BERRIAk 2024ko maiatzaren 29an jakinarazi duenez, Mugimendu Sozialistari jaietan parte hartzen uzteko exijitu dute 150 kulturgilek. Izan ere, gutun bat sinatu dute, GKSk, Etxebizitza Sindikatuak eta Luberri Konpartsak Gasteizko eta Bilboko jaietan parte hartzeko aukera izatea eskatzeko. Guztiz zuzen eta bidezkoak iruditzen zaizkit eskaera eta erabiltzen dituzten argudioak: askatasunaren izenean, ezin zaio inori jai batzuetan parte hartzeko, ezta beste edozertarako ere, betorik ezarri eta, Mugimendu Sozialista taldeari beto hori ezarri badiote, erabat zilegi deritzot horren kontra agertzeari.
Honekin ez dut Mugimendu Sozialista horren alde nagoenik inolaz ere esan nahi. Oso gutxi ezagutzen dut mundu hori, ez nator bat haien jarrerekin, baina, lehenago esan dudanez, funtsezko balioa dugu askatasuna, eta, horregatik, guztiz bat nator 150 kulturgile horiekin egoera hori salatzeko orduan.
Arazoa, ordea, itxuraz ematen duena baino askoz sakon eta konplexuagoa dela uste dut, eta, horregatik, gai horri buruz nire iritzia eman nahi dut, guztientzat onuragarri izango delakoan.
Hasteko, hau esango dut: askatasunaren kontrako erasoak behin baino gehiago gertatu dira Euskal Herrian jai herrikoien eta txosnaguneen esparruetan, eta ez horietan bakarrik, zenbait pertsonaren eta talderen kontra, eta idazkiaren sinatzaileetako batzuk isilik egon dira eta ez dute tutik ere esan askatasuna errotik mozten zuten jarrera autoritario horien kontra.
Argi eta garbi mintza gaitezen: arazo hori, jai herrikoietan ez ezik, Euskal Herriko bizitzaren hainbat eta hainbat arlotan ere (euskalgintzan, bertsolaritzan bereziki, UEUn...) gertatu da eta adibide ugari eman daitezke. Batzuk aipatuko ditut: Imanol abeslariak pairatu behar izan zuena: behin baino gehiago iraindua izan zen, pintadak egin zituzten haren kontra, autoaren gurpilak zulatu zizkioten, jai herrikoietan eta txosnaguneetan une batetik aurrera —hartu zuen ETAren kontrako jarrerarengatik— kantatzeko aukera ukatu zitzaion, ezker abertzaleko sektore gogorren kontrolpean ziren espazio horietan. Jarrera lotsagarri horien kontra ezer egin al zuten idazkiaren sinatzaileetako batzuek? Imanolen jai herrikoietan kantatzeko eskubidearen aldeko aldarririk plazaratu al zuten? Nik dakidala, ez.
Kontuz! Interpretazio txarrik izan ez dadin, sinatzaile guztiak ez ditudala zaku berean sartzen argi esan nahi dut. Bernardo Atxaga dago haien artean eta, denok ondo dakigunez, betiere bakearen eta guztien giza eskubideen aldeko jarrera bat defenditu du. Beste batzuk, ordea, eta mintzeko asmorik gabe esaten dut, Imanolen eta disidente guztien kontrako boikota gertatu zen garaian isilik egon ziren eta orduko ezker abertzalearen jarrera gogor eta autoritarioenak defenditu zituzten. Ondorioak denok ezagutzen ditugu: Imanolek, pairatzen zuena ezin aguantatuta, erbestera alde egin behar izan zuen eta han hil zen, euskaldunen oniritzia eta maitasuna jaso gabe.
Gaiarekin jarraituz, Xabier Leteren kasua ere aipatu nahi dut. 1980an 33 pentsalarik indarkeriaren kontra idatzi zuten agiria izenpetzeagatik, mehatxuak pairatu zituen eta etxetik kanpo eman zituen hainbat egun, egin ziezaioketenaren beldur. Jon Martin Oiartzungo bertsolariak elkarrizketa batean dioenez, Oiartzunen, maitatua izan arren, haren ideiak defenditzeagatik talkaren bat izan zuen. Zer egin zuten orduan sinatzaileetako batzuek? Nik dakidala, ezer ere ez.
Jai herrikoietatik eta txosnaguneetatik aldentzen garen arren, euskal kulturaren alde garai batean egin zuen lan itzelarengatik ezin dut Jon Juaristi aipatu gabe utzi. Haren bilakaeraz nahi dena esango da, ni ere ez nator bat gaur defenditzen dituen jarrera batzuekin, baina frankismoaren kontrako borroka gogorrean parte hartu zuen, euskararen eta euskal kulturaren aldeko lan handia gauzatu zuen eta 150 kulturgileren gutuna sinatzen duen Atxagaren lagun eta kidea izan zen, kulturgintzaren arloan behintzat. Hark ere, pairatzen zituen mehatxuengatik, Euskal Herritik alde egin behar izan zuen.
Bukatzeko, eta interpretazio txarrak ekiditeagatik, jai herrikoietan eta txosnaguneetan indarkeria beste aldekoek ere praktikatu dutela argi esan nahi dut. Badakit Espainiako polizia-indarrek Euskal Herriko jai herrikoien kontra izugarrikeriak egin dituztela, eta adibideak denok ditugu gogoan (1978ko Iruñeko sanferminak, Josu Zabalaren hilketa 1976ko Hondarribiko jaietan, era basatian eragindako zaurituak eta hildakoak...). Hori denok gaitzesten dugu, baita nik ere, eta Espainiako Gobernuak egunen batean eskatu beharko du barkamena gertatutakoarengatik, baita egindako gaiztakeria onartu ere. Gauza batek, ordea, ez du bestea kentzen, eta artikuluaren hasieran esandakoa berresten dut. Eskubideak eta askatasuna, bai, baina guztientzat.