Atzerako bidaia

2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Euskal administrazioek COVID19aren aurka izan duten kudeaketaren aurkako kritikak eta mobilizazioak ugaritu dira azken hilabeteetan Euskal Herrian, eta bideratu nahi den osasun paseak dinamika eta kritika hori areagotu baino ez du egingo. Haserre soziala indartzen ari da hemen eta mundu osoan, batzuetan eskuin muturrak bultzatuta, baina gehienetan herritarren kezkak eta administrazioaren jokabide nahasi eta totalitarioak eraginda.

Donostiako Bulebarrean ostiralero egiten duten mobilizazioa ikustea besterik ez dago protesta eta kritika horretan parte hartzen duten herritarren ezaugarri ezberdinez jabetzeko. Ez dira ohiko multzo sozialetan kabitzen, aniztasun soziologiko eta ideologiko zabala biltzen dute. Bertan biltzen dira txertorik hartu ez duten txertoaren aurkakoak, txertoa hartu, baina kudeaketaren aurkakoak direnak eta,hemendik aurrera, txertatuak egon ala ez, osasun pasearen inposizioaren kontrakoak izango direnak. Gero eta gehiago. Administrazioaren osasun kudeaketa ankerra da guztiak batzen dituen ezaugarri bateratzaile bakarra.

Izan ere, inork ez du ahaztu osasun krisialdiak iraun duen 18 hilabete hauetan administrazioaren aldetik bideratu diren ekimen, diskurtso eta praktika kontraesankorrak, inprobisazioak eta inposizioak. Herritarrekin ezertarako kontatu gabe, herritarrei benetako azalpen argirik eman gabe, nahi dutena egin dute gaur arte. Eta, orain, hirugarren txertoa eta osasun txartela proposatu dituzte.

Horregatik guztiarengatik, txertoarekiko mesfidantza eta kudeaketarekiko aurkakotasuna indartu egin da hilabete hauetan. Familian eta lagunartean hasi zen kritika, sare sozialetara eta jendartera zabaldu zen eta, berarekin batera, administrazioak inposaturiko kontrol sozialerako bitarteko legal eta errepresiboen aurkako jarrera. Kritikari ateak itxi nahi izan dizkio administrazioak, kudeaketa salatzen duten herritarrak arbuiatuz eta bere kudeaketa okerraren erruduntzat eta insolidariotzat joz. Eta horrekin batera, salaketarako jendarte mugimenduek erabili izan ohi dituzten mobilizazio eredu nagusiak, osasun segurtasunaren izenean, murriztu edota debekatu dituzte. Eskubide pertsonal eta kolektiboak zapuzten ari dira, demokrazia pribatizatuz eta ustelduz osasunaren izenean...

Batzorde zientifikoen lanaren inguruan edota lan horietan oinarriturik klase politikoak egiten dituen proposamenen inguruan ere zalantza handia dago. Orain ezarri nahi duten osasun pasearen proposamena ez da borobila. Izan ere, osasun pasearen jabe izateak ez du esan nahi «positiboa» ez zarenik. Izan ere, kontrakoa gerta daiteke, nahiz eta norberak jakin ez. Beraz, osasun pasea izateak ez du esan nahi zuk COVID19a beste norbaiti kutsa ezin diezaiokezunik eta ezta beste batek zu kutsa ezin zaitzakeenik ere. Zertarako balio du orduan osasun paseak?

Europar Batasuneko herrialdeek uztailaren 1ean onartutako osasun pasearen proiektuaren arabera, AstraZeneca, Janssen, Moderna ala Pfizerren txertoa jaso duten herritarrek soilik jasoko omen dute osasun pasea Europar Batasunean, Europako Sendagaien Agentziak hala eskatuta. Baina Munduko Osasun Erakundeak dagoeneko zortzi txerto baimendu baditu, zergatik aipaturiko lauak soilik onartuko dira osasun pasea emateko orduan? Zein da arrazoi sanitarioa? Ez ote da izango Europar Batasunean ekoizten direlako? Zer pasatzen da munduan bestelako txertoa jaso duten herritarrekin eta beraien osasun pasearekin?

Le Monde egunkariak joan den 2021eko ekainaren 9an Inperial College Londonen ikerketa batean oinarrituta azaldu zuenez, Pfizer txertoaren dosi bat ekoiztearen kostua 0,60 dolarrekoa (0,51 euro) da; egokitzearen, ontziratzearen eta kalitate-kontrolaren kostu gehigarriak erantsita, 0,88 dolarrekoa (0,75 €), baina Pfizerrek bere txertoaren dosia 15,5 €-ko unitate-prezioan saldu zion Europar Batasunari, berriki 19,5 €-ra igo aurretik. Inork ez ditu datu horiek ukatu eta, bitartean, patenteak liberatu gabe segitzen dute... Protestarako eta administrazioaren kudeaketarekin kritiko izateko nahiko arrazoi dago, bai horixe!

Gauzak horrela, osasun pasearen aurkako sentimendua administraziotik inposaturiko kudeaketarekiko obedientziaren eta desobedientziaren artean itota sortu da. Izan ere, gaur-gaurkoz, eta oraingoz, osasun larrialdian kokatzen den borroka honek ez du beste borroka sozial alternatiboekin bat egin, baina denbora kontua da. Agian, nahi gabe bada ere, azkenean dinamika hau ere sozialki toki guztietan indartzen ari den normaltasun berriaren aurkako matxinada sozialean txertatuko da, alternatiba integrala helburutzat duen erresistentzia eta eraldaketa dinamika sozial anitzari ikuspegi berri bat gehituz.

Borondatezko txertoari BAI, osasun balioa frogatu duelako. Inposaturiko osasun paseari EZ, batzuen negozioa indartzeko besterik balio ez duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.