Aske izateko libre aritu: lotu auzolanari

2011ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Garai berriak bizitzearena liteke laburpenik trinkoena azken hilabeteotako joana adierazteko unean. Berriak, aroz eta giroz. Gurean etorkizun den mugarri batek dauka egunotan solas-ardatz lekua guztiz bereganatua: maiatzaren amaieratik aurrerakoa. Udalbiltzaren esperientziak utzitako arrastoari jarraiki gabiltza geu guztiz, eta horren argitan, bizitutako jardun-urteetatik eta pairatutako errepresio-epaiketatik, zenbait ondoriok bizi gaitu, geroko ondare sendo. Eta hausnarketa xumeok dira, hain zuzen ere, zuekin, Euskal Herria aske bihotzean eta bolondres aritzeko prestutasuna eskuetan izaki, aletu nahi ditugunak, abiatutako bidean aurrera jo dezagun.

Euskal Herriak bizi behar du

Nahia eta premia. Borondatea eta ukazioa. Ahalegin etengabea, eta desegituraketa sistematikoa. Goitik behera, botere nagusiak euri azidoa gure amalurrean. Sasi guztien gainetik, auzolana ongarri. Biziki nabarmen ageri zitzaigun Udalbiltzaren jarduera abiatu eta berehala Euskal Herria herri zatikatua, ukatua eta kolpatua dela. Aro berri baten atalase bidean, egun, egiturazkoa den zigor eta ukazio hori ez da arindu, begibistan dena. Aldaketa politiko sakon baten premia bizi-bizia da, beraz. Eta premia larri dugun aldaketa ezin gera daiteke, oraingoan ere, estatuen erantzunaren zain, menpe. Edo eta beste zer dagiten-ez dagiten begira, elkarri «nota» jartzeko ariketa hutsalean.

Aldaketak, bistan da, zeregin ugari dakar berarekin. Baldintza demokratikoak eskuratzea, hautu politiko eta pertsona orok askatasun osoz eta aukera berdintasunean jardun ahal izan dezan, liteke, agian, premiazkoena. Edo eta, egungo krisi ekonomikoak, zer den izena eta zer izana beste baterako utzita, eragindako lurrikara sozialari erantzutea, hainbat eta hainbat eskubide ukazioren eragile izaki. Giza eskubideak, horiek ere. Independentziari Euskal Herriarentzako hautu egokiena izateaz gain premiazko deritzogunoi, nola ez, horren arrazoiak eta bideragarritasuna jendarteratzea ere badagokigu, bidean aurrera, begi bat urratsean eta bestea ortzimugan.

Baina, «Herriak bizi behar du!» haren ildotik planteatzen dugu egungo jarduna, hain zuzen ere uste dugulako «Iparraldetik haize (berria) datorrela», kantuan kateatzen zaigula esaldia, gogo-bihotzean. Herriak bizi behar du; herria bera bere buruaren autoafirmazio sortzailean arituz, lurrari oso atxiki jardunez, norberaren apurrez indarrak metatuz, horretan gakoa auzolanean datzala beti presente. Eta jakinik zeregin eta behar ugari baino ugariagoak direla. Eta, hala ere, bizipozez beteriko ahaleginari helduz. Lana, afana. Baina ez zama.

Inguruan, lehen eta orain, hamaika lagun ezagutu dugu urte luzeotan aldaketari so, hasieran pozarren, gero putzuan. Baina, funtsean, begira. Zereginik gabeko. Aldaketa politikoaren zain geratu izanaz denok egin izan dugu hausnarketa autokritikorik. Balizko negoziazio politiko batek ekarriko lukeelakoan; zain, albisteen sasitzan berriak bilatuz.

Argi izan dezagun: aldez edo moldez, Espainiako Erresumak eta Frantziako Errepublikak, eskuz esku helduta, gogotik kolpatuko dute Euskal Herria biziberrituko duen jardun estrategiko oro. Euskal Herriko Laborantza Ganbara edo Udalbiltza deitu. Izan liteke aitzakia biolentziarekiko ustezko lotura, edo la grandeur errepublikanoa mindu izana. Kolpeak, oztopoak eta trabak gordinak eta gogorrak izango dira geroan ere. Epaiketetan errugabetuta ere (eta hori garaipen itzela izan dugula ahaztu barik), zauriak eragiteko gaitasuna beti zorrotz.

Moldeak bestelakoa behar du, ezinbestean, beraz. Laborari matxino-sortzaileena da eredu; amalurrari oso atxikituriko bidea, hamaika ekimenetan sustraitua, urlasterraren aurkako norabidean ari denaren izokinaren dotoreziaz —eta bizipozaz— jantzitakoa.

Uztaro baino, oraindik ereiteko aroa dugu gehiago. Baina, hori ere ziur, emaitzaz oparo izango dena.

Bizi bedi, beraz, berria

Aro berriaren mugarri premiarik izatekotan, udazkenari begira duela 12 urteko Euskalduna jauregikoa berritzeko berehala hasi behar da lanean. Herri zinez gabetua da gose. Ele, lurralde, hizkuntz, selekzio, aitortza eta izenik ere gabeko herria dugu gurea; dena premia, dena bide. Badugu, ordea, indar erraldoirik, ekimen xume, txiki, askotan barrena. Eginiko bidea eta lorpenak gutxietsi gabe. Baina bidea bera dugu estrategia ildo eta hodeiertza ardatz.

Garaipenaz baino, garapenaz kezkatu behar dugula esango genuke, inork halako esamoldeari ez balioke kutsu porlanzalerik erantsiko berez. Gu geu izan eta esan. Nazio eraikuntza, partekatze-sorkuntza delako, bideragarri bakarra. Gutxirekin, asko. Erein eta aitzurtu, izerdiz bai, ez purran edo noraezean. Auzoz auzo, arloz arlo landutako programazio zehatz bati lotuta. Lana zeregin, beharra baino. Afana gogozko, premiazko baino.

Euskal Herrian boterea eskuratzeko ikusmira hilda zegoen jaio baino lehen. Eta orain ere, XXI. Mendeko mundu aldrebes honetan, herri aske izateko ahalmenak, indarrak, ametsak eta egitasmoak dira irabazi-eskuratu beharrekoak. Herritarren eta udalerrien arteko sinergian botere-ahalmen-indar ugari aurkituko dugula, ziur. Aurkitu eta berritu, berpiztu, birsortu, biderkatuko ditugu ia oharkabean. Udalbiltzan ibilitakoon eskarmentutik diotsuegu.

Etapa, aldi, aro berri bati ekiteko unea ailegatuta, alderdi eta epe motzeko perspektiba orotik haratago, ekin diezaiogun orube emankorrenari, udalgintzan eta herri bakoitzean sustraituriko nazio sorkuntza auzolanekoan arituz. Euskal Herriak munduaren aurrean bizi behar badu, horixe du ispilu-emisore mundiala. Udalbiltza, izana. Gutxienekoa, izena.

Lotu, beraz, auzolanari. Heldu erantzukizunari udal hautagai eta hautetsi izango diren guzti-guztiok. Bidea zail eta malkar izango dela? Jakina. Horrexegatik, eman dezagun... umore! Eta, Miren Amurizak duela gutxi azaldu bezala, bertso hau burutzeko atzera jo behar badugu ere, berrekin gaiari eta segi aurrera.

Lagun, etor gurekin,

denek elkarrekin,

badugu zeregin...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.