Orain 28 urte euskal herritarrok zita berezi baina esanguratsua izan genuen hautestontziekin. 1986ko martxoaren 12 hartan, papeletaz papeleta, kalez kale, lantegi, instituzio, herriko plaza zein ikastetxeetan, mitin, manifestazio, kontzertu edo ekimen ezberdinetan aldarrikatutako ideia letra larriko lerroburu bilakatu genuen; «Ezezko borobila NATOri Hego Euskal Herrian».
Espainiar Estatua 1982an sartu zen Aliantza Atlantikoan edoNATOn (Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea). Erabaki hark espainiar eta euskal eskuin indarraren onespena jaso bazuen ere, jakina zen euskal herritarren gehiengoa ez zetorrela bat erabaki harekin. Hala erakutsi genuen lau urte geroago, Konstituzio espainiarrarekin egin bezala. Ikasleak, gazteak, euskalgintza eta kultur mugimenduko kideak, langileak... euskal herritarrok azken batean, beste behin ere gure nortasun eta izatea aldarrikatu genuen, gure lekua eta gure munduaren ikuskera. Zapaldutako herri izaki, beste edozein herriren zapalketaren aurka geunden, guretzat herrien arteko harremanak elkartasunean eraiki behar direlako, sortzeke dugun itun baliotsua, bestalde.
Jada hiru hamarkada iragan dira ordutik, eta hilabete, urteetan gorpuztu eta eraikitako aldarri ozen hura arrotza zaigu askorentzat. Zer da NATO?
Hitz hutsetan geratzen bagara edo boteredunen ahotik entzutera mugatu, munduko segurtasunaren izenean adostutako hitzarmen militarra izan zela irakurriko dugu. Lerro artean, baina, argi asko ikus daiteke, batetik indar hartzen ari zen komunismo sobietarra geraraztea zuela xede, eta horren aitzakian, benetako helburua euren burgesia eta oligarkia nazionalaren defentsa zela, herri langileon interesarekin zerikusi gutxi zuena eta duena, hain zuzen.
Nola hitz egin, beraz, bakeaz, gerra negozio bilakatu dutenean? Herrien zapalketa eta inposaketa diru iturri zaienean? Nola ausartzen da bizikidetzaz eta giza balioez hitz egitera, krimen geopolitikoak babestu izan dituenean? Harmonia eta ordena aldarrikatzera, herri langileari bere lurrak lapurtu eta nazioarteko burgesiaren interesetara ustiatu dituenean? Nola hitz egin dezake garapenaz eta justiziaz, mundu mailako gastu militarraren %70 biltzen duen aliantza bada? Herrien pobretzea eta miseria ahalbidetu duen sistemaren babesle armatua direnean?
Orduan ez bazuten lortu, orain ere ez gaitzatela engaina! NATO Aliantza militarra da, inperialismoaren esku armatua. Bere historiari begiratu besterik ez dugu urtez urte, herrialdez herrialdeNATOren benetako aurpegia ikusteko: Jugoslavia ohia (1999), Irak (1991 eta 2003), Afganistan (2001) eta Libia (2011). Desestabilizazio mehatxuez eta munduan ordena ezarri beharra dagoela diotenean argi izan dezagun beraien ordenaz ari direla. Indarrez ezarriko den ordena, Kapitalismo gordinaren, Inperialismo basatienarena. Hori da NATOren funts bakarra. Horregatik ez du zalantzarik egiten ordena horren aurka altxatu eta herri bezala erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen diren mugimenduak isilaraztean, desagerraraztean. Espainiar Estatuaren edo Aliantzako beste edozein kideren zutabeak zalantzan jartzen dituztenentzat askatasunen mugatzea, ideien fiskalizazioa edota errepresioa dituzte tresna, «barneko etsaia baliogabetzeko».
Bardea dugu, hain zuzen ere, Euskal Herriaren subiranotasunaren lapurreta argia eta NATOren isla agerikoa. Eta, egun, Estatu Batuak jada bertan aurkitzen ez badira ere, militarrek bertan jarraitzen dute; espainiar Aireko Armadaren tiro poligono bakarra bihurtu da berau. Herriari, herri langileari ostutako lurrak dira, 42.500 hektarea, zehazki, eta bertan atzerriko indar armatuek beraien proba eta entrenamenduak egiten jarraitzen dute, ingurua txikituz, kutsatuz eta «istripuak» eraginez. Askapen nazional zein soziala eskuratzeko borrokan ari diren herrietan indarrez sartu eta haien agindua ezartzeko prestatzen dira Bardean; burkide ditugun herrietarako esku hartze inperialistak prestatzen dira gure lurretan. Etxean bertan dugu etsaia, etxeko arerioa zein bizilagunak kate motzean lotzeko.
Orain 28 urte, euskal herritarrok Euskal Herriaren subiranotasun nazional eta sozialari baiezkoa eman genion, eta papeletaz papeleta Euskal Herri antiinperialista aldarrikatu. Gure askatasun eta burujabetzaren alde egin genuen, eta, aldi berean, munduko herrien askatasun eta subiranotasunen kontra doazen prozesu politiko, ekonomiko eta militarren aurka agertu zen herria izan zen gurea, izan ginen gu. Martxoaren 12 hartan hitza hartu genuen; ez dezala orain haizeak eraman. Heldu diezaiogun gogor aldarri hari, eta aska ditzagun Kapitalismoaren menera lotzen gaituzten kateak, kanpora ditzagun Euskal Herritik gerra inperialistak babestu eta baketik negozioa egiten dituzten enpresak. Egin dezagun Euskal Herriaren burujabetzarako bidean aurrera, biharko egunez hitzak errealitate bilaka daitezen.
Horregatik datorren martxoaren 12an kalera aterako gara; berriz ere atzoko ideia eta egitasmoak gure egingo ditugu, herriok ez dugulako ahazten, ezin dugulako gure memoria kolektiboa alboratu. Orain 28 urte egin bezala, NATOri ezetz esango diogu, inperialismoari bizkar emanez, eta, beste behin ere, guztiaren gainetik, Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatuko dugu. Atzo bezala gaur, eta gaur bezala bihar! NATOri ez! Euskal Herriari bai!
Atzo eta gaur, NATOri ez, Euskal Herriari bai!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu