«Barraren gainetik salto egin, eta barril bat nola aldatzen den azaldu zidan», «unibertsitateko korreora mezuak bidaltzen zizkigun, soilik neskoi», «lotan nengoela nire bikotekidea nire kontra masturbatzen ari zela esnatu nintzen», «hanketako ileak mespretxuz begiratzen dizkidate familia bazkarietan», «bileretan hitz egiteari utziko diot, lekua egin behar izateaz nekatuta nago», «ipurdia begiratzen dit bere mahaiaren ondotik pasatzen naizen bakoitzean», «haserretzen denean denbora luzea pasatzen du niri hitzik esan gabe», «asanblada-kideari protokolo matxista irekitzea oztopatu zuen, ez omen zen hainbesterako»... Irakasleak, bikotekideak, lagunak, ikaskideak, familiartekoak, militantziako kideak eta jefeak; gizonak, gizonak eta gizonak.
Etengabe erasotzen digute, ez omen dagozkigu guri espazio publikoa eta (gure gorputzen gaineko) erabakiak hartzea, ez omen dagozkigu segurtasuna, ezetza, jakintza eta hitza. Baina ez ditzagun gure kontzientziak baretzeko gezurrak irentsi, ea bat-batean sinetsi behar dugun beranduegi arte ateratzen ez diren, altuegi hitz egiten ez duten, haien iritzia gehiegi ematen ez duten, atentzioa gehiegi deitzen ez duten, azkarregiak, barregarriegiak, lodiegiak, okerregiak, lesbianegiak edo erakargarriegiak ez diren emakumeek ez dutenik erasorik jasaten.
Arau patriarkalei erresistentzia egiteagatik egiten digute eraso, baina araua ere biolentzia da, eta araua betetzeak berak ere erasotzen digu. Ezin dugu sinetsi emakumeok egiten (ez) dugun horregatik jasaten ditugunik erasoak: emakume izateagatik jasaten ditugu. Egiten (ez) dugun horretan arreta jartzeak autokontrolera, askatasuna mugatzera eta beldurrera garamatza. Begirada emakumeongan jartzeak, arazoa (eta beraz, guri eraso ez egitearen ardura) gugan jartzea dakar.
Arazoa da erasoak patriarkatuaren isla direla, beraz, funtzio zehatz bat ere betetzen dutela jendartean. Feministok badakigu egunerokotasuneko tradizio, umore, lan banaketa desorekatu, begirada eta epai matxistek sostengatzen dituztela mehatxu, irain, bortxaketa eta erailketak. Baina erasoek, icerbergaren punta izateaz gain, indarkeria matxista betikotzearen funtzioa ere betetzen dute. Gizonek beraien boterea berresteko, agintea nork duen gogorarazteko, beldurra hedatzeko eta emakumeoi agentzia lapurtzeko saiakera ere badira. Erasoak sistema patriarkalean kokatzen baditugu, identifika ditzagun gizonek erabiltzen dituzten tresna politiko gisa ere.
Arazoa da gizonekin partekatzen ditugun espazioetan erasotzen digutela. Espazio mistoak ez direla inoiz seguruak. Eta bai, berdin diola gure bikotekideak, lagunak edo gure aitak diren. Edo ez, ez du berdin, ezagunen artean jasaten baititugu eraso gehien.
Arazoa da ez dugula komentario edo praktika faxistarik onartzen. Ordea, bikotekide, asanblada-, kuadrilla-kide eta lige gisa onartzen ditugula erasotzen diguten, markajeak egiten dituzten eta feministok isilarazten gaituzten gizonak. Pisu politiko ezberdina ematen diegula (edo pisu politikoa kentzen diegula) eraso matxistei.
Arazoa da espazio publikoan erasotzen digutela, baina baita pribatuan ere. Udan, jai giroan, erasoak biderkatzen direla eta esfera pribatuan ez dugun kolektibotasuna baliatzen dugula hauei aurre egiteko, baina badakigula erasoak ez direla soilik txosnaguneetan gertatzen.
Horrexegatik, fokua aurretiko aliantzetan, eraso anitzen politizazioan eta ahalduntzean jartzen dugu; saretzean eta feminismoan.
Urteak dira erasoak kolektibizatu eta horiei aurre egiteko tresnak garatzen ari garela feministok. Autodefentsa feministarako deiak hartu dituzte txosnak, tabernak, kaleak eta kuadrillak. Erasotzaileei aurre egin eta gure arteko sareak indartzeko lanean jarraitzen dugu, gizonen erasoen, poliziaren kriminalizazioaren eta instituzio publikoen utzikeriaren eta ezikusiaren aurrean.
Nazkatuta gaude parrandak hasi bezain pronto bukatu beharraz protokoloak aktibatu behar ditugulako. Nazkatuta gaude gure herriko jaiak erasoen kudeaketan pasatu behar izateaz, zuek, jai batzordeko, gazte txosnako edo herri konpartsako gizonek, plata o plomo botilak hozkailuetan sartu besterik egiten ez duzuen artean. Horrek egiten zaituztete gudari, ezta? Nazkatuta gaude etengabe erresistentzia izateaz, erantzuteaz, nazkatuta zuen matxirulo kuadrilla eta anaien arteko konplizitateez.
Baina, besterik ezean, gure artean gozatzen jarraitzen dugun bitartean zuekin talkan jarraituko dugu. Zuen biolentzia politizatzen, antolatzen, anaidia arrakalatzen eta geureaz eta geuretik gozatzen jarraituko dugu. Aurrean izango gaituzue, elkartuta, tinko, ziur eta feminista.