Askapen nazionala eta aniztasun politikoa

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
XXI. mendeko Europako politikak bloke handi hegemonikoen amaiera ekarri du. Gizarte eta ekonomia krisiak batzeak agerian jarri du kontinenteko sozialdemokraziak ez direla gai izan erantzun sendoak emateko, eta, aldi berean, politika neoliberalen eta kristau-demokraten alderdirik gaitzena erakutsi du, zeintzuk are populistago eta ultrakontserbadoreago bihurtzen ari baitira, salbuespenak salbuespen. Faktore bien ondorioz, hainbat talde sortu dira: ezkerrekoak, eskuinekoak, ezker muturrekoak eta eskuin muturrekoak; eta erronka berriak proposatu dizkiete Europako herritarrei. Erronka demokratiko kolektiboak, jakina, baina baita erronka politiko jakin batzuk ere duela soilik 25 urte itxuraz sendoak ziruditen talde politikoen bideragarritasunaren inguruan.

Europa osoan? Ez. Bada Nazioen Europa bat, eta jakitun dago ezen, eragile global bat izateko, bide federaletik jo behar daukala, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da estatu-nazio txikien batasunean oinarritzea; Alemania izan ezik, zeinak bai baitu federalismo garbi bat: landerrak. Nazioen Europa horretan, beren herrialdearen askapen nazionalerako prozesuan konpromisoa ageri duten indar politikorik dagoen jokalekuetan, indar horiek ez dute sumatu aldaketa handirik hauteskunde babesari dagokionez. Hori egitate bat da Euskal Herrian, egitate bat da Eskozian, Flandrian, eta hala da Katalunian ere.

Horrek ez du esan nahi Europako lau jokaleku paradigmatiko horietan ez denik aldaketarik izan indar politikoen korrelazioan —erne!, adi-adi egon behar dugu—, baizik eta zerbitzatzen duten gizarte horren babesa badutela, oraindik ere, independentziaren aldeko alternatiba demokratiko bat eratzearen alde diharduten indarrek; eta proiektu politiko hori, aldi berean, landu beharra daukagun aniztasun politikoa kudeatzearen aldeko elementu katalizatzaile bihurtzen da.

Katalunian, aniztasun politikoaren kudeaketa hori argia izan zen I-27ko hauteskundeen aurretik, eta argia izaten ari da I-27ko hauteskundeen ondoren. Hauteskundeen aurreko garaian ikusi ahal izan genuen —hilabete baliotsu batzuk alferrik galdu ondoren, hori bai— nola osatu zuten Junts Pel Siren hautagaitza bateratua, independentismoaren gizarte presioari eta Artur Masen lidergoari esker eta gizarte zibil antolatuaren laguntzarekin. Ideologikoki, hautagaitza oso transbertsala, babestua: Kataluniako gizarte zibileko pertsona ezinago nabarmenek, Convergenciakoek, Esquerrakoek, eta beste hainbat elkarte eta talde politikokoek: ulertu zuten ezen, aniztasun ideologikoaz harago, bazegoela estatu propio bat lortzeko erronka, ongizatearen estatu bat babestu, mantendu eta areagotu ahal izateko—litekeena baino litekeenagoa, Kataluniako herritarren ahalegin bateratuari esker—.

Bat egite horretan CUP ez sartu izana ez da ulertu behar —ni ez dut hala ulertzen— estrategia horretatik aldentze gisa, baizik eta osagarri gisa. Erran nahi baitut CUP Junts Pel Sin sartu izan balitz arrail izugarria eragingo zukeela ezker unionista edo erreformistak I-27ko hauteskundeetan botoak bereganatzeari begira. Junts Pel Sirekiko aldea nabarmenduz, CUPek hegal hori bete zuen, eta, ondorengo egintzek erakutsi dutenez, lortutako boto guztiak behar-beharrezkoak izan ziren parlamentua egonkortzeko itun bat ezartzeko, hauteskundeetatik hiru hilabetera; horrek bidea zabaldu zion Puigdemont presidentearen gobernuari.

Sarritan entzun ohi dugu naturaren kontrako itunak direla, besteak beste, Junts Pel Siren bat egitea, CUPena—hori ere beste batzuen bat egiteada—, eta parlamentua egonkortzeko ituna bera. Analisi hori zeharo faltsu eta interesatua da. Hain zuzen ere, tradizio politika ezberdinak batzeko gaitasunak, elkarren artean hitz egiteko gaitasunak eta itunak egiteko gaitasunak ematen du modua etorkizuneko hainbat jokaleku politiko ikertzeko, zeinetan errealitate politiko bat izango baita independentzia, eta ez inguruabarren araberako amu bat.

Aniztasuna kudeatzeko politika baliatzea bera da, berez, estatu ariketa bat. Imajina ditzakezuen estatu guztiek onartzen dute aniztasun ideologikoa beren naziotasunaren ezaugarri gisa, ezaugarri ezinbesteko gisa. Ezaugarri hori onartzea, politikoki estatu propio bat eratu ere baino lehen, berme bat da, eta ez dezala inork esan abisatuta ez dagoenik: benetan ari gara.

Gaur egungo paradoxa da, hain zuzen —eta iseka apurrik gabe ohartarazten dugu—, Katalunian gertatzen ari den ekintza politiko sakon hori bat datorrela denboran sainete ia komiko batekin, Espainian gobernu berri bat ezarri ahal izateko itun politikoen bila egiten ari diren horrekin. Ez da paradoxa txikia, itunik lortzeko gaitasunik ez izateak agerian uzten baitu aniztasun politikoa kudeatzeko gaitasunik eza, zeina bertan geratzeko heldu baita Espainiako Estatura.

Sozialistak eta PPkoak ez dira gai ulertzeko ez garai politiko berria eta ez estatuaren mapan arrapaladan sartu diren indar itxuraz berriak, eta horrek etorkizuneko jokaleku zalantzazko eta ezegonkor bat marrazten du. Eta, batez ere, agerian uzten du Espainiako egoera demokraziaren aurreko estatu batena dela, ez baitzion konponbide demokratikorik eman ustezko lehen trantsizio politikoari (sic!) —hain zuzen, 1978ko erregimena ezarri zen, 1939ko elite irabazleekin adosjarrita—, eta etxeko lanak egin beharra baitauka bigarrengo trantsizioan —oraingo honetan benetakoa—. Horretarako, ordea, ez daude prest oraindik, ez estatuaren arkitektura instituzionala, ez borrokatu beharra daukaten hondar politiko gaiztotua bera ere.

Badirudi bi jokaleku horiek batzea aproposa dela Katalunian independentziaren alde garatzen ari garen proiektu politikorako. Nolanahi ere, esan dezakegu Kataluniaren historia garaikidean orain arte ez zaigula inoiz egokitu abagune aproposagorik. Abagune honetan, gu geu gara gure etorkizuneko protagonista eta gure etorkizunaren erantzule bakar.

Alegia, guk irabazi edo guk galduko dugu, eta guk bakarrik.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.