Xabier Makazaga.
Estatu terrorismoaren ikertzailea

Asmakeria hutsak

2023ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

Inoiz ez da ezagutu estatuen babesarekin egindako giza eskubideen bortxaketei buruzko egia osoa, baldin eta lehenik bortxaketa horiek ahalbidetu dituen isiltasun konplizea desagertzen ez bada. Hala gertatzen ari da tortura eta gerra zikinarekin, eta horregatik gaude benetan urrun egia osoa jakitetik.

Isiltasun konplize hori alboratzeko batere intentziorik ez dutenen argudioa izan ohi da epaileek erabakitakoa besterik ez dela egia. Gainerakoa, asmakeria hutsa omen. Horri eusten diote milaka torturatu izan dela ukatzeko orduan. Eta beste horrenbeste egiten dute gerra zikina estatuak antolatu eta finantzatu duela ukatzeko ere.

Gobernuburu zela, Felipe Gonzalezek harro esan zuen inoiz ez zela frogatuko agintarien parte hartzea gerra zikinean. Bere zoritxarrerako, ordea, 1983an gertaturiko kasu pare batean nahi adina froga izan zen. Bi kasuak ez ziren guztiz argitu, baina oso garbi geratu zen bahiketa eta erailketak antolatu eta finantzatzen zituena estatua zela, GAL siglekin mozorrotua. Hori bai, hainbeste froga izan bazen ere, agintariek estatu terrorismoa ukatzen jarraitzen dute.

Hara zein izan ziren partzialki argituriko bi kasu haiek: ETAren diruzaina zelakoan, Hendaian bahitu zuten Segundo Marey herritarrarena eta Baionan bahitu ondoren, Donostiako eraikin ofizial batean torturatu, tiroz erail eta, betirako desagerrarazteko asmoz, kare bizian lurperatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosar errefuxiatu politikoena.

Bi kasuetan epaileek garrantzi handiko hainbat goi kargudun kondenatu zituzten, tartean Barrionuevo Barne ministroa, hain izan ziren frogak ukaezinak; baina Marey, Lasa eta Zabalak jasandako torturei dagokienez eman zuten epaia betikoa izan zen. Ez omen zegoen frogatzerik torturatu egin zituztela.

Marey kasua partzialki argitu bazen, Amedo poliziak egindako lardaskeria sinestezinengatik izan zen. Mertzenarioak kontratatzean, arrasto andana utzi zuen eta espetxeratu egin zuten. Orduan, espainiar agintariak Amedoren isiltasuna erosten saiatu ziren, milioi askoren truke, baina azkenik zekienaren zatitxo bat kontatu zion epaileari.

Ia jende guztiak kasu hori zeharo argitutzat duen arren, hamaika gauza ezkutatu dizkigute eta gezur galantak sartu. Adibidez, esan digute bahiketa haren benetako helburua Mikel Lujua errefuxiatua zela eta berehala ohartu zirela egindako hanka-sartzeaz. Nahiz eta espainiar justiziak frogatutzat eman hori izan zela gertaturikoa, hanka-sartzea oso bestelakoa izan zen. Espainiar agintariek eta Segurtasun Indarrek uste zuten Segundo Marey ETAren diruzaina zela eta horregatik bahitu zuten. Pare bat egunez gogor torturatu ondoren, onartu behar izan zuten haien ustea zeharo ustela zela.

Lasa-Zabala kasua partzialki argitu zedin, garrantzi handia izan zuen Intxaurrondoko kuartelean buru zen Galindoren gizonek osaturiko narkotrafiko sareak, non buru-belarri zebiltzan Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak. Biek gauza asko kontatu zizkioten Lasa eta Zabalari gertatuari buruz sareko arduradun bati, Pedro Luis Migueliz Txofo-ri. ETAk sareko beste bi arduradun hil zituenean, Txofok, beldurrez, zekiena kontatu zion epaileari. Besteak beste, bi errefuxiatu tolosarrak Donostiako La Cumbre izeneko eraikin ofizialean atxiki eta torturatu zituztela.

Pilatu ziren froga ukaezinen ondorioz, epaileek bost pertsona kondenatu zituzten, tartean Galindo eta Julen Elgorriaga, Gipuzkoako gobernadore zibila, baina ez zuten neurririk hartu Intxaurrondoko beste guardia zibil batzuen aurka, nahiz eta nabarmena izan haiek ere zerikusi handia izan zutela krimen beldurgarri hartan.

Epaiketan, auzitegi-medikuek eta perituek hainbat arrazoi aipatu zituzten erakusteko logikoena bi errefuxiatuak torturak jasan izana zela. Gainera, Lasa eta Zabalari tortura bidez erauzitako informazioei esker, Guardia Zibilak lagun mordoa atxilotu zuen Tolosaldean. Hala eta guztiz ere, epaileek erabaki zuten ez zegoela frogatzerik torturatu egin zituztela.

Beste horrenbeste egin zuten Segundo Marey-ren kasuan. Hura ere gogor torturatu baitzuten. Elkarrizketa batean salatu zuenez, «tortura sistematikoa jasan nuen. Profesionalak ziren [...] Nire posturaz eta minaz barre egiten zuten. Haluzinazioak nituen, geroztik errepikatu diren amesgaizto ikaragarriak». Hala ere, epaileen ebazpenean ez ziren hark jasandako torturak ezertarako aipatzen. Gainera, erabaki zuten, logika oro nabarmen albo batera utziz, ez ziotela ezta galdeketarik egin ere.

Bi kasu horiek oso argi utzi zuten, berriro ere, tortura bidez lorturiko norberaren kontrako adierazpen soiletan oinarrituriko kondenak ezartzen dituzten epaile horiek oso bestela jokatzen dutela estatuko zerbitzari leialak diren torturatzaileen kasuetan. Torturatzaileak kondenatu aurretik froga ukaezinak eskatzen baitituzte, ederki dakiten arren, ia kasu guztietan, inkomunikazioak ezinezko egiten dituela froga horiek.

Bada, milaka torturatu izan dela ukatzen dutenek, estatu terrorismorik ez dela diotenek, bakarrik epaile horiek erabakitakoa onartzen dute. Eta ez beti. Beste guztia, asmakeria hutsa omen da.

Beraienak bai asmakeria hutsak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.