Apirilak 23 zituen, atzo bezala liburuaren eguna zen, eta honetan saiatzen ginen hirugarren aldia zen: 1950ean Andima Ibiñagabeitiak, Jon Mirandek, Jokin Zaitegik, Txomin Peillenek eta beste zenbait lagunek sortu zuten lehen aldiz Euskal PEN Bilkura. Erbesteko baldintzetan, ez zuen askorik iraun. Ia lau hamarkada geroago, 1987an egindako ahaleginak ere bide laburra izan zuen. 2004ko apirilean hasitako ekimenak, zorionez, ibilbide arrakastatsuagoa dauka. Xume eta talde txikian, baina hamabost urte dira Euskal PEN sortu zela.
Beste hainbatetan legez, katalanen bultzada egon zen atzean. Euskalgintza shock egoeran zegoen artean, Egunkaria-ren itxiera eta arduradunen atxiloketa eta torturengatik, baina Kataluniako PEN taldeak gertatukoaren salaketa nazioarteko foroetara eramaten asmatu zuen. Eta munduan egon behar genuela gogora ekarri ziguten katalanek. Gure txikitasunetik, baina gure harrotasunetik, euskaratik eta euskaraz munduan; guk egiten ez genuena ezingo zuela beste inork egin.
Hala ekin genion lanari duela hamabost urte. Beso zabalik hartu gintuzten PEN Internationalen , Kosovoko taldea ere sartu zen urte berean, Tromso hirian egindako kongresuan. Egunkaria kasua eraman genuen hainbat urtez. Baita Egin-en itxierarena ere eta kazetarien espetxe-zigorren salaketa ere. Amsterdamen bere espetxealdia azaldu zien Teresa Todak mundu osoko ordezkariei. ETB edo El Correo-ren aurkako atentatuak eta bizkartzainak zituzten berriemaileen kasuaz ere arduratu ginen. Kurdistango kazetariak ekarri genituen Durangoko Azokara eta Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretara. Nigeriako idazleek bultzatutako ekimenekin bat egin dugu. Kataluniako PEN taldearekin batera salatu dugu Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez ekintzaile eta idazleen espetxeratzea, eta askatzeko eskaera egin dugu, aurretik beste askotan egin dugun eta egingo dugun legez. Gernikako bonbardaketaren urteurrenarekin mundu zabaleko poetek bidalitako lanekin egindako liburua argitaratu genuen. Eguna egunkariko aitzindari ausart haien memoria Bilbon plaka baten bidez gogorarazteko ekimena bultzatu dugu, Posta kaleko erredakzioa zegoen lekuan.
Hogei zenbaki beteko ditu Basque Writing gure aldizkariak, euskaraz etxean eta ingelesez munduan, hainbat gairi buruz: gure literatura eta kazetaritzaren historia, irakurle klubak, idazle gazteak, erbesteko edo giltzapeko literatura, Korrika, bertsolaritza, itzulpegintza... Urtero banatzen dugu gure literaturari, kulturari eta euskarari buruzko lanen bat PEN bilera eta kongresuetan. Azkenak Hego Afrikan, Indian, Suitzan eta Eslovenian izan dira. Denetan harrera ezin hobea eta ikusmina piztu ditu, eta beste talde batzuek ere antzeko argitalpenak egiteari ekin diote.
Adierazpen askatasunaren defentsa eta gure literaturaren zabalkundea, horiek gure lan-ildo garrantzitsuenetako bi. Idazle Jazarrien Batzordean dihardugu hasieratik, Bakearen Aldeko Idazleen taldean ere bai. Hizkuntza Eskubideen Batzordean erreferente garrantzitsu bihurtu gara Donostiako Protokoloan egindako lanagatik, eta Garabide elkarteko lagunekin batera egongo gara datorren astean Chiapasen egingo den bileran. Indiako herri indigenetatik maia hizkuntzetara, oso urte berezia da aurten jatorrizko herrientzat, eta zeresan handia dugu hor. Emakume idazleen batzordea ere indartuta dabil azken urteotan; Jennifer Clement mexikarra emakumezko lehen presidentea dugu, eta PENen konstituzioan aldaketak sustatu ditu emakumezko idazleen ahalduntzea bultzatzeko. Gure aldetik, Emakume Idazleen Manifestuaren lehen itzulpenetako bat euskaraz izan zen, eta urtero euskal emakumezko idazle eta itzulpenen posterra argitaratzen dugu martxoaren 8rako.
Bi urte barru beteko du mendea PEN Internationalek. I. Mundu Gerraren osteko giroan sortu zen, halako hondamendirik berriro ez gertatzera tematuta, ideiak ideia, hitzaren garrantzia azpimarratzeko. Ingalaterran lehendabizi, Katalunian eta mendebaldeko hainbat herrialdetan gero. XXI. mendean munduko idazle talderik handiena da; 140 talde inguru eta milaka idazle biltzen gaitu. Alfabetatze, idazkuntza eta literatura tailerrak antolatu dira azken urteotan Afrikan, Latinoamerikan eta Asian, eta norbere hizkuntzan literatura egitearen garrantzia azpimarratzen gabiltza azken aldian. Euskaldun goaz mundura, gure ikuspegiekin bat datozenekin eta urrunago ditugunekin solastatzera eta eztabaidatzera, garenaren berri ematera. Dozenaka lagunen babesa duen talde txikia gara, eta ateak zabalik ditugu aurrera ere gurekin bat egin gura duten kazetari, idazle eta euskararen eta hitzaren garrantzian bat egiten duten guztiekin. Mila esker denei.
Atzo bezalako egun batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu