Atzerriko ahots bat EGAren alde

Jose Miguel Ramirez Giraldo
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Zur eta lur geratu naiz BERRIA egunkarian irakurri dudanean EGA EAEn kentzekotan dabiltzala, eta ondorioz aurten bertan jada ez dela bigarren deialdirik izango. Albiste harrigarri eta tamalgarri horrek bat-batean 2015eko urrian gertatu zitzaidana gogorarazi dit.

Anoeta eta Tolosa arteko mugan nengoen goizero bezala goxo-goxo Benta-Aldea tabernan bi pintxo eder eta katilukada bat kolakao gosaltzen, giro euskaldun ezin hobean, egia esan. Eta hara non bertako baten esanetan «lau txorok baino irakurtzen ez duten» BERRIA gure euskarazko egunkari bakar maitean Akordioa EGA aztertzeko jartzen zuen artikulua irakurri nuen. Egia esan, artikulu hura irakurtzeak mingostu egin zidan gosaria, eta zail egiten zitzaidan han irakurria sinistea, baina orain azken aste hauetako berriak irakurtzean, sinistu beharrean izango naiz.

Nire ametsetako herrialdean nengoen, lehendabiziko aldiz, gainera, eta nire ametsik handienen artean EGA titulua lortzea zegoen. Jarraian azalduko dizuet zergatik. 2001ean nire herrialdean, Kolonbian,Internet bidez euskara ikasten ari nintzela, txat-gune batean ezagututako mutil bizkaitar bati esker izan nuen azterketaren berri. «EGAra aurkeztuko naiz; izan ere, euskarak duen mailarik handiena lortu nahi dut eta ondoren unibertsitatean euskal filologia ikasi», zioen.

Barrenak ederki astindu zizkidan lagunaren esaldi hark eta egun batez ni ere halako maila lortzen ahaleginduko nintzela erabaki nuen.

2014ko udan YouTuben bideo pare bat igo nituen euskara zergatik eta nola ikasi nuen azaltzeko eta Euskal Herriarekiko loturak estutzeko. 2015eko irailaren 19an, Iñigo Asensio kazetariaren eskutik Euskara munduan besteen ahotan dokumentalari esker, Kolonbiatik iritsi eta bi egunera, urduri baina irribarre maltzur bat ezpainetan, Donostiako EHUko kanpusean nengoen atariko proba egiten.

Norbaitek galdetu zidan amaitutakoan uste baino zailagoa iruditu ote zitzaidan eta nik «uste bezain zaila» erantzun nion berehala. Egia esanda, «uste baino errazagoa» esan nahi nion, horixe baitzen sentitu nuena hainbeste mito entzun eta gero. 60 itemeko azterketa zen, eta gaitasun hartzaileak neurtzen zituen soilik: gramatika arau zuzenak eta lexiko estandarra identifikatzea, hikaren edo hitanoaren aipamen gutxi —aitortu behar dut betidanik izan naizela hitano zale amorratua—, eta euskalkiei buruzko galdera bakar bat ere ez. Hurrengo astean jakinarazi zidatenez, 60tik 56 erantzun ondo, lautan baino ez nuen huts egin.

Gainerako bi probak zorrotzagoak ziren. Idatzizko proban puntuazio guztiaren %75 lortu nuen eta, beraz, ahalegindu bai, baina arazo handirik gabe gainditu nuen. Ahozkoa nahiko justu gainditu banuen ere, lortu nuen hainbeste aldiz amestutako EGA agiria eskuratzea. Erronka izugarria Euskal Herria zapaldu arte mintzapraktika gutxi egindako autodidakta batentzat, baina banekien ez nintzela lehena izango. Ezta hurrik eman ere. Nire aurretik Euskal Herrian hazi gabeko EGAdun atzerritarren zenbait kasu ezagunak nituen: Japoniako Sho Hagio, Hiromi Yoshida, eta beste zenbait uruguaitar eta argentinar ere bai. Eta nire ondoren gehiago.

Orain, EGAri berari dagokionez, gogoratu behar dugu EGA ALTEko kidea dela eta Europar Batasuneko hizkuntza guztien azterketa estandartu guztien estandarrak betetzen dituela. Ez da ulertzen orduan zergatik baztertu nahi duen Eusko Jaurlaritzak, gaindituen kopurua nahitaez gizentzeko ez bada. Ni neu ingelesezko, alemanierazko eta portugesezko antzeko azterketak egindakoa naiz eta esan dezaket EGA ez dela besteak baino ez errazagoa, ez zailagoa. Besteetan ez dago atarikorik, baina atarikoen aurkakoek ahantzi egiten dute EHko egoera soziolinguistikoa nolakoa den, eta EGAra aurkezten diren neska-mutil askoren euskara maila apala ezkutatu nahian dabiltzala dirudi. Nire ustez, euskarak exijentzia maila igo egin beharko luke LHtik hasita, edo Haur Hezkuntzatik hasita hobe, 17-18 urterekin denek benetako C1 maila izan dezaten.

Egunotan behin eta berriro galdetu diot neure buruari nola uler litekeen, adibidez, Kolonbiako Pereiran, nire hirian, hirugarren munduko hiriko Lycée Français-eko neska-mutilek graduatzerik ez izatea, ez frantsesez, ez gazteleraz C1 agiririk ez badute, (eta ingelesez B2 agiria izan gabe), eta EHn, bertako hizkuntzarekin berdin ez jokatzea? Zergatik da EGA hautazkoa EHn eta zergatik ez eskatu C1 guztiei? Zergatik ALTEko partaide den eta bi auditoria gainditu dituen EGA azterketa kendu eta maila bereko baina «ahora más fácil» batez ordezkatu? Zer-nolako euskara-hiztun adinekoak nahi ditugu, ba, etorkizunerako?

Nik ez dut ulertzen. Norbaitek azal diezadala, mesedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.