Duela aste batzuk Trump AEBetako lehendakarigaia entzun genuen telebistaz emandako eztabaidan, bere herrian haurra jaio ostean abortua baimentzen duten estatu demokratak daudela esanez.
Pertsonaia ikusita, ideia zentzugabea eta inprobisatua dirudi, baina faltsukeria hori bera entzun genion 2019an Adolfo Suarez Illanari, garai hartan Madrilgo PPko bigarrena zenari, ziurtatu baitzuen New Yorken «jaio ondoren abortua baimentzeko lege bat onartu berri zela».
Duela gutxi, 2022an, Hungariako Orbanen Gobernuak dekretu bat onartu zuen, abortatu nahi duten emakumeak lehenago umekiaren bihotzaren taupadak entzutera behartzen dituena. Proposamen hori ere, hemendik hurbilago, Voxeko diputatu bati Gaztela eta Leonen entzun genion.
Pilula labur horiek ikusarazten digute gure gizarteetan ere gero eta indar handiagoz ageri den eskuin muturrak emakumeen eskubideen aurkako argudioa erabiltzen duela eta gogoz ari direla haurdunaldia borondatez eteteko eskubidearen kontra.
Horiek entzutean: pertsona batzuek ideia horiek dituzte, beste batzuek «ze astakeriak esaten dituzten» esaten dute eskuak burura eramanda, beste batzuek jada zaharrak eta gaindituak dauden gaiak direla deritzote, baina bagaude arrazoi askorengatik biziki sumintzen garenak ere. Badirudi halakoak ez direla emakumeen giza eskubideak, eta boterea lortzen duenaren esku daudela, begira diezaiegun Argentinari, Afganistani, leku batzuk bakarrik aipatzearren, hemen zerrenda zehatz bat egitea ezinezkoa litzatekeelako; badirudi boto gehiagoren truke eskubide batzuk ezabatu daitezkeela; abortatzeko eskubidearen urraketak emakume askoren bizitzan duen eragina ere ezagutzen dugulako sumintzen gara.
Umekiaren taupada entzun beharra abortua erabat zigortzen duten estatu askoren lehen urratsa da. Behin eta berriz aditzen ditugun argudio horiek lege bihurtzen dira, eta nori eragiten diote nagusiki? Herrialde horietako emakume pobreei, espetxean ere amaitzen baitute. Argi dagoelako baliabide ekonomikoak dituzten emakumeak abortatzen jarraituko dutela eta baliabide horiek ez dituztenek egingo dutela, edo saiatuko direla, beren osasun eta bizitzarako arrisku handia bada ere.
Egun hauetan, El Salvadorren, Agrupación por la Despenalización del Aborto elkarteak salatu duen bezala, larrialdi obstetrikoa jasan zuen emakume baten espetxeratzea ezagutu dugu. Bera baino lehenagoko beste batzuentzat horrek 30 urte baino gehiagoko espetxeratzea ekarri zuen, larrialdi obstetrikoak homizidioagatik zigortuz.
Gaur Beatriz gogoan dugu, salvadortarra bera ere. Bere kasua ez da bakarra eta politika horiek emakumeen bizitzetan zer esan nahi duten agerian uzten du. Bere kasua enblema izaten ari da: emakume guztientzako abortatzeko eskubidea exijitzeaz gain, eskubide horren urraketak beren bizitzan izan dituen ondorioak jasan dituztenei erreparazioa eskatzeko ere ikur bilakatu da.
Beatrizek lehen seme bat izan zuen, eta zenbait ebakuntza egin zizkioten hainbat osasun arazoren ondorioz, arrisku handiko haurdunaldia izan zuelako. Urte batzuk geroago, beste haurdunaldi bat izan zuen, eta hasieratik diagnostikatu zioten umekiak malformazioak zituela eta behin jaiota ez zegoela bizi-itxaropenik. Medikuak bat zetozen haurdunaldia etetea beharrezkoa zela, Beatrizen osasun egoera egunero larriagotzen baitzen.
Medikuaren irizpena eta nazioarteko presioa gorabehera, El Salvadorko Estatuak uko egin zion prozedura baimentzeari eta Beatriz haurdunaldiarekin jarraitzera behartu zuten. Azkenik, Giza Eskubideen Gorte Interamerikarraren esku-hartzearen ondoren, El Salvadorko Estatua 2013ko ekainaren 3an haurdunaldia eteteko prozedura egitera behartu zuten. Beatriz 2017ko urriaren 8an hil zen. Bere osasun egoera okerrak zirkulazio istripu baten ondorioak larriagotu zituen.
Beatrizen kasuak munduaren aurrean agerian utzi zituen abortuaren erabateko zigorraren eragin larriak. Hala, 2024an, hainbat erakundek Beatrizen kasua Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrera eraman dute, El Salvadorko Estatuaren aurka. Beraiek esaten duten bezala, «Beatrizen memoria ohoratu nahi dute, familiari egindako kalteen erreparazio integrala eta ez errepikatzeko neurriak exijitzen dituzte, ziurtatzeko ez dela egongo beste neskatilarik eta emakumerik Beatrizek bizi izandakoa bizitzera behartuta, eta milaka salvadortarren bizitzaren aurka egiten duen araudi esparrua aldatzeko». Haiekin batera, El Salvadorko, eta Ameriketako beste herrialde batzuetako, lege murriztaileak aldatzea eragingo duen aldeko epaia espero dugu.
Europan ere, beste ekintza batzuk badaude. Gaur egun, My Voice, My Choice (Nire ahotsa, Nire Erabakia) mugimendua eratu da, emakume guztiontzako abortu seguru eta doakoaren aldeko Europar Herritar Ekimena, oraindik ere haren onarpenean eta praktikan jartzean gabeziak aurkitzen ditugulako.
Aurten indar handiagoz eskatzen dugu justizia Beatrizentzat eta giza eskubideen edozein urraketa jasaten duten beste hainbat emakumerentzat.