bide egokitzat. Batetik, arrazoimenean du konfiantza osoa, egia ezagutzeko bide bakartzat jotzen baitu. Hori gutxi balitz bezala, aipatzekoa da mekanizismoa ere; izan ere, errealitate fisikoa tresna mekaniko bezala ulertzen da, helbururik gabe.
Honen aurka eta espektro filosofikoaren beste aldean, enpiristak topatzen ditugu, haiek esperientzian oinarritzen dira egia osoa ezagutzeko; hau da, haien hitzetan zentzumenen bidez lortutako esperientziaren emaitza da ezagutza. Horrez gian, esperientzian oinarritutako arrazoimen kritikoa aldarrikatzen dute; enpiristek arlo praktikoetara bideratu nahi baitute esperientzia eta hark eskuratutako ezagutza.
Hala ere, Kant filosofo austriarrak bi korronte horiek kontrajarriak ez direla baieztatu eta demostratu zuen. Are gehiago, bi korronteak zirela beharrezkoak eta bi korronteak elkartu behar zirela zioen, egia absolutura edota ezagutza osora iristeko. Horrela, filosofia kantiarrak, kritizismoaren bidez, jarrera arrazionalistaren eta enpiristaren arteko antagonismoa gainditzen du bakoitzetik alderik positiboena hartuz. Horrela, ezagutzara iristeko bide zuhurrago eta eraginkorragoa lortu zuen.
Ezinezkoa da egia osoa lortzea bi bideetako bat erabili gabe. Arrazoia eta esperientzia, biak dira beharrezkoak ezagutza osoa lortzeko eta bien arteko elkarlanaren bitartez zein batak bestearen hutsak betez soilik izango da posible egia osora iristea. Gainera, biak erabiliz, batenganako dogmatismo hutsa deuseztatzen da, zentzu eta iritzi kritiko bat erabiliz; gaur egun hain beharrezkoa den iritzi kritikoa.
Guztiz beharrezkoa dugu iritzi kritikoa gaur egun Euskal Herrian zein munduan gertatzen ari diren hainbat gauzari erreparatzeko. Batez ere, gaur egungo egoera konplexuaren aurrean hainbat titularrengatik ez itsutzeko edota errealitatearen aurrean manipulatuak ez izateko.
Azken boladan bai munduan eta bai Euskal Herrian gero eta egoera soziopolitiko konplexuagoa dugu. Aipatzekoa da azken urteetan faxismoak izandako gorakada esponentziala eta hauteskundeetan lortzen ari diren emaitza paregabeak. Zer esanik ez azken asteetako gertakizunak kontuaz hartuz; izan ere, zeharo esanguratsua da Elon Muskek, munduko pertsona boteretsuenak, agur nazia egin izana publikoki, inongo ondoriorik gabe. Hamarnaka dira ultraeskuinaren igoeraren arrazoiak, baina esango nuke badela titular hutsal bat. Herritarren bizi kalitatea beherantz doa eta horren aurrean diskurtso populistak erakargarriak dira, eta, diotenaren aurrean norbanakoak iritzi kritikorik ez badu, erraz irentsi dezake amua; eta, tamalez, hori betetzen ari da.
Bestalde, immigrazioaren inguruko titular manipulatzaileen bitartez, beldurra sortzen dute, ezinegona, eta bizitza aurrera ateratzeko etorri direnak kriminal hutsak balira bezala margotzen dira. Horren aurrean, enpirismoa soilik hartuko bagenu ezagutzarako bide bezala, sentimenduen bitartez erraz manipulatuak izan gaitezke.
Horrez gain, Palestinako genozidioa ez dugu ahaztu behar, eta aipatzekoa da estatuan zein internazionalki indartsuak diren komunikabideen papera. 47.000 hildako palestinar, 2.000 Israeldar. Baina zifretatik harago doa dena. Ez dugu ahaztu behar nor izan den palestinarren lurretan sartu dena; alegia, nor den zapaltzailea eta nor zapaldua. Gai horren inguruan hausnartzeko ere guztiz beharrezkoa da iritzi kritikoa, manipulatuak izaten ez uzteko. Horren aurrean, Arrazionalismoa soilik erabiliko bagenu, hildako palestinarrak zenbaki hutsal bat direla irudituko litzaiguke; izan ere, gripearekin urtean hildako 50.000 pertsonak hildako palestinarren parekoak irudituko litzaizkiguke, testuinguru politikoa alde batera utziz.
Horregatik guztiagatik, enpiristak eta arrazionalistak izan behar dugu, sentimenduak eta arrazoia erabili behar ditugu; biak elkarlanean, Kanten kritizismoak proposatzen duen gisan.
Soilik sentimenduen eta arrazoiaren arteko elkarrekintzaren bitartez eraiki ahal izango dugu Euskal Herri zein mundu justuago eta hobeago bat.