Astelehen malkartsuak

2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Hauteskunde igandeen aurreko jardunaldiari, hausnarketa eguna deitu ohi zaio. Kanpaina jada amaituta, hautagaiek beraien intimitatea erakutsi ohi diete komunikabideei argazki hutsal bezain azukretuak konpartituz. Esperantza eta desira onak nagusi larunbat nagi horretan. Izenik ez du, ordea, hauteskunde ondorengo astelehen mamitsuak. Pisutsua batzuentzat, triunfala besteentzat; kontaketa gauak utzitako argazkia ondo behatu eta hausnartu ondoren oraingoa bai benetako erreflexioa, ondorioak ateratzeko egun mediatikoa izan ohi da hauteskunde osteko astelehena.

Oraingoan, are nabarmenagoa bilakatu da biharamunaren garrantzia, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Gorteetarako hauteskundeak aurreratu baititu uztailaren 23ra. Euskaldunok badakigu bai zer den uda betean gure botoak hautetsontzian lagatzea, duela hiru urte sasoi horretan egin baitziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Maiatzaren 28ak utzitakoak eragingo zituen zenbaitengan buruko min eta ezinegon galantak. Hausnartu dezagun bada gau elektoralak eskainitakoaz.

Prisma nazional batetik begiratu nahi izan zaio azken prozesu elektoral honi. Ez dezagun ahaztu Sanchez jauna presidente aukeratua izan zen 2019ko azaroko bozketa hartatik gertatutako guztia. Pandemiak gizarteari emandako jipoia, Ukrainaren inbasioa edota azken gatazka honek ekarritako krisialdi energetiko eta oinarrizko baliabideen garestitzea, besteak beste. Madrilen, Gaztela Leonen eta Andaluzian Alderdi Popularrak azken hauteskundeetan izaniko emaitzei apur bat kasu eginda, aurrez ikus zitekeen maiatzaren 28ko gauean Espainiar Estatua urdinez blaitu duen marea eskuindarra.

Tendentzia baten gainean igota zapaldu arren garaipenaren hondarra, planteatutako kanpainak ere zer ikusia izan du estatu mailako emaitzetan. Iraganeko mamuak taularatuz, kanpaina ideologiko bortitza proposatu zion Ayusoren jendeak Alderdi Popularreko zuzendaritzari, eta, beraien arteko tirabirak azaleratu nahi izan dituzten arren, azkenean terrorismoaren errautsetatik eraiki dute estrategia elektorala eskuinak zein Abascalen ultrek. Marko polarizatu horrek Alderdi Popularrari garaipena eman dion moduan, Euskal Herrian kendu egin dio EAJri hautsi ezina zirudien hegemoniaren buruzagitza.

Emaitza kaskarrak, inondik inora ere, jeltzaleek lortutakoak. Gipuzkoan eta Gasteizen galdu izanari, Nafarroan Geroa Baik lortutako emaitza eskasak zein Bilbon eta Bizkaiko lurraldean jasandako beherakada gehitu behar dizkiegu. Lehen aipatutako polarizazioaren suari egurra bota nahi izan diote Sabin Etxetik, EH Bilduren kudeaketa ahalmena edota beraien proiektu politikoaren zilegitasuna ezbaian jarriz kanpainan zehar. Estatu mailan bi indar nazionalistek ugaritan kritikatu izan duten alderdi-bitasun hori bera hauspotu nahi izan du gurean EAJk, bi arerioen artean irabazteko kredentzialik onenak eta jendearen babes betierekoa zituela pentsatuz. Paradigma aldaketa baten aurrean aurkitzen da euskal gizartea, ordea. Gero eta urrunago sentitzen da lehen konfiantza, segurtasun instituzionala eta oparotasuna eskaini ei zion alderditik, eta bere botoen zakua iturri desberdinetatik asetzen ari den ezker abertzalearengan konfiantza nabarmen ari da handitzen eta egonkortzen.

Hazkunde hori ere kudeatu beharko dute tentuz EH Bilduko buruzagiek. Alderdiaren heldutasun instituzionalari beraien boto-emaileen ezberdintasuna eta gama ideologiko zabala gehitzen baitzaie. Hor daude belaunaldi berriak, terrorismoaren lakra latza bizi izan ez duten jendarteak eta planteatutako kanpaina beldurgarri baten aurrean beraien arazo errealak nola zokoratzen diren harriduraz ikusten duen gazteria. Aurpegiak aldatuz eta proiektura jende prestua eta ahalmenduna erakarriz, egonkortu egin da etorkizunean zeresan handia izango duen alderdi ezkertiarraren posizioa kalean zein instituzioetan. Ikusi besterik ez dago jada legealdi luzez gidatzen dituzten zenbait herritan atzokoan izaniko emaitzak.

Hemendik aurrerakoa, berriz, xake jokaldi gorenen tamainako mugimenduen garaia. Sanchezek, joko zelaian ederki trebatzen den animalia politikoak, egoeraren jakitun izanik hauteskundeetarako kanpainaurrea, udal eta gobernu autonomikoak osatzeko negoziazioarekin bat egitera behartu du. Gauzak horrela, estatu mailan gertatzen denak oihartzuna izango du Gasteiz eta Iruñeko udaletxeetan edota Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Egungo presidenteak, orain artean mantendu duen aritmetika parlamentario anitza beharko du boterean jarraitzeko, eta, euskal bozkei dagokienez, EAJ eta EH Bilduren lehia berri baten atarian egon gaitezke, Madrilen bakoitzak duen eragina handitu nahian aterako baitira uztaileko boto bero bila.

Penitentziaz jositako astelehena izan zen, beraz, batzuentzat maiatzaren 29koa; eta sagaratze-eguna, beste hainbatentzat. Joan-itzuliko partida bat proposatu diguten honetan, garrantzitsua izango da atsedenaldiko freskatzearen ondoren azken minutuetara jokalariak nola iristen diren ikustea. Aurretik, hausnarketarako astelehen malkartsu ugari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.