Ahaztu egin beharko genuke hitz hau: bekatua. Zenbat beldur, kezka, estutasun, egonezin, antsietate eta kulpa, bekatuak direla eta! Ongi eginak eta gaizki eginak; sariak eta zigorrak; zerua eta infernua; azkenean, guztien artean bekatua.
Aste Santua, bekatua kentzen duena. Txiki-txikitatik bizi izan nuen Aste Santua, eta oraindik ere gogoratzen ditut udaberri haietako zeru beltz trumoitsu haiek, trumoiak eta tximistak zeruan, eta trumoiak bezain burrundara mardulak pulpituan. Eta, zer? Bekatua gora eta bekatua behera sermolariaren hitz bortitzetan. Inork ez zuen lorik hartzen. Beldurra zen nagusi. Baina, baita ere esan behar dut Aste Santuetako kanten doinuekin asko oroitzen naizela, ederrak ziren benetan, «Damu det Jauna...», adibidez.
Izan ere, Aste Santuan Jesu Kristoren nekaldia eta piztuera ospatzen dira, etaJesus gizakia bekatutik askatzera etorri omen zen mundura. Horrela diote ebanjelioek. Kontakizun honek baditu bere alde historikoak eta mitikoak, hauek fedeak bakarrik uler ditzakeenak. Gaur egun, ikertzaile gehienek Nazareteko Jesus bat Palestinan bizi izan zela eta erromatarrek gurutzean hil zutela ontzat ematen dute. Baina historia honek badu mitologiatik ere. Jainkoak bere seme bakarra, Maria birjinagandik sortua, gizakia bere bekatuetatik salbatzera bidali zuen, eta, horretarako, heriotza bortitza jasan behar izan zuen, hiru egunetara piztu zelarik. Inguruetako kulturetan ere antzeko kontakizun mitikoak badaude, eta ingurumari horretan kokatu beharko genuke. Jesus ez zuten hil gure bekatuak barkatzeko, baizik eta eraman zuen bizitza konprometitu eta kritikoarekin apaiz-agintariak urduri jarri zituelako eta hauek, erromatarren laguntzaz, paretik kentzea erabaki zutelako. El Salbadorren hil zuten Ignacio Ellakuria euskal jesuita datorkit burura... besterik gabe.
Bekatuak aspaldiko kontuetara garamatza. Adam eta Evak, paradisuan bizi zirela, Jainkoak berak debekatutako fruitua jan zuten, Jainkoaren beraren aurkako desobedientzia bat izan omen zen, eta hortxe egin omen zuten lehen bekatu mortala. Bekatu original mitikoa. Bekatu horrekin jaiotzen omen gara, eta duela 2023 urte Jesusek salbatu gintuelako, bataiatzea nahikoa omen da bekatu hori garbitzeko. Horregatik, gu jaio ginenean, hirugarren egunerako bataiatu gintuzten.
Bekatu mota asko daude Elizaren aginduetan, baina guk bi ikasi genituen: mortala eta beniala. Masturbatzea bekatu mortala zen, eta ezin zenuen Jauna hartu. Amari sukaldeko armairutik txokolatea lapurtzea beniala zen, baina hau ere konfesatu beharrekoa.
Ez dago bekaturik. Esan badut, esan dut—behin, lagun batek esan zidan: «aita sainduak ere esan omen zian infernurik ez dagoela, eta orain ez zegok mundu honetan bizitzerik»—, baina norberaren kontzientziak jakingo du zer egiten duen ongi eta zer gaizki. Bekatuak kulpa sortzen du, eta batzuetan pertsona baten nortasuna, bizinahia eta sormena puskatzerainoko kulpa. Bekatuaren kontzeptua Mendebaldeko erlijioek, batez ere erlijio katolikoak, erabili izan du gehien, eta darabil oraindik ere. Bekatuaren izenean, badago ezkutuko nahi bat pertsonak eta bere ahalmenak menderatzekoa, erlijioa aitzakiatzat erabiliz.
Bekatua Jainkoa nahigabetu izana bada, jakin beharko dugu zein Jainko den hori eta ze erlazio dugun berarekin. Jainkoa bada guregandik urruti zeruetan dagoena, bera han dago eta ni hemen. Beraz, kreatzailea eta ahalguztiduna izanik, erraz nahigabetu dezaket Jainko hori. Hau ikuspegi dualista bat da. Baina, alderantziz, Jainkoa ni naizena ere baldin bada, Jainkoak Jainkoa ezin dezake nahigabetu. Jainkoa den guztiaren esentzia bada, den guztia Jainkozkoa bada eta ni ere bai, zerbait nahigabegarria egiten badut ez du nire barneko niak egingo, nire ni mentalak baizik, egoak. Beraz, garen jainkotasunaren ezjakintasuna izango litzateke bekatua; horrek ezin du Jainkoa nahigabetu. Eboluzioak eman digun eta ni deitzen diogun adimeneko autokontzientzia horrez aparte, pertsona guztiok daukagu gure barnean benetako izate bat. Ni mentalari deitzen diogu egoa eta, askotan, nartzisismoa ere bai
Orain, autoa gidatzean, zerbait gaizki egiten baduzu, zu zeu izango zara errudun, eta ez aipatu Ertzaintzaren aurrean bekatua egin duzula, barkamena eskatuz, horrek ez baitzaitu isunetik libratuko, elizan konfesatzean gertatzen den bezala. Baliteke errudun ere sentitzea.
Aste Santua eta bekatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu