Askatasunaren eguna

Kepa J. Anabitarte
2017ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Askatasunaren eguna da. Orreagako bataila: 778-824. Aurreko urteetan bezala, gure arbasoen balentria omendu nahi dugu oroipenaren bitartez, garaipen haren aparteko balio politikoa azpimarratuz.

Estrategia ezin hobe baten emaitza da, IX. mendean zenbait helburu lortu zituena: antolakuntza politiko subiranoa (gaurko Estatua) sortu, garatu, instituzionalizatu eta martxan jartzea. Estatu horrek bere funtzioak erabat bete zituen XVI. mendera arte (inbasio totalitarioen hasiera); eta gaur, sarraskitua bada ere, onartua dago nazioarteko erakundeetan (NBE, eta abar); bere iraunaldia eta gaurkotasuna berresten dugu, beraz.

Historiaren interpretazio interesatuari aurre egitea, Winston Churchillek esandakoa gogoratzea, oso komenigarria da: «Historia alde batera uzten duen politikariak, beste edozer gauza egin dezake, baina politikarik ez».

Gure arbasoek merezi duten omenaldirik onena euren balore estrategikoak antzeratzea da, euren izpiritu eta ikuspegi politiko berberekin. Estrategia, baliabide eta helburuak oreka perfektuan dituen egiturazko batasuna litzateke, aldaketak eragiteko eta zentralitate politikoa lekualdatzeko ahalmena duena.

Hala ere, askatasun esparruen galera agerikoagoa da egunez egun. Estatu menderatzaileen gobernuek indarrez ezartzen duten «ideologien» inmoralitateak, defentsarik gabeko herriekiko dituzten planak jaurtitzen eta indartzen dituzte. Hona adibide bat: subjektu politiko kolektiboak ukatzen dituzte, komunitate batetik isolatua dagoen gizabanakoa politikoki ezer ez dela maltzurki ezkutatuz.

Okerrik gabe esan dezakegu arazo nazionalena dela inperialismo espainiar eta frantsesek berreskuratu ez duten kontraesan bakarra. Gaur existitzen den gatazka serio bakarra dira: Catalunya, Euskal Herria…

Aurrekoa indartuz, «lehen arazo soziala arazo nazionala da; eta arazo nazionala, batez ere, arazo soziala da».

Hori ukatzeak etorkizunean emaitza negatiboekin jarraitzea dakar, elkartzeko gai ez den herri bat garen ezkortasunean ez erortzearren, batasunik ezari leporatuz errua. Baina batasuna estrategiaren baitan dago; estrategiarik ez badago, batasuna soberan da.

Askatasuna autodeterminazioaren sinonimoa da, eta independetziarako, burujabetzarako eta subjektu politiko gisa aritzeko ate irekia. Bakarra bezala ulertu behar da; askatasuna ez dira bi edo gehiago, ez dago askatasun nazionalik gabeko norbanakoaren askatasunik, ezta norbanakoaren askatasunik gabeko askatasun nazionalik ere.

Esandakoaren azpiko edozein mailak, autonomiak, federalismoak, eta abarrek, aldaerak aldaera, ez dute herriak libre egiten dituen maila estrategikoa inoiz lortuko. Bat ezin da bat izan beste norbaitek galarazten badio.

Gure ondare guztia, materiala, ekonomikoa, paisaia, identitatea, kultura, hizkuntza, eta abar, arriskuan dago gure etorkizunaren jabe eta kudeatzaile negargarri hauekin; gu historiatik ateratzea da beraien helburu bakarra. Baina oraindik ez dute lortu!

Autodeterminazioa ez da eskubide bat, eskubidea da. Izatekotan, guztietan lehena da; autodeterminaziotik eratorriak dira beste guztiak.

Iparla argitalpenetan bildu dugun gure intelektualen lana erabiliko dugu, beraien ekarpen baliotsuen zati txiki bat aipatuz:

«Herrien nazioarteko zuzenbidea ohiturazko zuzenbidea da, NBEko kide diren estatu guztiek formalki onartua, ez eraikia. Oinarrizko zuzenbidea da, inperialismoari aurre egingo dion berehalako independentziari atxikia, baldintzarik gabekoa eta utziezina, giza eskubide guztien baldintza, eta demokrazia ororen osagaia, Herri guztiei dagokien bidezko defentsatik bereizezina, eta estatu guztien eskakizuna eta erreserba positiboa».

«Autodeterminazio eskubidea, oinarrizko eta berezko eskubide guztiak bezala, ez dago hauteskundeen menpe, gehiengo edo gutxiengo konbentzionalen menpe».

Komenigarria izango da, zentzu horretan, giza lidergo bat antolatzen ahalegintzea, klase politiko abertzalea eta gaitasuna duena, ikuspegi estrategikoduna, eta epe motzeko edo norberaren intereseko tentaldiei uko egingo diona. Masa kritiko sozial nahikoaz ari gara, Herriaz, azken batean.

Orreaga iritzi taldea Bat ponentzia indartzeko lanean dabil, nazioarteko zuzenbidean estatu bat osatzen duten hiru euskarrietan oinarriturik: herri bat, lurralde bat eta gobernu bat.

Azkenik, ideiak izatea ez da nahikoa, nahiz eta onak izan. Indar metaketarik eta baliabide materialik, batez ere finantzariorik, ez badago, ezinezkoa da estrategia eraginkor bat formulatzea. Argi dago, horretan hartu behar dugu konpromisoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.