Erretiratua

Asimilazioa bere osotasunean

2024ko irailaren 17a
05:00
Entzun

Elkarrizketa sakon eta mamitsua egin zioten BERRIAn Joxe Manuel Odriozolari 2024ko abuztuaren 14an, eta azaltzen dituen planteamenduak gure herriaren egoera ulertzeko oso inportanteak direla kontuan hartuta, hausnarketa batzuk egin nahi ditut, Euskal Herrian herri gisa bizitzen ari garen asimilazioaren arazo larria haren dimentsio osoan errazago ulertzeko.

Hasteko, Joxe Manuelek egiten dituen planteamendu askorekin erabat ados nagoela argi esan nahi dut. Ezagutzen dugu elkar, eta adostasunak adostasun eta desadostasunak desadostasun, biok euskal aberri libre eta euskaldun bat defenditzen dugu. Gure hizkuntzaren eta kulturaren egoera larria argi, zuzen eta mingainean kosk egin gabe azaldu du behin baino gehiago idatzitako liburu eta artikuluetan, eta hainbat eta hainbat alderditan harekin identifikatzen naiz. Zehatzago esanda, nazionalismo espainiarrak eta frantziarrak Euskal Herriari egin dioten kaltea aipatzen du elkarrizketa honetan eta bat nator erabat.

Gogoratu besterik ez da egin behar Francoren diktaduran eta trantsizio garaian, baita geroago ere, pertsona euskaldun askok euskaraz bizitzen saiatzeagatik sufritu zutena. Adin batetik aurrerako euskaldunek gogoan iltzatuta izango dute diktaduraren garaiko eskoletan eta gizartean euskaraz hitz egiteagatik pairatu zutena, eta hori argi esan behar dugu.

Euskal Herrian dauden beste pertsona eta komunitate batzuen kontra sentimendu txarrik izan gabe, haiek ez baitute errurik, Espainiak eta Frantziak hainbat eta hainbat urtetan gure hizkuntzaren eta kulturaren kontra aurrera eraman duten asimilazio politika argi gaitzetsi behar dugu. Halaber, sarturik gauden berradiskidetzearen ziklo berri honetan, egun batean guri egindakoa aitortu beharko dute, Euskal Herriak politika zapaltzaile baten ondorio gogorrak sufritu zituela jende guztiak jakin dezan. Jakina, berdintasunean oinarritutako elkarbizitza baketsua defenditzen dut hizkuntza eta kultura guztien artean, baina norberari justiziaren arabera dagokiona eman behar zaio horretarako, baita lehenaldian egindako bidegabekeria aitortu ere.

Dena den, Odriozolaren planteamenduarekin, oro har, bat natorren arren, ñabardura batzuk egingo dizkiot, gaiaren konplexutasuna ulertzen lagunduko digutela uste baitut. Asimilazioari eta integrazioari begira, PSOEren estrategia mila aldiz eraginkorragoa dela eskuin muturrarena baino esaten digu elkarrizketan Joxe Manuelek. Gai hori oso eztabaidagarria iruditzen zait eta azalduko dut zergatik. Planteamendu teoriko eta filosofiko baten arabera egia izan daitekeen arren, ez dugu errealitatea inolaz ere ahaztu behar. Historian zehar gertatu den legez, Espainiako eskuindarrek boterea hartuko balute, PSOErekin baino askoz sufrimendu handiagoa izango genuke euskaldunok, eta ez dugu oso urrunera joan behar esaten ari naizenaren larritasunaz jabetzeko. Bai, Espainiari nahi duguna argi eta garbi esateko euskaldun guztiok herri gisa elkartzea izango litzateke egoera ideala. Herri gisa, ez dugu, ordea, horretarako indarrik, eta hori dela eta, Euskal Herriari herri libre bat izateko eskubidea aitortuko dion Espainia libre eta demokratiko bat dugu une honetan gure irtenbide bakarra. Nazio-arazoari dagokionez, Espainiako ezkertiarrak ez direla fidatzeko modukoak? Badakigu, baina, nire ustez, hori da gaur egun Euskal Herriaren aterabide bakarra.

Amaitzeko, ziklo berri honetan sartu ginenetik, ia konfrontaziorik gabe Espainia gu irensten ari dela hizkuntzari, nortasunari eta kulturari dagokienez esaten du elkarrizketaren bukaeran Joxe Manuelek. Ados nago, baina, nire ustez, Espainiaren indarra ez da asimilazioaren arrazoi bakarra. Euskal Herriak oso egoera gogorrak (borroka armatua, errepresioa, torturak, presoak...) bizi izan zituen aurreko zikloan, eta, horregatik, herri gisa oso nekatuta gaude. Euskal arazoari dagokionez, neke handia dago euskal gizartean gaur egun. Neke horrengatik, besteak beste, ez gara konfrontazio baketsuan oinarritutako estrategia bat martxan jartzeko gauza, eta, jakina, Espainia gure ezintasun horretaz baliatzen da, haren hizkuntz, nortasun eta kultur asimilazioarekin jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.