Euskal Herrian, betidanik antolatu izan diragoi mailako kirol lehiaketa pilo bat, bai amateur eta bai profesional mailan, besteak beste, gurean, zaletasun handia egoteaz gain, antolakuntza mailan ere, seriotasunaren bidetik, gauzak txukun egiteko gaitasuna demostratu delako. Hala, txalotu baino ez federazioek, elkarteek, kirolariek, zaletuek eta bestek egiten duten lana, ia denek musu truk, benetan goraipatzekoa delako.
Baina hori hala izan arren, ezin ukatu gurean badirela tartean lehiaketa batzuk kirol irizpideetatik haratago pentsatuta eta bultzatuta antolatzen direnak; alegia, plus berezi baten estrategian murgilduta egiten direnak, eta, gainera, nire ustetan, zoritxarrez, azken hamarkada honetan gurean ugalduz doazenak. Zergatik ote?
Kirolak, jende ugari erakartzearekin batera, nolabait «engantxatzeko» edo bereganatzeko gaitasuna du, eta batik bat modalitate indartsuenek: geurean, futbola, errugbia, txirrindularitza, saskibaloia, pilota, arrauna... Esan daiteke gizarte honetan kirola fenomeno soziala ere bihurtu dela, eta, ondorioz, lehiaketa edo kirol proba horiek kirol irizpideetatik haratago doan mezu interesatu bat zabaltzeko tresna eraginkorrak ere badirela. Ikusi baino ez, futbolaren kasuan,Espainiarrek «la roja» selekzioarekin edo frantziarrek berearekin emaitza onak lortzen dituztenean zer gertatzen den eta nola erabiltzen duten kirola mezu interesatu baten bitartez bere aberriaren apologia egiteko.
Euskal Herriari nazio gisa dagozkion eskubideak aldarrikatzeko garaian, besteak beste euskal selekzioaren ofizialtasuna, federazio nazionalak, euskal txartela…, askotan leporatu zaigupolitika ez dela nahasi behar kirolarekin, eta hori egitea erabilera politikoa baino ez dela. Alde horretatik ezin ukatu nazio aldarrikapenak beti doazela bokazio politiko baten barruan, bestela aldarrikapenak berak zentzua ere galduko lukeelako.
Euskal selekzioaren aldeko iritzi taldea, ESAIT, ia hogei urte aritu da euskal selekzioaren defentsan, kasu batzuetan ofizialtasuna aldarrikatzeko egitasmoak eta ekitaldiak antolatzen, eta, besteetan, herri honen muinean kirolaren bitartez espainiartasuna sortzeko antolatutako lehiaketei, besteak beste Espainiako txapelketei, Espainiako bueltari eta besteri, publikoki gure oposizioa eta haserrea azaltzeko egitasmoak antolatzen.
Alde horretatik, 2011n, Eusko Jaurlaritzan boterea kudeatzen ari ziren PPk eta PSEk bultzatuta, antolatzaileek erabaki zuten, hainbat urteren ondoren, Espainiako itzulia berriro Euskal Herriko errepideetara ekartzea, eta, batik bat ikusita aipatu bi alderdien helburu nagusia normaltasunaren bidetik gure herria ere Espainia dela aldarrikatzea zela, erabaki genuen, beste hainbat eragileren babesarekin, publikoki gure desadostasuna azaltzea eta, Espainiako itzulia Euskal Herrian sartzen zen momentuan, Muñecas mendi gaineangure ekimen xume bat antolatzea giro baketsuan, hau ez da Espainia Euskal Herria baizik aldarrikatzea Txirrindularitzari bai, inposaketari ez lelopean. Eta berdin egin genuen—alegia, ekimenak antolatu— 2012an Iruñean eta Eibarren eta 2014an Lakuntzan itzulia berriro Euskal Herriko errepideetatik barrena ibili zenean. Kontziente baikinen PPrentzat eta PSErentzat Espainiako itzulia beraien helburu politikoak indartzeko estrategia baino ez zela, gure herrian txirrindularitzarekiko dagoen zaletasuna aprobetxatuz .
Erabakia aurretik hartuta bazegoen ere, 2015eko martxoaren 21ean egin genuen publiko ofizialki taldearen disoluzioa, gerora ekimen batzuk antolatu izan badira ere selekzioaren aldarrikapena ardatz hartuta, ESAITen izenean ez izan arren. Erabakia euskal selekzioaren alde lanean ari diren guztien arteko sinbiosia eta elkarlana lortzeko xedez hartutakoa zela argudiatzen genuen, eta, horregatik,indarrak batu eta Euskal Herrira beste egoera bat ekartzeko mugimendu berri bat eratzera dei egiten genuen. Ateak irekita utzi genituen, eta egun horrela jarraitzen dute.
Aurten, berriro, kilometro gutxi batzuk izango badira ere,Espainiako itzulia euskal errepideetatik barrena ibiliko da larunbat honetan, Gasteizen abiatuta eta etaparen amaiera Alto Campon izango dela.
Nik dakidanez, oraingoan ez da egon, nik ez dut ikusi behintzat inon, publikoki irizpide kritikorik itzulia Euskal Herrira ekartzearen aurrean, eta ez dut uste ezer antolatuta dagoenik. Ez dakit hemendik aurrera Espainiako itzuliaren moduko lehiaketek eta txapelketek zer moduko harrera eta tratamendua jasoko duten gurean euskal eragile eta herritarren partetik. Alegia, orain arte bezala ikuspegi kritiko eta aldarrikapen ikuspegitik baloratuak izango diren, edo normaltasunez onartu eta ongietorriak izango diren; alegia, beste batzuek dioten moduan, kirola eta politika nahastea ez delako komeni.
Agian, gaurko nire hau Espainiako buelta eta antzeko egitasmoak gurean normaltasunez hartzen ikusteak etapasibo egoteak barruan sortzen didaten kilikaduraren ondorioa baino ez da. Baina uste dut isilik eta eskuak gurutzatuta zain egoteak ez digula nazio gisa, ezta kirol aldarrikapenean ere, inongo onurarik ekarriko. Horregatik, izenburuan nioen modura, nire zalantza zera da: zergatik ote? Asimilazioaren seinale, ala ezintasunaren ondorio? Auskalo!
Asimilazioa ala ezintasuna? Auskalo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu