Athleticek Iñigo Martinezi (ez) egindako eskaintzaren garrantzi juridikoa

Koldo Irurzun Ugalde
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Azken egunetan, Iñigo Martinezjokalaria Athletic Clubetik nola irten den hizketagai izan da. Jokalariaren zerbitzuak luzatzeko klubak eskaintzarik egin duen ala ez izan da eztabaidaren muina. Polemikaren erdigunean, aldeen sinesgarritasuna dago, baina, haratago, ba al du garrantzi juridiko-ekonomikorik eskaintza egin edo ez egin izanak? Erantzuna baiezkoa da. Athletic Clubek Iñigo Martinezi kontratu-luzapen eskaintzarik egin ez badio, kirolariaren finikitoaren zenbatekoa bi milioi euro inguru handitu daiteke.

Jendartean jakina da aldi baterako lan-kontratu bat amaitzean langileek eskubidea dutela lan egindako urte bakoitzeko soldataren hamabi eguneko kalte-ordaina kobratzeko. Hala aitortzen du Langileen Estatutuaren 49.1 c) artikuluak.

Baina ez da hain ezaguna kirolari profesionalek ere badutela eskubide hori, beraien lan-harremana arauberezi batek arautzen duen arren (1006/1985 Errege Dekretua), eta ez Langileen Estatutuak. Klub berdinean lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguneko kalte-ordain horren kalkulua, kontratu urteen eta azken urtean jasotako ordainsari gordinaren arabera zehazten da. Adibidez, hainbat web ataritako informazioen arabera, Iñigo Martinezek sei urteko lotura izan badu Athleticekin eta azken urtean bederatzi milioi euro jaso baditu, 72 eguneko soldataren baliokidea egokituko litzaioke: gutxi gorabehera 1,8 milioi euro, biribilduz.

Langile arruntei aitortzen zaien eskubide hori kirolari profesionalei ere aplikatzen zaie, kirolarien lan-arau berezian arautzen ez diren gaietan Langileen Estatutua baita arau osagarria, eta Auzitegi Gorenak interpretatu du 1006/1985 Errege Dekretuak gai horretan erregulazio-gabezia duela, eta gabezia hori Langileen Estatutuaren bidez ordezkatu behar dela.

Hala adierazi izan du Auzitegi Gorenak 2014ko martxoaren 26ko epai batetik aurrera, eta epai horren atzetik etorri dira 2019ko maiatzaren 14koa, eta 2020ko urtarrilaren 23koa eta uztailaren 23koa.

Lehenengo ebazpenean, Auzitegi Gorenak txirrindulari profesional bati aitortu zion aldi baterako kontratua amaitzeagatiko kalte-ordaina kobratzeko eskubidea; bigarrenean, Alcorconek 34.576,25 euroko kalte-ordaina ordaindu behar izan zion futbolari bati, aldi baterako kontratua amaitzeagatiko kalte-ordain gisa; hirugarrenean, Getafek ia ehun mila euro ordaindu behar izan zizkion Borja Fernandez jokalariari kontzeptu beragatik, eta, laugarrenean, Auzitegi Gorenakberretsi egin zuen Xala pilotariaren 36.000 euro kobratzeko eskubidea, Asperekiko lotura amaitzean.

Auzitegi Gorenaren doktrinari jarraikiz, gugandik gertuago dagoen eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2021eko azaroaren 16ko epaia aipatu behar da. Epai horrek Eibar kondenatu zuen Gonzalo Escalanteri 130.000 euro ordaintzera bost denboraldiko lotura amaitzean.

Hala eta guztiz, eskubide hori eta dagokion kalte-ordaina ez dira automatikoki eta kasu guztietan erreklamagarriak. Adibidez, Auzitegi Gorenak adierazi duen bezala, ez da eskubide hori sortzen lotura bi alderdien adostasunez amaitzen denean, edokirolariak ez jarraitzeko asmoa adierazten duenean. Eskubidea sortzen da kontratua ez luzatzearen erabakia kirol-erakundearen aldebakarreko borondatetik datorrenean, eta borondate horren neurgailu nagusia fede oneko kontratu-eskaintza bat egotea edo ez-egotea da. Horrelako eskaintzarik ez badago, edo eskaintza hori itxurazkoa bada, arrazoizkotik urruntzen dena edo neurriz kanpokoa bada, luzatzeko borondaterik ez zegoela ondorioztatu ahal izango da, eta kalte-ordainerako eskubidea aktibatuko da. Eta hori, Goi Auzitegiak adierazi bezala, ordainsari handiak dituzten kirolariak badira ere, edo kirolaria berehala beste erakunde batean lanean hasten bada edo aurretik klubaz aldatzeko gestioak egin baditu ere.

Haratago joz, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, Escalanteren kasuan, adierazi zuen iritzi-trukeak eta kirolariaren eta klubaren arteko elkarrizketak ez direla ez eskaintzak ez onarpenak, baizik eta kontaktuak soilik; asmoak eta intentzioak ere ez dira eskaintzak. Horrela, eskaintza formala egin dela egiaztatzen denean bakarrik saihestu ahal izango da kalte-ordaina ordaintzea.

Azken egunetan jakinarazi da Athletic Clubeko hainbat jokalarik ez dutela klubean jarraituko, baina, komunikabideetan zabaldu denaren arabera, badirudi egoera desberdinak daudela kalte-ordain hori kobratzeari dagokionez. Hala, Balenziagaren edo Caparen kasuetan, badirudi kontratua amaitzear dagoela klubak ez diela jarraitzeko eskaintzarik egin, eta, beraz, ez dago zalantzarik aipatutako kalte-ordaina jasotzeko eskubidea sortuko dela. Kontrako aldean dago, antza, Zarragaren kasua; izan ere, argitaratutakoaren arabera, ez du berritzeko akordiorik lortu, eta hortik ondoriozta liteke fede oneko eskaintzak trukatu direla, eta horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi egunakjasotzeko aukera indargabetuko luke.

Azkenik, Iñigo Martinezen kasuan, erabakigarria izango da eskaintza formal bat egon den ala ez argitzea, eta eskaintza hori frogatu ahal izatea ala ez, Ondarroako jokalariaren aldeko eskubidea sortu dadin edo Athleticek kontratua amaitzeagatik bi milioi euro inguru aurreztu ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.